INFO

Adolfo Cengotitabengoa eta Jaime Iñiguez milizianoen gorpuzkiak senideei itzuli dizkiete

Zornotzako hilerrian aurkitutako Adolfo Cengotitabengoa eta Jaime Iñiguez milizianoen gorpuzkiak senideei itzuli dizkiete herrian egindako ekitaldi batean. Hilerriko hobian 36ko gerra garaiko 86 gudari eta milizianoren gorpuzkinak aurkitu dituzte momentuz, eta haietako bi identifikatzea lortu dute.

Adolfo Cengotitabengoa eta Jaime Iñiguezen senideek jaso dituzte milizianoen gorpuzkiak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ia 90 urteren ostean, senideei itzuli dizkiete Adolfo Cengotitabengoa eta Jaime Iñiguez milizianoen gorpuzkiak. Zornotzako hilerrian Aranzadi Zientzia Elkarteak aurkitutako hobian topatu zituzten, beste 84 pertsonaren gorpuzkiekin batera, eta herrian egindako ekitaldi batean haien senideei bueltatu dizkiete astelehen honetan. Bertan izan dira Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro, Lakuako Gizarte Politiken sailburu Nerea Melgosa eta Zornotzako Alkate Ainhoa Salterain, beste ordezkari publiko askoren artean.

Halaber, hilerriko indusketa lanen berri eman du Lourdes Herrasti Aranzadiko antropologo eta Zornotzako indusketa lanen arduradunak, eta garaiko testuinguru historikoaren inguruko azalpenak eman dituzte Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Museoko zuzendariak eta Anton Erkoreka Medikuntzaren eta Zientzien Historiaren Euskal Museoko zuzendariak.

31 urte zituela hil zuten Cengotitabengoaren alabak jaso ditu aitaren gorpuzkiak eta Iñiguezen ilobei eman dizkiete 19 urte zituela hil zuten osabarenak. Biak ziren Euskadiko Alderdi Komunistara atxikitako Perezagua batailoiko milizianoak, Muskizekoa bata eta Ortuellakoa bestea, hurrenez hurren, eta biak hil ziren egun berean, hots, 1937ko apirilaren 7an, Cengotitabengoa Barazarko frontean eta Iñiguez Amorebieta-Etxanoko Ospitale Militarrean.

Adolfo Cengotitabengoa eta Jaime Iñiguezen gorpuzkiak itzuli dizkiete senideei. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Adituen azalpenen ondoren Lakuako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde Jose Antonio Rodriguez Ranzek eta Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak bi milizianoen gorpuzkiak entregatu dizkiete senideei. Ohorezko aurreskua eskaini diete txistulari eta dantzariek eta, ostean, hitza hartu dute Jose Angel Zengotitabengoa eta Jaime Iñiguez senideek.

Zengotitabengoa, batetik, hunkituta mintzatu da. Aitaita zuen Adolfo, eta familiak bizi behar izan zituenak izan ditu gogoan, bereziki, amamak. Askatasuna balio gisa goraipatu du, «boladan dagoen eta desgastatzen ari den» hitza dela azpimarratuz.

Iñiguezek, bestetik, Urduñako memoria mahaiari, Aranzadiri eta Gogorari eskerrak eman dizkie eta zendutako amamari zuzendu zaio, behingoz, semea etxera eraman behar diotela eta.

Garaiko testuingurua

Miñambresek azaldu du Cengotitabengoa eta Iñiguez hil ziren egunean bertan tropa frankistek Barazarko bidea hartu zutela eta hurrengo egunean mendatea hartu zutela. Ehunka hildako eragin zituzten; Perezagua batailoiak, esaterako, milizianoen %60a galdu zuen, zauritu eta hildakoen artean. Anton Erkorekak garaiko ospitaleen funtzionamenduaren berri eman du, bereziki orduan Zornotzan zegoenekoan, testuinguru historikoa emate aldera, gaur egun ikastetxe baten egoitza baita.

Herrastik azalpenak hasi ditu oraindik lana bukatzeke dutela azpimarratuz eta gogora ekarri du orain arte egindakoa. Iazko maiatzean hilerriko gune mugatu bateko lagin bat aztertu eta ikusi zuten bazegoela hobi bat, 36ko gerra garaiko gorpuak zituena. Hipotesia konfirmatuta, abenduan ekin zieten lanei eta lehen fase horretan hamar gorputik gora atera zituzten, tartean gaur senideei itzuli dizkieten milizianoenak.

Orduan ikusi zuten hobiak bazuela jarraipena, eta aurtengo martxoan itzuli ziren bigarren faseari ekiteko. Guztira 86 pertsonaren gorpuzkinak aurkitu dituzte eta haiek identifikatzeko lanetan ari dira EHUko Biomics laborategi genetikoan. Badago oraindik tokia aztertzeke, mugatutako gunearen erdian lan egiteko aukera baino ez dutelako izan, eta zereginarekin jarraituko dutela ziurtatu du Herrastik.