INFO

Osasunerako Mundu Erakundeak «imajina zitekeenaz haraindiko» txikizioa aurkitu du Jan Yunisen

OME Osasunerako Mundu Erakundeak jakitera eman duenez, Gazako Jan Yunis hirian ez dute eraikinik eta biderik osorik utzi Israelen erasoek. «Imajina zitekeenaz haraindiko» txikizioa aurkitu dutela adierazi du, eta ospitaleek berriz funtzionatu dezaten laguntza eskaini du.

Nuiserat ere bonbardatu du Israelek. (AFP)

Rik Peeperkorn OME Osasunerako Mundu Erakundearen Palestinako lurraldeetarako buruak adierazi duenez, Jan Yunis hirian, Gazako hegoaldean, «imajina zitekeenaz haraindiko» txikizioa aurkitu dute. Izan ere, Israelen erasoen ostean ez da eraikinik osorik geratu, ezta biderik ere.

Peeperkornek misio humanitario batean parte hartu zuen duela bi egun, Al-Naser, Al-Amal eta Al -Kair ospitaleen egoera zehazteko, Jan Yunisen. Hiru osasun instalazioak erabili ezin izateko moduan utzi ditu Israelek, ziurtatu dutenez, «oxigenoa, ura, elektrizitatea edo hustubide-sistema hornitzeko aukerarik gabe».

Ospitaleetatik harago, Peeperkornek azaldu du Jan Yunis hiriaren suntsipena «neurriz kanpokoa» dela: «Hautsa eta hondakinak baino ez daude». Izan ere, OMEren biltegiei ere eraso egin diete.

Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du ingeniari biomediko bat egoera aztertzera eramateko asmoa dutela, egiaztatu dezan badabiltzala diruditen hainbat ekipo berreskuratu daitezkeen edo ez.

Al Amaleko ospitaleko eraikina beste ingeniari espezializatu batek ikuskatuko du, segurua den zehazteko, Peeperkornek azaldu duenez: «OMEk otsail amaieran egindako azken bisitatik egiturazko kalte izugarriak jasan ditu».

Hala ere, ospitaleko zuzendariak eta zenbait langilek zaurituak eta haurdunaldietako larrialdiak artatzeko ekimena abiatu zuten, eta datorren astetik aurrera funtsezko hainbat zerbitzu eskaintzen hasteko asmoa daukate. Peeperkornek ziurtatu du OMEk behar duten laguntza guztia emango diela, oraindik zutik dauden ospitaleek berriz ere funtzionatu dezaten.

Bonbardaketak Gazan eta erasoak Zisjordanian

Israelek berriz ere bonbardatu du Gaza, Hamasek jakitera eman duenez. Hamasek jakinarazi du dozenaka etxebizitzari lehergailuz eraso dietela Nuseirateko errefuxiatu-esparruan, eta Al-Zahra, Al-Mughraqa eta Al-Maghazi bonbardatu dituztela, Gaza erdialdean.

Al-Daraj auzoan 25 pertsona hil dituzte bonbardaketa batean. «Egoera izugarria da eta okerrera egiten jarraitzen du, bonbardaketek ez dute etenik», azaldu du 39 urteko Imad Abu Shawishek.

Zisjordanian ere burutu ditu erasoak Israelek. Bi palestinar hil eta beste hiru zauritu ditu ostiral goizalde honetan Tubas hirian, Zisjordaniako lurralde okupatuaren ipar-ekialdean, pertsona talde bat atxilotzeko sarekada militar batean.

Ilargi Gorriko larrialdi zerbitzuak jakinarazi duenez, bi palestinar hil dituzte: bat Al-Farako errefuxiatuen kanpamentuan, Tubas hiritik gertu, eta beste bat bere ibilgailuaren barruan zegoela.

«Oso armatuta» zeuden soldadu israeldarrek goizaldean erasotu dute hiria, bost orduz, eta kaleetan eta kalezuloetan zabaldu dira, tokiko iturriek Wafa Palestinako albiste agentziari zehaztu diotenez. Al Farako kanpamenduan tiroz hildako palestinarra ez du inork miliziano gisa identifikatu; autoan hildakoa, ordea, Izz ad Din al-Qasam Brigadetako kidea da.

Tentsioa Israelen eta Iranen artean

Iranek apirilaren 1ean Siriako hiriburuan duen kontsulatuaren aurkako bonbardaketaren erantzulea izatea leporatzen dio Israeli eta mehatxuak gero eta kezka handiagoa sortzen du. Zazpi pertsona hil zituzten erasoan, haietako bi jeneralak.

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak ostegunean hitz egin zuen Lloyd Austin Pentagonoko buruarekin, Iranen balizko eraso bati aurre egiteko prestaketaz. «Iranek bere lurraldetik erasotzen badu, Israelek erantzun eta eraso egingo dio Irani», ohartarazi zuen Israel Katz kantzilerrak.

Bitartean, Ali Jamenei Irango buruzagi gorenak (Israelen etsaia eta Hamasen aliatua dena) berretsi zuen Israel «zigortua» izango dela. Etxe Zuriak Israeli erasotzeari uko egin beharko liokeela ohartarazi zion Irani, eta Antony Blinken Estatu idazkariak Teheran konbentzitzen saiatzeko eskatu zien Txina, Turkia eta Saudi Arabiako bere homologoei.

Baina, Hossein Amir Abdollahian Irango Kanpo Harremanetarako ministroak Teheranek bere kontsulatuaren aurkako bonbardaketaren ostean erantzuteko «beharra» defendatu zuen, Alemania, Australia eta Erresuma Batuko bere homologoekin izandako elkarrizketetan.

Hamas, negoziatzeko prest

Ismaili Haniye Hamaseko buru politikoak adierazi du, Israelen eraso batean seme-alabak eta bilobak hil baizkiote ere, ez dutela jarrera aldatuko, hots, ez dutela eragingo su-etena lortzeko negoziazioetan.

«Gazan su-eten argi eta iraunkorra deklaratzeko beharrarekin dugun konpromisoa berresten dugu», gaineratu du, «erretiratze osoa eta Gazan dauden desplazatuen itzulera murrizketarik eta oztoporik gabe» barne hartuko dituena, baita laguntza humanitario gehiago eta berreraikuntzaren hasiera ere.

«Gure baldintzak betetzen ez badira, Hamasek ez du akordiorik egingo», zehaztu du Haniyebek. Bestalde, Qatarrek, Egiptok eta Ameriketako Estatu Batuek, su-eten bat lortzeko bitartekari-lanak egiten ari direnek, Israelek eta Hamasek borrokak eteteko egindako azken proposamenari erantzun zain daude, Gazan gatibu hartutako israeldarrak askatzea aurreikusten duena.