Uribe Kostatik Mecaner «biziberritzeko» deia egin diote Lakuari eta foro bat sortuko dute
Uribe Kostako hainbat eragilek eta bizilagunek dei egin diote Lakuako Gobernuari «Mecanerren biziberritzeari aukera ireki» ahal izateko. Honetaz gain, foro sozial bat sortuko dute konponbidea bilatzeko, «eredu bidezko eta jasangarriaren» bidez. Lehenengo bilera maiatzaren 28an deitu dute.
Mecaner lantegiaren itxiera «gure industria eta giza pasaian birmoldaketa basatia» dela jabetuta, aurrerapausoa eman dute Uribe Kostako eragileek eta bizilagunek, konponbide bila. Urdulizen ostegun honetan eginiko agerraldi baten bidez, batetik Lakuako Gobernuari enplazamendua luzatu diote, eta bestetik gune bat sortuko dutela iragarri dute, «non, demokratikoki eta denen parte-hartze aktiboaren bidez, gizarte eraldaketa bidezko eta jasangarrirako eredu bat diseinatzen has gaitezkeen, inor atzean utzi gabe».
Foro sozial honen lehen bilera maiatzaren 28an egingo dute, herrian. Eta aurretik, larunbat honetan Bilbon (eta Iruñean ere) «alternatiba ekosozial justuaren alde» deitu diren mobilizazioetara batuko direla eman dute jakitera. Agerraldian, militante ekologistak, eragile desberdinetako kideak, ordezkari instituzionalak eta herritarrak elkartu dira, guztiak batera.
Gogora ekarri dutenez, irallean Stellantis multinazionalak «gure eskualdeko enpresa historikoa ixteko agindua helarazi zien bertako 148 langileei» eta «borroka hilabeteak izan dira ondorengoak».
Testinguru zehatz batean gertatzen da hau: «Krisi ekologiko betean aurkitzen gara. Ikerketa zientifiko guztiek galdegiten dute mendebaldeko ekonomiak deskarbonizatu behar ditugula hurrengo hamarkadaren buruan: biodibertsitatearen galerari aurre egiteko neurri zehatzak eta azkarrak behar ditugula eta trantsizio energetikoa gauzatu behar dela klima larrialdiari aurre egiteko».
Horregatik, Mecanerrentzat langile batzordearen gehiengoak babestutako trantsizio plan ekosozialaren alde agertu dira eragile eta bizilagun hauek. «Kontziente gara ez zela erraza tamainako munstroari aurre egitea», onartu dute. Eginiko borrokaren balioa azpimarratu dute baina «zoritxarrez, ez du lortu enpresa zabalik mantentzea. Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzak bere erantzukizunari uko egin dio beste behin eta enpresaren interesen alde lerratu da», erantsi dute.
«Guk, ordea, ez dugu amore emango, Mecaner itxi bada ere, Urdulizen jarraitzen dute makinek eta instalazioek. Eraldaketa ekosoziala gauzatzeko alternatiba plana mantentzen da eta zutik dirau ere eskualde honetan trantsizioa modu justuan egiteko herri indar eta gogoa», ekarri dute gogora.
Lakuako Gobernuari hiru eskari
Gauzak honela, aipatutako foroa abiatzeaz gain, Lakuari eskaera zehatz batzuk helarazi dizkiote. Batetik, «bertan zer eta nola ekoiztu behar den proposatzeko jarraipen batzordea sortu behar da eta herritarron parte hartzea bermatu»; bigarrenik, «Mecaner dagoen tokian inolako proiektu industrialik garatu behar bada, ikuspegi ekologiko eta soziala izan dezala exijitzen dugu»; eta hauekin batera, «ezein proiektu industrialik baldin badago, bertan lanean egon direnekin egin dadila lehentasunez, suntsitutako enplegua berreskuratuz eta baldintza duinetan eraikitako kalitatezko enplegua dela ziurtatuz».