INFO

Gure Esku, galdeketen urtemugan: «Hautetsontziak gure etorkizuna erabakitzeko ere nahi ditugu»

Josu Etxaburu Etxarri Aranazko ekitaldian iragarri duenez, bi urteko dinamika martxan jarriko du Gure Eskuk: «Erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena gizartean zabaldu eta herri gisako autoafirmazio ariketa kolektibo erraldoia egingo dugu». Lehenengo galdeketen hamargarren urtemugan izan da.

Josu Etxaburu Etxarri Aranatzen egindako ekitaldian. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

«Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, bai, eta konpromiso bat hartzen dugu bi urtetako dinamikarekin; erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena gizartean zabaldu eta herri gisako autoafirmazio ariketa kolektibo erraldoia egingo dugu. Herri gisa aurkeztuko gara munduan, euskal herritik mundura eta herri libre bat, zazpi lurralde elkarrekin, askotarikoa, kohesionatua irudikatu eta zabalduko dugu».

Hala iragarri du Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak larunbat honetan Etxarri-Aranatzen egindako ekitaldian. Bertan gogoratu dute 2014ko apirilaren 13an egindako herri galdeketa, «erabakitzeko eskubidearen aldeko olatu txiki bat».

«Jarraian, beste 207 herrik lekukoa hartu zuten eta olatu txikia erabakiaren uholde bilakatu genuen. Soilik gure baliabideekin, 208 herritan miloi bat herritarrei eman zitzaien bozkatzeko aukera. eta 218.000tik gora lagunek sartu zuten haien botoa hautetsontzietan», gaineratu du. Beraren esanetan, «herri galdeketa haiek erakutsi ziguten posible zela, era demokratikoan erabakitzea badela aukera bat, eta hala egin dezakegula herri libre baten bidean».

Zentzun honetan, argi utzi Gure Eskuk badakiela zein den norabidea, «badakigu nora joan nahi dugun. Hautetsontziak ez ditugu nahi soilik lau urtean behin gure erakundeetako ordezkariak aukeratzeko. Hautetsontziak herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko ere nahi ditugu. Horixe da, bereziki, gaur hemen gogoratu nahi duguna».

Autodeterminazioaren aldeko Caucus

Gogoratu du Autodeterminazioaren aldeko Caucusaren eskutik aditu talde batek Europako Parlamentuan aurkeztu berri duen araubide proposamenak ohartarazten duela Europako herrien burujabetza «guztiz bateragarria dela Europako Batasunaren zuzenbidearekin. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko baldintzak adostea bat dator demokraziaren oinarri eta balioekin. Ez adostea, ordea, antidemokratikotzat jo daiteke».

«Herri libre bat izan nahi dugula erakusten jarraitu behar dugu. Nonnahi. Noiznahi. Kalean. Errepideetan. Mendian. Korrika. Oinez. Elkarrekin. Hamaika eratara. Gure artean saretu behar dugu, lurraldeen artean elkartu, norabide bera hartuz eta elkarrekin erabakiaren bidean aurrera pausuak emanez. Subirotasun auziari heltzeko aukera guztiak baliatu behar dira. Ez ditugu alferrik galtzen utziko», gaineratu du.