INFO

Gernika-Lumoko Ospitaleko larrialdietan langileen falta dagoela salatu dute

Gernika-Lumoko Ospitalean larrialde zerbitzuan erizain eta erizaintzako laguntzaileen falta dago eta ezin da arreta behar bezala bermatu. Hori dela eta, plantilla handitzeko eskatu dute Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta SAE sindikatuek.

Gernika-Lumoko Ospitalea. (LAKUAKO GOBERNUA | EUROPA PRESS)

Gernika-Lumoko Ospitaleko larrialdi zerbitzuetako langileek plantilla eskasa dutela salatu dute. «Gaur egun, egiturazko plantilla erizain-talde eta erizaintzako laguntzaile talde eskas batek osatzen du, eta, asteko une jakin batzuetan, kategoria bakoitzeko beste profesional baten errefortzu puntualak ditu. Oraingoz, Zuzendaritzaren erantzuna une jakin batzuetan langile gehiago egotea izan da, oporraldietan adibidez; baina hori ez da nahikoa zerbitzu horren beharretarako, plantillaren iritziz», azaldu dute.

Gogoratu dutenez, erizainek eta erizaintzako laguntzaileek urteak daramatzate Barrualde-Galdakao ESIko Zuzendaritzari langileak falta direla eta lan karga handiegia dutela nabarmenduz.

Ezin da bermatu larrialdi guztiak artatzea

Egungo egoeran bizi arrisku egoera bati (bihotz-biriketako bizkortzea, adibidez) langile guztiek (bi erizain eta laguntzaile bat) dena utzi behar dute larrialde hori artatu ahal izateko, protokoloak horrela agintzen duelako. Ondorioz, gainerako larrialde zerbitzuak ezin dira bermatu. 

«Azken urteetan, larrialdi-zerbitzu horretan arreta-eskaera nabarmen handitu da, bai eta artatutako egoeren larritasuna ere. Lehen mailako arretaren egoera kaskarra dela eta, larrialdietako zerbitzua gehiegi kargatzen da, eta Lehen Arretan artatu ezin den guztia bere gain hartzen du, tratamendu kronikoak, sendaketak, injektagarriak eta abar barne, eta osasun-zentroak itxi ondoren ere eman behar dira», gaineratu dute.

«Hala ere, igoera horri langile kopuru berarekin egin zaio aurre, eta horrek eragin handia du lan-baldintzetan, batez ere lan-kargetan eta arrisku psikosozialetan», salatzen dute.

Gauzak horrela, Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta SAE sindikatuek Barrualde-Galdakao ESIko Zuzendaritzari erizainen eta erizaintzako laguntzaileen plantilla handitzeko eskatu diote eskaerari aurre egin ahal izateko eta herritarrei zerbitzu osoa eta kalitatezkoa bermatzeko.

«Plantilla handitzeak hobekuntzak ekarriko lizkieke herritarrei, itxaronaldiak arinduko liratekeelako eta, batez ere, larrialdietako pazienteen segurtasuna bermatuko litzatekeelako, maila horretako ospitale baterako ezinbestekoa dena», azpimarratzen dute.