INFO

Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko mobilizazioak deitu ditu Ikamak maiatzaren 13rako

Ikama ikasle antolakundeak lanuzte eta mobilizazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko hiriburu eta eskualde buruetan, genozidioa salatu eta Palestinari elkartasuna adierazteko.

Ikama ikasle antolakundearen agerraldia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Datorren astelehenean, maiatzak 13, lanuzte eta mobilizazioak deitu ditu Ikamak Hego Euskal Herriko hiriburu eta eskualde buruetan, palestinar herriari elkartasuna adierazi eta genozidioa salatzeko. Mobilizazioak 12.00etan izango dira Donostia, Gasteiz eta Bilbon. Iruñean, aldiz, 19:00etan izango da.

Ikasle antolakundeak batean azaldu duenez, «mundu mailan hedatzen ari den olatuari segida emanez» antolatu ditu mobilizazioak.

Gogoratu duenez, Israelgo Estatua «Gazan egiten ari den sarraskiaren aurrean», Euskal Herrian hainbat izan dira mobilizazioak eta herri palestinarrari babesa adierazteko ekimenak.

Orain, ikasleriak «mobilizazio zikloaren lekukoa hartu eta unibertsitateetan kanpaldiekin egin bezala ikastetxe guztietara zabaltzeko unea» dela uste du Ikamak. Horretarako, aste honetan antolatutako ekimenetaz aparte, «jauzia eman» eta geldialdiak deitu dituzte maiatzaren 13rako.

Aurreratu duen oharrean salatu duenez, «Israelek palestinar herriaren erabateko desagerpena baino ez du helburu» eta horregatik uste du «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela «pauso bat aurrera egitea eta nazioartean ikasleria erakusten ari den determinazio eta erantzukizunarekin jarraitzea». Horretarako, ikasleria mobilizatzera deitu du, hezkuntza komunitatearekin batera.

Honela, Donostian, Bilbon eta Gasteizen 12:00etan abiatuko dira mobilizazioak. Gipuzkoar hiriburuan Bulebarretik eta bizkaitarrean Arriagatik. Iruñean, 19:00etan, Gaztelu plazan hasiko da manifestazioa.

Jakinarazi dutenez, beste herri batzuetan ere izanen dira protestak.