Izarne Sarasolak beste bi urtez jarraituko du, gutxienez, Realean
Lehen taldearekin 2019an debuta egin zuen Ibarrako atzelariak gero eta protagonismo handiagoa izan du azken denboraldietan.
Realak ostegun honetan jakitera eman duenez, Izarne Sarasolak beste bi urte emango ditu, gutxienez, talde txuri-urdinean, 2026ko ekainera arteko kontratu berria sinatu baitu. Zubietako harrobiak emandako azken talentuetako bat da Ibarrako atzelaria eta «etxean» jarraituko du beste bi urtez, umetatik egindako ametsa egi bihurtuz.
22 urteko hegalekoa duela sei urte heldu zen Realera, kluba bere bigarren taldea osatzen ari zen garaian eta ordutik aurrera, urratsez-urrats, gora egiten joan da lehen taldean erabat egonkortzeraino. 2019an egin zuen debuta lehen taldearekin eta Natalia Arroyok gero eta minutu gehiago eman dizkio. Duela bi denboraldi 15 partida jokatu zituen, iaz 28 eta aurten, dagoeneko, 17 jokatu ditu nahiz eta konpetentzia handia izan eta denboraldia amaitzeko 17 partida eta Kopako finala geratzen diren arren.
«Seigarren urtea da hemen eta oso pozik eta ilusionatuta nago beste bi urtez jarraitu ahal izango dudalako. Etxeko jendearekin eta nahi dudan lekuan nago, txikitatik izandako amets bat da heen egotea eta beste bi urte hauek orain arteko ilusio berarekin hartuko ditut eta espero dena ondo joatea», azaldu du taldeak ekoiztutako bideo batean.
Esker oneko hitzak
Tolosan hasi ostean, bere ibilbide ia osoa Realean eman du Izarne Sarasolak eta klubari oso eskertua agertu da «aurrera pausoak emateko aukera eman didatelako», baina baita Zubietan bera eta taldea animatzera joaten diren zaleekin. «Oso maitatua sentitzen naiz, jokatzen dudanean asko animatzen naute, gainean ditut eta eskerrak eman nahi nizkieke eta horrela jarraitzeko eskatu», gaineratu du.
Azken asteburuan F Liga geldirik egon ostean, larunbatean estreinatuko du Sarasolak bere kontratu berria. Realak Sporting de Huelva, partida bakarra irabazi duen azken sailkatua hartuko du Zubietan eguerdiko hamabietatik aurrera.