Brebet azterketa osorik euskaraz iraganen dela baieztatu du Hezkuntza Ministerioak
Euskararen Erakunde Publikoari igorritako eskutitz baten bidez brebet azterketa osorik euskaraz iraganen dela baieztatu du Nicole Belloubet frantziar Hezkuntza Ministerioak. Baxoari dagokionez, Ahozko Handiaren atal bat euskaraz egin ahalko dute Seaskako ikasleek.
Nicole Belloubet frantziar Hezkuntza ministroak brebet azterketan euskararen presentzia murrizteko harturiko azkenekeko erabakiak bertan behera utzi ditu.
Hala, 2019. urterarte indarrean zegoen eskema berreskuratuko dute Seaskako ikasleek.
2024ko azterketetan «eskualde hizkuntzei egokitutako tratamendua» berreskuratzeko erabakia jakinarazi dio, eskutitz baten bidez, Hezkuntza ministroak Maider Behotegi Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakariari.
Gauzak horrela brebet azterketa euskaraz idatzi ahalko dute Seaskan ikasten duten ikasleek.
Jakin behar baita Hezkuntza Ministerioak hartu duen erabakia bakarrik murgiltze ereduan jarduten duten ikasleei zuzendua dela.
Sare elebidunean, berdin ikastetxe publikoetan zein eskola giristinoetan, jarduten duten ikasleek ez dute kolegioa amaitzerakoan eginen den azterketa euskaraz pasatzeko aukerarik izanen.
Lizeoa bukatzerakoan egiten den baxoa azterketaren kasuan,‘hizkuntza, literatura, atzerri eta eskualde kulturak’ berezitasuna hautatu duten ikasleek aukera izanen dute 2024an Ahozko Handia izeneko frogaren atal bat euskaraz erantzuteko.
Azterketak Euskaraz dinamikaren emaitza
Joan zen apirilaren 5ean Seaskako berrehun bat irakaslek azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena astindu zuten, berriz ere, Baionan.
Elkarretaratze bate bidez azterketak ikasten duten hizkuntzan –eta baldintza egokietan– egiteko aukera ez zutela bermatuta Seaskan jarduten duten 200 ikaslek salatu zuten.
Ostiral honetan ezagutu den Hezkuntza Ministerioaren erabakiak brebet azterketa berriz ere «baldintza arruntetan» egitea bermatuko luke.
Hau da, frogen azalpenak eta dokumentuak euskaraz jasoko lituzkete ikasleek handik aurrera ikasten duten hizkuntzan azterketa osatuz.
Euskal ordezkarien eskaerak partzialki aintzat hartu ditu Parisek
Azterketen auzia aipatu zuen, apirilaren 11n, euskal ordezkaritza, Parisen.
EEPko lehendakari Maider Behotegik eta Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako arduradun den Antton Kurutxarri izan ziren Hezkuntza Ministerioaren ordezkariekin antolaturiko bileran, baita ondoko lau hautetsi hauek ere: Iñaki Echaniz (PS-Nupes) eta Vincent Bru (MoDem) diputatuak eta Max Brisson (Errepublikanoak, LR) eta Denise Saint-Pee (MoDem) senatariak.
Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin harturiko hitzorduak hartu zuen norabidea ikusita, euskal ordezkaritzak, bere kexa azaltzeko xedez, bilera bertan behera utzi zuen berehala.
Egoera horretan, Nicole Belloubeten «urgentziazko bilkura» galdetzeko askoa agertu zuten euskal ordezkariek.
Hezkuntza ministroak EEPko lehendakariari bidali dion eskutitzak partzialki bada ere euskal ordezkaritzak aipaturiko aldarrikapenak jaso ditu.
EEPko ordezkariek eta Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen Departamenduko diputatuek zein senatariek lau aldarrikapen eraman zituzten Parisera: brebetaren azterketen azalpenen itzulpenak; Seaskako ikasleek bezala, zientzietako azterketa euskaraz egiteko aukera sare publiko eta pribatuan eredu elebidunean jarduten duten ikasleei hedatzea; baxoa azterketaren ahozko frogaren atal bat eta hautaturiko ikasgai baten bukaerako idatzizko azterketa euskaraz pasatzeko aukera eta, azkenean, irakaskuntza elebidunaren eskaintzaren orokortzea.
Aldarrikapen horiek guztiak ez ditu onartu Parisek. Hala ere, azken garaian ezarritako murrizketa batzuk altxatu ondoren horrek aurreneko egoerara itzultzea ahalbideratuko dio Seaskari.
Oroitzearren, sei urteko borrokaren ondotik, 2023ko ekainean brebeta euskaraz egin ahal izan zuten Seaskako ikasleek. Hala, 2019tik indarrean zen egoera itzuli zen.
Jarraian, ordea, azterketen azalpenak aurrerantzean frantsesez izanen zirela ohar egin zuen Hezkuntza Ministerioak.
Belloubet ministroak bere gutunean idatzi duena betetzen bada ikasleek brebet azterketa osorik euskaraz pasatuko dute aurten.
Izan ere, 2025ean hezkuntza erreforma aurreikusten denez, ezin da jakin noiz arte iraunen duen gaur iluntzean ezagutu den konpromisoak.