Irudi eta eredu; lehiakortasunetik, aldarrikapenetik eta hurbiltasunetik
Goi-mailako kirolean, lehiakor izateko, norberarekiko eta besteekiko exijentzia baina, aldi berean, zaleenganako hurbiltasun keinuek daukaten garrantziaren inguruan solastu dira Bera Berako jokalari Alba Menendez, Esther Arrojeria, June Loidi, Maddi Aalla eta Elke Karsten.
Irudi eta eredu izatea ez delako soilik lehiatzea, kantxan zure onena ematea. Harago doan fenomenoa izan daiteke: lidergotik hurbiltasunera; lehiakortasunetik aldarrikapenetara. «Kantxan agian ez zait hainbeste ikusten, baina daude beste kontu batzuk hainbeste ikusten ez direnak eta bete egin behar direnak», dio Alba Menendezek, Bera Berako kapitainaren ikuspegitik.
Zarauztarra 15. denboraldia ari da jokatzen lehen taldean. 17 urterekin iritsi zen, Tati Garmendia izan zuen kapitain hasieran eta ondoren, Matxalen Ziarsolo. Bere eredu izan dira eta oraindik ere, egoera zehatz batean, galdetzen dio bere buruari ea «Matxalenek nola kudeatuko zukeen».
«Taldeko dinamikak asko aldatu dira. Iritsi nintzenean Tati [Garmendia] zen kapitaina, taldea ere zaharragoa zen, gazte gutxiago geunden eta dinamika beste bat zen. Denboraren poderioz, neu ere aldatu egin behar izan naiz, ikasi egin behar izan dut eta egokitu. Oraingo gazteek ez dute onartzen lehen onartzen ziren gauzak, onerako eta txarrerako, eta hauek kudeatzen jakin behar da», hausnartu du Menendezek.
«Ez dizut esango dena demokratikoki erabakitzen dela baina galdetzen saiatzen gara; taldearen onena bilatzen saiatzen gara galderen bitartez», gehitu du Esther Arrojeriak, bigarren kapitainak.
Bera Beraren ikurrak dira biak, Bera Beraren irudi eta eredu. Hala baieztatzen du egun taldekide den June Loidik ere. Elgoibartarra txikia zenean Donostiara gerturatzen zen eta sekula ez zuen imajinatu egun batean Bera Berako jokalari izango zenik.
«Jokalarien alde borrokatzen duen» kapitain bezala deskribatzen du elgoibartarrak Menendez eta bere diskurtsoan ere ederki azaleratzen da kualitate hori. Donostiako Aquariumean klubak antolatutako mahai-ingurua –portzierto, ‘Irudi eta eredu’ izenburupean, Iris Moreno kazetariak gidatua– ederki probestu zuen baldintza hobeak aldarrikatzeko.
«Borrokak izan behar du %100ean profesional izatea. Duela urte batzuetatik 11 hilabetez kobratzen dugu baina lortu behar dugu urteko 12 hilabetetan izatea eskubaloiko jokalari profesional. Honek sakrifizio ekonomiko handia suposatzen du baina helburuak hori beharko luke», esan du, ahobizarrik gabe.
Ikasketak, osasun mentala...
Guztiak dira kontziente ez direla biziko eskubaloitik, ikasketek berebiziko garrantzia izan zutela lehen eta izan behar duela belaunaldi berrietan ere. «Dena ez da kolore arrosakoa. Ikasi egin behar da. Barakaldon bizi nintzenean goizetan Gasteizera joaten nintzen ikastera; Donostiara etorri nintzenean ere bai eta arratsaldean, bikoiztu egiten nituen entrenamenduak, taldekideen lana parekatzeko. Sakrifizioa da baina ematen dizun guztia gaindiezina da», iritzi du June Loidik.
Arrojeriari, bere esperientziatik –duela 12 urte debutatu zuela Bera Beran– lana eta eskubaloia uztartzeak burua orekatuta izaten laguntzen dio. Kiroleko buruhausteetatik ihes egiten du erizain arropa janzten duenean, eta alderantziz.
Hain zuzen ere, oreka aipatuta, Maddi Aallak osasun mentala izan zuen hizpide, beste kontu batzuen artean, «presio handia jasaten baitugu». «Espero da titulu guztien borrokan egotea eta presio horrekin bizitzen ikasi behar dugu, denborarekin ikasten da. Gaur egun oso normalizatua da osasun mentalaren gaia eta horrek egiten du jokalariok ere modu naturalean jorratzea. Kirol ibilbide batean etapa ezberdinetatik igarotzen zara eta ongi dago laguntza eskatzea», adierazi du. Atepean, gainera, nahiko bakarrik sentitzen direla eta taldeko beste atezainarekin sintonia ona edukitzea funtsezkoa dela nabarmendu du. Kasu honetan, ez Alice ‘Diva’ Silvak ezta Plentziako atezainak ere ez dute jarraituko Donostian hurrengo denboraldian.
Kirol psikologoaren figura aurreko urteko urtarrilean sartu zen, nolabait, Bera Beren talde teknikoaren barnean. Aurretik, beste egoera batean, lan eginda zeuden psikologo batekin baina oraingoak jarraipen handiagoa dauka. Hau ere bada garaiak aldatu direnaren seinale, bai eta jokalarien iritziak garrantzi gehiago edukitzea, ez soilik taldean, baita erakundean bertan ere. «Orain bidaiatzeko bi aukera baldin badaude, zuzenean guri galdetzen digute ea zer nahi dugun edo zer komeni zaigun», onartu du Aallak.
Exijentzia
Aldatu ez dena exijentzia maila da: altua, norberarekiko zein bestearekiko. Guztiek nahi dute irabazi, are gehiago Bera Bera bezalako talde batean jokatuta. Gipuzkoarrak azken hilabete erabakigarrienean murgilduta daude. Larunbat honetan Malagaren aurka jokatuko dute ligako finalerdietako joanekoa, Gascan, 19.00etatik aurrera. Eta hurrengo astean, Kopako azken fasea jasoko du Donostiak.
«Hainbeste hilabeteren ostean, nekea igartzen da, bai fisikoa eta mentala, baina denboraldiko garai politenean gaude bai eta gogorrenean ere. Bihotzarekin jokatzen diren partidak datoz», azaldu du atezain bizkaitarrak. «Partida oso bereziak izango dira», adierazi du elgoibartarrak, zeinak onartu duen Kopa bere jendeaz inguratuta jokatzea baino ezer bereziagorik ez dagoela.
Bi erronka handi ditu taldeak: ligan zein Kopan finalera sailkatu eta irabaztea. Iaz, ligako finalerdietan kale egin zuen eta Kopa irabazi; duela bi urte, Kopa Donostian jokatu zenean, alderantziz: liga irabazi eta Kopan finalerdietan kanporatu. «Larunbatean irabaztea ez da soilik onuragarria itzulerako partidara begira, baizik eta sekulako hauspoa da Koparako, oso gogotsu gaude», esan du Elke Karstenek, zeinak, argentinarrek kantxan erakusten duten kemena oinarri hartuta egin dituen hausnarketak.
«Egiten dudana pasio handiz egiten dut eta gustatzen zaidanetik bizitzeko zortea daukat. Disfrutatzen dugunean eta pasioa jartzen diogunean, dena errazagoa bilakatzen da», esan du Quilmesekoak. Bere gertukoenen «besarkada sendagarrien» hutsunea dauka egunerokoan baina goi-mailako eskubaloian jarraitzeko hautua «beraiengatik» egiten duela ere argi dauka.
Zaleekin lotura
Bakoitzaren rola, pistan zein pistatik at, taldearen kohesiorako oinarrizkoa dela uste du Karstenek eta era berean, belaunaldi berriekiko ikur izatearen «ardura» nabarmendu nahi izan du Aallak. Menendezen ustez, «gazteek zorte handia daukate gu bezalako ereduak edukitzean, guk ez baikenuen apenas emakume erreferenterik izan». Hain zuzen ere horregatik, beraiek eduki ez zuten eredu hori islatu nahi izatearen ondotik, «ahalik eta gertukoenak izaten saiatzen gara». «Jende normala moduan ikusten gaituzte eta horrek are bereziago egiten du harremana», berretsi du Aallak.
«Ilusio asko egiten du jendea zuregana hurbiltzea, Junek gu jokatzen ikusteak ere esan nahi du zahartzen ari garela [barrezka]. Baina oso polita da zure taldekide batek zu erreferente moduan ikustea eta sekulako hauspoa da hurbiltzen den jende oro. Emakumezkoen eskubaloiaren hazkundearen islada ere bada eta horren arrazoietako bat duela bi urte Donostian antolatutako Kopa da, jende asko harrapatuta geratu zen», azaleratu du Arrojeriak.
Edizio hori bukatzean, nahiz eta garaikurrik altxatu ez, Menendezek taldearen nahia azaleratu zuen: berriro Bera Berak Kopako azken fasea antolatzea. Iritsi da momentua eta kapitaina ziur dago antolakuntza aldetik hobekuntza asko emango direla eta jende gehiago hurbilduko dela. Koparen bultzada hori bihar bertan ere sentitu nahi dute, berebiziko garrantzia duen ligako partidan: «Noski irabaztea da helburua eta nahia, baina ahalik eta jende gehien harmailan batzea gustatuko litzaiguke, animatzera etor daitezela, guk gure esfortzuarekin eskertuko dugu eta bi indar horiek batzen baditugu, gauza oso politak etor daitezke».
‘Indar urdina’ da aurtengo leloa eta bultzada horren une gorena izan zen Solaren aurkako EHF Europe Leagueko kanporaketa. Arrojeriak beti gogoratuko du, nahiz eta kanporaketa gainditu ez, bukaeran, zaleak bufandak eskuekin eutsi eta nola animatu zuen taldea: «Etxean jokatu ditugun partida garrantzitsu guztietan zaleek oso ondo erantzun dute. Sola harrituta geratu zen, esaterako, eta ez genuen kanporaketa pasa. Guk egin ahal dugun guztia da pistan %100 ematea, gure eskertzeko modua da hori».