INFO

Hasier Moreno: «Paisaiek sentiarazten didaten hori guztia itzuli nahi diot ikusleari»

Iruñeko Ziudadelako Bolborategiko horma sendo eta zurrunek bestelako proposamen bat jasotzen dute egunotan. Hasier Morenoren (Iruñea, 1989) akuarelak ikus ditzakegu bertan. Margolan libreak: ura, kolorea eta tonuaren arteko harremanak libreki arilkatzen dituztenak.

Hasier Moreno, ‘Pausa bat, hamaika paisaia’ erakusketako artelanekin, Iruñean. (Iñigo Uriz | FOKU)

Sarrerako horma zurian letra urdinez irakur dezakegu: ‘Hasier Moreno: Pausa bat, 11 paisaia’. Bertatik hasten da margolari nafarrak proposatutako erakusketaren bidaia, baina bide horri ekin aurretik, beste bidaia bati ere erreparatu nahi diogu: artistaren ibilbideari.

Haurtzaro eta gazte garaitik du gustuko Morenok marrazketa, gurasoek gonbidatuta akademia batean eman zituen lehen urratsak. Boligrafoa eta arkatza zituen teknika gustukoenak, baina bestelako tekniketan ere trebatzeko aukera izan zuen, besteak beste akuarelan. Pinpilinpauxa bat margotzea zen lehen egitekoa, bere hegaletako kolore guztiekin eta ertz ilunekin. Pigmentu beltza pintzelean hartu eta lehen zertzelada ematearekin baina ilundu zen erabat Hasier Morenoren pinpilinpauxa koloretsua eta baita margotzeko grinez borborka zen haurraren gogoa eta autoestimua ere. Lagunen barreek akuarelak bazter uztea ekarri zuten, eta urteetan zehar bihotzean iltzatuta izango zuen arantza bat ere bai.

Ia hamarkada bat beranduago bildu zuen indarra barruan zeraman arantza hori ateratzeko, eta horrela ekin zion akuarela teknikan trebatzeari. «Ez da teknika samurra, aldagai bizi batekin lan egin behar delako: urarekin, alegia». Ezin jakin urak zer bide hartuko duen, marrazkilariak ez du trazuarekiko erabateko nagusitasunik. Tentsio bat da Hasier Morenoren hitzetan, tentsio on bat. Alde batetik margolariak izan behar du koadroaren gidaria: berak aukeratuko ditu gaia, pigmentua, tonua, formatua... baina urak agintzen du, eta batzuetan utzi behar zaio bereak dituen efektu horiek sortzen ere. Beste hainbat alorretan bezala, honetan ere orekan dago koska, orekan zailtasuna, eta orekan arrakasta. Tentsio horretan datza akuarelaren gozamena ere. Energia asko eskatzen duen gozamena, dantza saio batek bezain xahututa uzten du Moreno gisa honetako koadro baten marrazketak.

Arantza atera du hortaz, eta horrekin batera iturri bat ireki ere bai, bere emozioak  pigmentu eta uraren arteko jolasean islatzeak erabat harrapatuta baitauka margolari nafarra.

 

(Iñigo URIZ | FOKU)

Eta hori da neurri handi batean Iruñeko Ziudadelako Bolborategian 25 obretan jasota ikusleak jasoko duena: emozio eta  sentimendu zaparrada bat. Erakusketa 3 zutabe ditu: lehenengoa natura da. Natura baliabide bezala ulertzen du margolariak. Iruñean, Nafarroan eta Euskal Herrian orobat  ditugun paisaien defendatzaile sutsua da Hasier Moreno. Bigarren zutabea kontenplazioa litzateke. Kontenplazioa jarduera aktibo bezala ulertuta. Ez da nahikoa paisaiak aurrean izatea, ikusteko gogoa izan behar da.  Hirugarren zutabea pausa da. Benetan paisaia hauek sentitu eta gozatzeko ezinbesteko aldagaia.

25 akuarela lanak Bolborategira egokitu  ditu: laukizuzena da aretoa, ezker eskuineko bi horma luzeenetan dimentsio ertain eta txikiko lanak kokatu ditu, ez nolanahi, elkarrizketa batean baizik. Hondoko  horman, dimentsio handiena duten 3 piezak.

Ibilbide librea

Erakusketa ikusteko ez dago ibilbide finko bat, ibilbide librea proposatzen du egileak. Baina egia da ezker eta eskuin, aurrez aurre dauden bi hormetan seina koadro ikusiko ditugula hasiera batean alde banatara: ezkerraldeko seietan zeruak dira nagusi, eskuinaldekoetan, berriz, lur eremuak. Kontrastean oinarritutako elkarrizketa hori bilatu nahi izan da lanen kokapen horrekin. Eta zeruen garrantzia azpimarratu, Hasier Morenok zerua ere paisaiaren parte den elementu bezala ulertzen duelako. Zeruak paisaiaren baliabide bezala eskaintzeko duena asko da, baina ez hori bakarrik: margolariak bere emozioak eta sentimenduak islatzeko aparteko baliabideak dira zeruak.

Aparteko arreta deitzen dute hondoko hormako ia metro koadroko dimentsioa duten 3  margolanek. Urrunetik begiratuta erretratuak dirudite. Gerturatzera gonbidatu gaitu margolariak: «Akuarelek badute efektu hori, urrunetik argazkiak dirudite, erabat aldatzen da ordea pertzepzioa gertutik begiratzean, trazu bakoitza ikusi dezakezu xehetasunez». Trazu gogor eta zehatzak, elkarren artean nahastu eta lotzen diren trazuak, gatzaren bitartez lortutako pikorrak... ikusiko ditu ikusleak. Akuarela bere izaterik puruenean defendatzen du Morenok. Zeruak margotzerakoan bai erabiltzen du pintzel berezi bat: japoniar jatorriko Hake motako pintzela. Ardi-ilez egiten dira, eta badute halako poetikotasun bat. Euria marrazteko edo zeru mugituak marrazteko apartekoak dira. Pigmentuei dagokionean, gris-urdindu bat du kuttuna, azken aldian pixka bat alde batera utzi nahian badabil ere, margolanak grisera eramaten dituelako. Paperari dagokionez, pikor lodikoa darabil.

Denetariko paisaiak jaso ditu bere pintzelaz Morenok: irudimenean dituenak dira batzuk, argazkitan jasotakoak besteak, eta badira zuzenean bertatik bertara margotutakoak ere, 3 margolan handienak kasu. Marrazki lehiaketetan margotutakoak dira. Tentsio handiko egunak izaten dira zuzeneko margoketakoak, eta lanek tentsio hori indar bilakatuta azaleratzen dute.

(Iñigo URIZ | FOKU)

Paisaia batzuetan arkitektura trazuak ere soma ditzakegu, baina urriak eta lausoak dira. Ogibide duen arkitektura marraztea ez du maite, marrazketa Morenorentzat arkitekturaren muga, neurri eta lege zurrunetatik aldentzen den zerbait delako. Guztiz kontrakoa, askatasuna da, emozioa da, begirada bat da, esateko gogo bat da, zirrara bat sortzeko grina da. Hori da erakusketa honekin lortu nahi duen azken helburua: «Ikusleak gerturatu eta esatea, zure koadro honek sentimendu hau edo bestea sentiarazi dit. Izan daiteke nik sentitu dudan gauza bera edo ez. Garrantzitsuena zerbait piztea da» azpimarratu du pintoreak.

‘Euria arimaren negarra’ dio, erakusketaren amaiera aldera ikus dezakegun paisaiari izena ematen dion lerroburuak. «Batzuetan zeru bat ikusteaz bat negarra ateratzen zait. Paisaia bati erreparatzean emozio zurrunbilo bat sentitzen dut. Hori guztia jaso nahi izaten dut nire margolanetan, eta ikusleari eskaini».

Lau urtaroak nafar paisaien kolore eta soslaietan jasota, basamortu idorren lur koloreak, mendi elurtuen itzal ilunek marrazten dituzten margo gabeko zuriak (bertaratzean ohartzen da ikuslea elurraren zuria papera berarena dela, itzalen trazuak marrazten dutela paisaia elurtua). Izena duten paisaiak, anonimoak, ikuslea jasotzen duten paisaiak, ikuslea bere handitasunean irensten dutenak, amaiera finiturik gabekoak... 25 markotan jasotako 11 paisaia. 11 paisaia eta pausa bat. Edo pausa bat, hamaika paisaia. Nahi bezala.