INFO

Altuna: «Txapelketak prestatzeko asti asko izan dudanetan ez zait ondo joan»

Unai Lasok positibotzat jo du «faborito argi» bezala ikusten duen amezketarraren aurka ligaxkako lehen jardunaldian jokatu beharra, horrela gainetik kentzen duelako, balizko finalera arte. Onartu du ez dela bere momenturik onenean, baina gogotsu da.

Unai Laso eta Jokin Altuna Bilbon izandako material aukeraketaren ostean. (Oskar_MATXIN_EDESA/FOKU)

Txapelketako lehen partidak, are gehiago urtean zehar horren gutxitan jokatzen den Buruz Buruzkoa bada, beti sortzen du kezka berezi bat. Zalantza horiek handiagotu daitezke, Jokin Altunaren kasuan bezala, azkenaldian kirolari orok behar duen jarraikortasunik izan ez bada, baina amezketarra lasai eta konfiantzaz lepo agertu da igandean Unai Lasoren aurka jokatu beharreko lehiaren aurretik.

Lau eta Erdikoan izandako sorbaldako arazoak, Binakakoan lehertutako ezker eskuko zaina eta, behin finala jokatuta, dezenteko egurra eman zioten gaixoaldiak ez dio Buruz Burukoa nahiko lukeen bezala prestatzen utzi, baina «ondo iristen naiz, saiatu naiz aste hauetan fisikoki eta eskuetatik indarberritzen eta ondo iristen naiz, aitzakiarik gabe», azaldu du Bizkaia pilotalekuko material aukeraketan.

«Beti esan izan dut, aukeran jarrita, asko entrenatzeko denborarekin edo apenas entrenatu baina txapelketetako finalak jokatuta heldu, bigarrena nahiago dut. Horrek ematen du konfiantza eta denok nahi duguna, prestatzeko denbora asko izan dudanetan, sekula ez zait ondo irten», gaineratu du. Alde horretatik, ez du uste, Unai Lasok dagoeneko txapelketan partida bat jokatu izanak mesede handirik egingo dionik nafarrari.

Bizkarreta-Gerendiaingoak ere argi du, aldakako ebakuntzaren ostean, Binakakoan egindako errodajearen ostean ez datorrela «ezkutuan, baina aurten ez naiz nire baldintzarik onenetan heldu izandako lesioaren ostean».

Hori bai, bere izaerari leial, gerra emateko asmo irmoarekin hartu du parte aurtengo Buruz Burukoan. «Hasteko gogo handiekin nator, niretzat sari moduko bat da hau. Urte oso zaila izan da eta berriz ere onenen artean lehiatzen aritzea handia da niretzat. Gainera lehen partidan emandako mailarekin oso gustura geratu nintzen, egiten ari naizen entrenamenduetan ere oso gustura ari naiz eta lehen helburua fisikoki ondo egotea da eta onenen aurka lehiatzeko moduan ikustea. Oso partida zaila daukat, baina irabazteko aukerak ditudala iruditzen zait».

Altuna faborito

Hainbeste, ezen, dentistarenganako bisita bezala, lehenbailehen paretik kentzea onuragarria iruditzen zaion Unai Lasori. «Azkenean, lehen partidan pilotaririk zailena paretik kentzen duzu et ez duzu berriro bere aurka jokatu beharrik, balizko final batean izan ezik», aitortu du.

Izan ere, Baikoko aurrelariak Jokin Altuna jotzen du txapela janzteko faborito handiena. «Azkenean, nik uste jokatzen dituen partida guztietan dela faborito. Erregularrena da, urte luzez erakutsi du eta nik nire partida egitera joan behar dut».

Amezketarrak aparteko garrantzirik gabe jaso du bizkarrean jarri nahi izan dioten zama. «Denbora daramat kantxara faborito gisa irteten eta horrek ez dit aparteko presiorik eragiten. Zama nire gainetik kentzeko ez dizut esango bera denik faborito, horrekin ez baita ezer aurreratzen», azaldu du gipuzkoarrak.

Azken urteetan nolabaiteko areriotasuna ikusi nahi izan dute batzuek Altuna eta Lasoren arteko demetan, enpresa bakoitzeko aurreko koadroetako izarrak izanagatik eta zenbait final eta partida garrantzitsutan topo egin dutelako, baina, gaur gaurkoz, bakoitzak bere partida egitean dituzte jarriak pentsamendu guztiak.

«Nik uste banaka sakea berebiziko garrantzia hartzen ari dela, baina hortik aparte, gauza asko egin behar dira ondo; pilotak gozatu egin behar dira, aurretik pilotari eman egin behar zaio eta gero amaitzen asmatu. Unairen aurka ezinezkoa da partida osoan zehar agintzea, kontziente naiz nik ere momentu zailak pasako ditudala, baina une horietan gogor egin, saiatu pilota ahalik eta urrutien jartzen eta esandakoa, helburua da partidan zehar agintzea», esan du Jokin Altunak.

Pilota egokiak Materialaren aldetik, ez dirudi, partida eder bat ikusteko aitzakiarik egongo denik, bi pilotariek oso gustura amaitu baitute saskian aurkeztu zaienarekin. «Antzeko pilotak dira laurak, lotea gustatu zait. Nireak agian lurrean pixka bat azkarragoak dira baina, ziur nago, berak aukeratu izan balu lehenengo, hauek aukeratuko zituela berak», aipatu du Altunak eta Lasok ere ez die bainarik topatu, nahiz eta, jokatu ahala, «jaitsiko diren».