Otegi: «Batura abertzalea edo ezkerrekoa egongo da? Ala gobernu baztertzaileen bila doaz?»
Arnaldo Otegiren ustez, EAEko herritarren gehiengoak gobernu ezkertiarrago eta abertzaleago baten aldeko botoa eman zuen igandean, eta indar instituzionala bi mandatu horien baitan artikulatu behar dela esan du, «gobernu baztertzaileak» lehenetsi beharrean.
EH Bilduren «haziera ikusgarriak», 100.000 boto eta sei aulki gehiago lortuta, aldaketa jadanik gauzatu dela erakusten du, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinardore nagusiaren ustez. Bere hitzetan, EAEko herritarrek adierazi dute EAJrenak baino politika ezkertiarragoak nahi dituztela, eta erabaki dute Legebiltzarra PSEk nahi baino abertzaleagoa izan dadila. «Herri mandatu» hori bete dadin galdegin du, berriro ere «gobernu baztertzaileak» osatu beharrean.
Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak baloratzeko bilera egin du astelehen arratsaldean koalizioaren Mahai Politikoak, eta Arnaldo Otegik prentsari azaldu dizkio bozen biharamuneko irakurketak. Pozik agertu da koordinadore nagusia, «aldaketa hemen dago» esanez. «Badago egiturazko tendentzia bat, ez soilik hiru lurralde hauetan, Euskal Herria osoan baitzik», aipatu du, gogoratuz herrialde osoko datuei erreparatuta EH Baik eta EH Bilduk 420.000 botoko langa gainditu dutela. «Atzo, finkatu baino, biderkatu egin zen joera hori», zehaztu du.
Otegiren esanetan, mapa politikoa aldatu egin da, eta ordezkatzen duen taldearen igoera «egiturazkoa» dela berretsi du. EAEko hiru lurraldeetatik bitan (Araban eta Gipuzkoan) garaitu duela zehaztu du, eta azpimarratu plaza handiak eta garrantzitsuak ere irabazi dituela: hasteko, Gasteiz, baina baita Eibar, Lasarte-Oria eta Bastida ere. Iruñean jada gobernatzen dutela oroitu du, eta Donostian «berdinketa teknikoa» izan dela, EAJ boto gutxirengatik gailendu baitzitzaion EH Bilduri.
«Portzentajean eta aulki kopuruan jeitsi egin dira»
Igandeko emaitzek bi ondorio garbi erakusten dutela esan du Otegik. «Legebiltzar berrian, 75etik 55ek pentsatzen dugu Euskal Herria nazio bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela. Eta, gainera, 40 legebiltzarkide ezkertiarrak izango dira, hor beste gehiengo absolutu bat dago», adierazi du. «Herri mandatuak», beraz, gobernu ezkertiar eta abertzalea eskatu duela baieztatu du, eta ziurtatu du EH Bilduk jaso dituen boto guztiak «politika abertzaleago, subiranistago eta ezkertiarragoak» bultzatzeko erabiliko dituela.
EAJ eta PSEri berdina egiteko galdegin die, gogoratuz, gainera, koalizio gobernuak 2 aulki galdu dituela hauteskunde autonomikoetan. «Aliantza hertsietan egon direnak bototan ez, parte-hartzea handiagoa izan delako, baina boto-portzentajean eta aulkietan jaitsi egin dira», esan du. Jendeak «gobernantza eredua» aldatzeko gogoa adierazi duela baieztatu du.
«Batura abertzalea edo ezkerrekoa egongo da? Ala gobernu baztertzaileen bila doaz?», galdetu du. «EAJk ulertu beharko luke badagoela gehiengo bat beraiek planteatzen dituzten politikak baino ezkertiarragoak nahi dituela, eta PSEk ulertu beharko luke %70a abertzalea dela», gaineratu du.