CIE Orbelan Plasticoseko langileen greba erabateko jarraipena izaten ari da, ELAren esanetan
CIE Orbelan Plasticoseko langileek greba mugagabea hasi dute astelehen honetan, lan hitzarmenaren defentsan. ELA sindikatuak iragarri duenez, grebak erabateko jarraipena izan du eta Andoaingo eta Anoetako tailerrak itxita daude.
CIE Orbelan Plasticos enpresako langileek greba mugagabea hasi dute astelehen honetan, lan hitzarmena aldarrikatzeko. ELAk ohartarazi duenez, grebak erabateko jarraipena izan du eta Andoaingo eta Anoetako tailerrak itxita daude.
Automobilgintzako industriarako plastikozko piezak egiteaz arduratzen da CIE Orbelan Plasticos enpresa; CIE Taldeko parte da. 155 langile ditu Andoaingo eta Anoetako lantokietan. ELAk zazpi ordezkari ditu batzordean eta UGTk bi ditu.
«Hilabeteetako negoziazioaren ondoren, enpresak planteatutako azken proposamenak ez zituen plantillaren eskaerak jasotzen, eta, beraz, langile asanbladak erabaki du gaurtik aurrera greba mugagabea hastea», adierazi du ohar batean ELAk.
«Feminizatuta dagoen plantilla honek, soldaten igoeratan, gaueko prezioetako igoeratan, lanaldi jaitsieran eta lan poltsen orduen jaitsieran jarri du ardatza, besteak beste. Alde batetik, soldaten duintasunaren defentsan borrokatzen dute, eta bestetik, enpresak orduen poltsarekin duen erabileraren alde bakarreko erabakitze gaitasuna mugatzea», gaineratu du.
ELA sindikatuak nabarmendu duenez, «irmo borrokatuko» du lan hitzarmen «duin baten alde, hori baita kolektibo horrek pairatzen duen prekarietatearen aurka borrokatzeko modu bakarra».