INFO

Murgilgo maldan: Ostolazaren kuadrillakoak, eta Otxe Oarsoaldeako hiru ziklista gazteak

Itzuliko azken etapa Murgilen erabaki da, hor Volleringek atzean utzi baititu aurkari guztiak. Giro lainotsua izan arren, jende ugari bildu da Murgilgo igoera gogorrean. Tartean, Ostolazaren kuadrillakoak, eta Otxe taldeko hiru neska gazteak, zeinak Gipuzkoako Txapelketa taldeka irabazi duten.

Txirrindulariak, Donostiako helmugara iristeko esprintean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Eguerdiko 12.00ak aldera Igeldoko Murgilgo saihesbidetik behera ez zegoen jende askorik, zale bakarren bat edo beste bazegoen txirrindulariei igotzen ikusteko toki egokiena begiratzen, besteren bat ere bizikletan igotzen edo oinez. 12.45ean iritsi behar zuen tropelak Murgilera, Portuetxe kaletik gorako errepide estu bezain maldatsura.

Murgilgo aldaparen amaieran, Mendizorrotzera joateko ihesbidetik 200 metro behera, Otxe Oarsoaldeako txirrindularitza eskolako hiru neska zeuden, gurasoekin batera. Itzuliko azken etapako Gurutze mendatetik jarraian etorriak, bigarren aldiz txirrindulariak hauspotzeko asmoz. Elgoibarkoak ez bezala, hauek Ane Santesteban ezagutzen dute. Atzo haien txanda izan zen: Zumaian korritu zuten Gipuzkoako Txapelketa, eta taldeka gailendu ziren. Horregatik, Itzuliko azken etapako podiumean egon dira. Sari polita, goi mailako txirrindulariak ezagutzeko.

Otxe Oarsoaldeko txirrindularitza eskolako neskak ez dira Murgilera hurbiltzen bakarrak izan. Oriako Txirrindulari eskolako haurrak ikusi ditugu, baita Danena Txirrindulari taldekoak ere. Laboral Kutxako maillota zeraman hamasei urteko gazte bat ere bazegoen.

Ostolazaren irribarre konplizea

Usoa Ostolaza Laboral Kutxako txirrindulariaren kuadrillakoak ere ez dute Itzulia galdu nahi izan, eta bertan zeuden Donostiako etapan, Murgilgo aldapa gogorrenean, haien laguna animatzeko prest.

Txirrindulariak iristeko hamar minutu eskas falta zirenean, Murgilgo azken 200 metroetako errepide bazterra betetzen hasi da, ezker zein eskuin. Gehienbat familiak zeuden, gurasoak haien haurrekin, baina baita jende gaztea ere, bizikletan etorrita, Itzulia bertatik bertara ikusteko aukera aprobetxatu dutenak.

Lehena pasatzen Demi Vollering izan da; herbeheretarrak hortzak estutu ditu, pedalei arin eragiten zien bitartean. Zertxobait atzerago, Juliette Labous, eta Amanda Spratt zetozen, herbeheretarraren erritmoari jarraitu ezinik, eta sufrimendu aurpegiekin. Zaleen txalo eta animoen artean joan dira pasatzen gainerako txirrindulariak.

Ane Santesteban iritsi denean, «Aupa Ane!» behin baino gehiagotan oihukatu dute zaleek. Nekatuta ikusten zitzaion Errenteriako ziklistari, baina gero ondo amaitu du lasterketa, hamabosgarren postuan helmugaratuta. Santesteban baino zertxobait atzerago heldu da Usoa Ostolaza. Bizikleta alde batetik bestera zeraman, ezker-eskuin, Murgilgo azken malda gogorra leundu nahian. Ezinean zegoen, haren kuadrillakoak ikusi dituen arte. Ezpainetan irribarre konplizea marraztu du, lagunen txalo eta animoen artean.

«Plazer bat da Van Anrooij bezalako txirrindulari bat ikustea»

Gainerako txirrindulariak pasatzen ari zirela, gizon batek Nadia Quagliotto Laboral Kutxako txirrindularia hauspotu du, baita Shirin van Anrooij ere. Azken hori ziklo-krossean aritzen da, eta gizonak ezagutzen zuen, ziklo-krossa asko jarraitzen duelako. «Plazer bat da Van Anrooij bezalako txirrindulari bat ikustea», adierazi du NAIZ Irratian. Itzuliko hitzordu garrantzitsua ez du galdu, «maila handiko lasterketa bat delako, kalitate gero eta handiagoa delako, emakumeak indar gero eta handiagoa dutelako, eta lasterketa gero eta luzeagoak egiten dituztelako».

Giroa lainotsua izan arren, jendea hurbildu da txirrindulariak bertatik bertara animatzera, eta punta-puntako ziklista onenak ikustea, txirrindularitzaz gozatzera, finean.