INFO

EH Bilduk inbertsio funts publiko baten alde egin du: «Finkatuz ez da tresna eraginkor bat»

Oskar Matute EH Bilduko kidea Zamudioko Parke Teknologikoan egon da, Euskaltelen egoitzaren atarian, enpresa hau Iñigo Urkulluren gobernuen «politika industrialik ezaren, ikuspegi estrategikorik ezaren eta lidergo ekonomikorik ezaren» adibide dela nabarmenduz.

Oskar Matute, EH Bilduko beste kide batzuekin batera, Euskaltelen egoitzaren atarian. (EH Bildu)

EH Bilduk Zamudioko Parke Teknologikora eraman du asteazken honetan hauteskunde kanpaina, Euskaltelen egoitzaren atarira, enpresa hori Urkulluren gobernuen «politika industrialik ezaren, ikuspegi estrategikorik ezaren eta lidergo ekonomikorik ezaren ondorio eta adibide paradigmatikoa delako», Oskar Matute diputatu eta Bizkaiko hautagaiak adierazi duenez.

Matutek gogora ekarri du Euskaltel 1990eko hamarkadan sortu zela bultzada eta diru publikoarekin telekomunikazioen sektore estrategikoan, baina, urteak pasa ahala, «Jaurlaritzaren pasibotasunak eta zuzendaritza-taldearen borondateak, enpresaren erabateko pribatizazioa eta irabazi partikularrak bilatu baitzituen», ateak ireki zizkieten espekulazio-funtsei, eta azkenean Euskaltel sektoreko erraldoi baten esku geratu da. «Prozesu horren ondorioz, gaur Euskaltel ez da existitzen enpresa independente gisa, marka komertzial bat baino ez da».

Beste toki batzuetan horrelako egoerak gertatu direnean gobernuen jokaera eta jarrera guztiz ezberdinak izan direla azpimarratu du hautagaiak. «Gobernuen erantzuna bestelakoa izan da: aktibatu dira, halako operazioak eragotzi dituzte edota enpresen kapitalean sartu dira haien gaineko kontrola galtzea saihesteko eta errotzea bermatzeko; hemen, aldiz, gure herriarentzat hain garrantzitsua eta hain sinbolikoa zen enpresa hori galtzea ekarri duen prozesuaren konplize izan da Jaurlaritza».

Honekin batera, beste konpainia «estrategiko batzuek ere deslokalizatu dituzte euren erabakiguneak edota produkzioa, Gamesa eta Ibermatica kasu», nabarmendu du Matutek. Jaurlaritzaren politika ekonomiko eta industrial faltari EH Bilduko kideak «industria politika aktibo baten beharra» kontrajarri dio, «politika bat, zeinak finantza-tresnak izango dituena enpresa estrategikoetan inbertsioa eta partaidetza publikoa edo erdi-publikoa ahalbidetzeko».

Alde horretatik, EH Bilduko diputatuak «finantza gaitasuna eta giharra izango duen inbertsio funts publiko bat» sortu beharra aldarrikatu du, «inbertsio egokiak egiteko ikuspegi eta planifikazio estrategikoa izango duena, horixe baita 2012tik eskatzen ari garena».

Horren harira, gogorarazi du Jaurlaritzak Finkatuz funtsa duela, «teorian lan hori egiteko», baina «errealitateak erakutsi du Finkatuz ez dela tresna eraginkor bat izaten ari, finantza zuzkidura eskasa duelako, ez nahikoa, sortu zenetik bere baliabide ekonomikoen heren bat baino ez duelako aktibatu hiru operazio bakarrik egiteko, eta horietako bik, Kaiku eta CAF kasuek, ez zuten xedetzat arriskuan zeuden enpresak errotuta mantentzea, baizik eta Kutxabank-en desinbertsio prozesuek utzitako hutsunea betetzea».

Kutxabanki buruzko debatea irekitzea

Tresna finantzario indartsuak dituen industria politika ekintzaile eta aktibo horren defentsaren baitan, Matutek «Finantzen Euskal Institutua banku publiko bihurtzea» ere proposatu du, «enpresei zein instituzioei finantza-gaitasun handiagoa emateko», eta ildo beretik, iragarri du EH Bilduren asmoa dela «Kutxabanki buruzko debatea berriro irekitzea, euskal ekonomiari eta industriari egiten dion ekarpenaz, gure herrian daukan inbertsio-ahalmenaz eta haren kontrol publikoaz eztabaidatzeko».

Halaber, kapital pribatua ere mobilizatzearen garrantzia nabarmendu du, «inbertsio pribatua suspertzeko neurriak hartzeko, eta, adibidez, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak inbertsio produktibora bideratzeko hemengo sare industrialaren barruan».

Azkenik, Deslokalizazioen aurkako Legea EH Bilduk sustatu zuela gogorarazi du Matutek, «deslokalizatzen diren enpresek urteetan jaso dituzten dirulaguntza publikoak itzultzeko obligazioa izan dezaten», eta funtsezkotzat jo du «ekosistema industrial indartsu bat finkatzea, enpresei hemen errotzeko arrazoiak emango dizkiena».

Aragones eta Murphy, kanpaina amaierako ekitaldian

Bestalde, koalizioak jakinarazi duenez, Pere Aragones, Kataluniako Generalitateko presidentea, eta Conor Murphy, Irlanda iparraldeko finantza ministroa, Plaza Berrian izango dira ostiralean, EH Bilduren kanpaina amaierako ekitaldian.