EAJ eta PSE Osakidetzaren «gainbeheraren errudun» gisa kokatu ditu EH Bilduk: «Zer egin dute?»
Kanpainan EAJ eta PSE Osakidetzari dagokionez egiten ari diren promesen «sinesgarritasun eza» nabarmendu du EH Bilduk Arabako Ospitale Unibertsitarioan. «Orain guztiak dira promesak, baina zergatik ez dute hori guztia egin Gobernuan egon diren bitartean?», galdetu du Rebeka Uberak.
EH Bilduk Osakidetzako «langile guztien lana eta eskuzabaltasuna» txalotu eta eskertu ditu ostegun honetan Gasteizen, Arabako Ospitale Unibertsitarioaren aurrean, Lakuak osasun arloan egin dituen politiken ondorioei aurre egiteko «ahalegin berezia, gain-esfortzu bat, egin behar izan dutelako, herritarrek ahalik eta arreta egokiena jaso dezaten».
Rebeka Ubera hautagaiak azpimarratu duenez, «langileak izan dira Osasun Sistema Publikoa sostengatu behar izan dutenak», EAJk eta PSEk egin dituzten politikek «sistema gainbeheran ipini dutelako».
Horren ildotik, Uberak ohartarazi du bi alderdi hauek hauteskunde-kanpainan Osakidetzari dagokionez egiten ari diren promesak «orain arte egin dutenaren kontra» doazela, eta, beraz, «ez dute inolako sinesgarritasunik». «Zur eta lur ikusten ari gara nola, hauteskundeak iristen direlako, nola Osakidetzaren gainbeheraren errudunak, Osakidetza gaur egun duen egoerara eraman dutenak, Osakidetzako langileen iritziak eta aldarrikapenak mespretxatu dituztenak, nola ari diren esaten Osakidetza guztion artean, langileekin batera, sendatu eta indartu behar dela. Orain? Urteetako mespretxuen ondoren? Urteetako inposizioen ondoren?».
Hautagaiak gogora ekarri du alderdi horiek «ez dituztela orain planteatzen ari diren neurriak hartu» Gobernuan egon diren bitartean, eta galdera utzi du mahai gainean: «Orain guztiak dira promesak, baina zergatik ez dute hori guztia egin Gobernuan egon diren bitartean? Denbora sobran izan dute, eta ez dute ezer egin. Zergatik sinetsi behar diegu orain? Ez dute sinesgarritasunik. Orain ezin dira etorri, kanpainan gaudelako, halako promesak egitera, orain arte, aukera izan duten arren, kontrako norabidean aritu direnean. Ez da serioa. Jendeak errespetu handiagoa merezi du».
Aldiz, EH Bildu, «Osakidetzaren defentsan prest egon diren guztiekin elkarlanean» aritu dela defendatu du Uberak. «Konbentzimendu osoa dugulako Osasun Sistema Publikoa guztion artean eraiki behar dugula, langileekin, sindikatuekin, herri plataformekin, elkarteekin». Horregatik, hauteskundeen ostean ere «gure eguneroko lanean bide horretan jarraitzeko konpromisoa» berretsi du, «Osasun Sistema Publikoa elkarrekin berreraikitzeko».