Emakume bat bere alabarekin izango da hauteskunde-mahaian, guraso bakarreko familia izan arren
Emakume bat bere alabarekin izango da Bilboko hauteskunde-mahai batean datorren igandean. Helegite bat aurkeztu zuen guraso bakarreko familia dela arrazoituz, baina ez dute onartu.
Emakume bat izango da igandean Bilboko hauteskunde-mahai batean bere 18 hilabeteko alabarekin. Mahaiburu izendatuta izan ondoren guraso bakarreko familia zela alegatu zuen, baina errekurtsoa atzera bota dute.
Ingurukoek kanpaina bat bultzatu dute halako egoerak salatzeko sare sozialen bidez, «familia eta kontziliazio familiarra izatea eta hauteskunde-mahaian egotea ezinezko misioa delako».
«Futbolak mareak mugitzen baditu, gu ere bai. Zarata egingo dugu, aspertuta gaude kontziliazioari buruzko hitz hutsak entzuteaz. Guraso bakarreko familia izatea hauteskunde-mahaian ez egoteko arrazoi automatikoa izatea eskatzen dugu», gaineratu dute.
Adierazi dutenez, onartezina da hauteskunde-batzordeak «ziurtzat jotzea guraso bakarreko familiek laguntza edo baliabideak dituztela egun horretan adingabe bat zaintzeko».
Hauteskunde Batzordearen erabakiaren aurrean, emakumeak esan du bere haurrarekin joango dela hauteskunde-mahaira. Bere nahia da etorkizunean araua aldatzea, halako familien eskubideak babesteko.
Adineko gurasoak
Bere esanetan, bere gurasoak adinekoak dira eta haietako bat gaixorik dago. Ahizpa, berriz, EAEtik kanpo bizi da. Egoera hori frogatzeko dokumentazioa ez zuen jaso helegitean, esan ziotelako ama bakarreko familia zela bakarrik egiaztatu behar zuela.
Dioenez, ebazpenaren aurka ezin da administrazio-errekurtsorik jarri.