Otegi: «Espainian demokratizaziorako ateak irekitzen badira, hemen ados jarri behar dugu»
EH Bilduren Batzar Nagusian Arnaldo Otegi koordinatzaileak hartu du hitza, eta Gasteizko Parlamentuko osaera espainiar Estatuan ematen ari den egoerarekin lotu du. Koordinatzailearen ustetan «erregenerazio demokratikoa» bultza behar da Euskal Herritik, Espainiak izaera plurinazionala onar dezan.
EH Bilduk Batzar Nagusia egin du ostegun honetan Arrasaten. Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeen balorazioa eta egungo testuinguru politikoaren irakurketa egiteko baliatu dute. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiaren hitzetan espainiar Estatuaren demokratizaziorako ateren bat ireki daiteke, eta euskal herritarrek hori baliatzea ezinbestekotzat jo du, «Espaniak, behingoz, bere izaera plurinazionala aitortu dezan».
«Espainiar Estatuan erregenerazio demokratikoa pendiente dago, 78tik dago pendiente hori», gaineratu du Otegik. Eta gehitu du demokratizazio programa horren baitan ulertu beharko litzatekeela «nazio arazoei irtenbide demokratiko bat ematea». Gogoratu du Gasteizen eratuko den legebiltzarrean 54 eserleku abertzale eta 40 ezkertiar daudela, «eta uste dugu eratzen ari diren gobernu programa horrek ezin dituela hipotekatu gehiengo horiek». Nazio estatusean «jauzia» emateko garaia da EH Bilduren ustez.
Madrilgo egoerari erreparatuta, momentu honetan, beste hainbaten artean euskal ezker independentistak «sostengatzen» duela Pedro Sanchez buru duen gobernua oroitarazi du. EH Bilduren ustez ezkerrekoa eta independentista den blokeak programa bat egin beharko lukeela azaldu du: «Erreforma demokratikoen programa bat egin behar da, Estatuaren demokratizazioari helduko diona. estatu horretan esparru eta botere ez-demokratikoak daude, bizitza politikoan eragiteko gaitasuna duten hainbat botere mantentzen dira, judiziala esaterako».
Horregatik, eestatuko hainbat aparatu demokratizatu behar direla eta izaera plurinazionala onartu behar dela aldarrikatu du: «Ez dago inbestidurarako blokerik ez bloke aurrerakoirik, proiektu aurrerakoirik ez badago».