INFO

CAFen Europar Batzordean Euskal Herriak «subjektu gisa» parte hartzeko akordioa sinatu dute

LAB, UGT, ELA, CGT, OSTA, ESK eta GTI sindikatuek akordioa sinatu dute CAFeko Europar Batzordean Euskal Herriak «subjektu gisa» parte hartzeko. Duela aste batzuk abiatu zen batzordea osatzeko prozesua eta eztabaidarako gune ez loteslea izango da.

CAFen Beasaingo lantokia. (Jon URBE | FOKU)

LAB, UGT, ELA, CGT, OSTA, ESK eta GTI sindikatuek akordioa sinatu dute Euskal Herriak subjektu izaera izan dezan CAFeko Europar Batzordean, LAB hasieratik batzordearen sorrerarekin kritiko agertu bada ere. Duela aste batzuk Poloniako eta frantziar Estatuko sindikatuek eskatuta abian jarri zen CAFeko Europar Batzordea osatzeko prozesua. Batzorde honetan Europako sindikatu ezberdinek eta zuzendaritzak parte hartuko lukete. Printzipioz, akordioa sinatu duten Euskal Herriko sindikatuek jakitera eman dutenez, foro honek ez luke erabaki sindikal loteslerik hartzeko eskumenik edukiko; aldiz, zuzendaritzaren ahotik informazioa jaso eta eztabaidarako gune bat izatea izango luke helburutzat.

Azaldu dutenez, lehen urratsa batzordearen funtzionamendua arautuko duen negoziaketa mahai bat osatzea izango da eta negoziaketa mahai horretan adostu beharko da estatu bakoitzari dagokion ordezkaritza. Hori horrela, horretarako baldintza batzuk ezarri dituzte LAB eta ELA sindikatuek.

Euskal Herriaren ordezkaritzari berezko subjektu gisa parte hartzeko eskubidea aitortzea galdegin dute, Europar Batzordean izango duen ordezkaritza aukeratzeko berezko gaitasuna izanik. Halaber, langileen edo ordezkari sindikalen kopuruagatik batzorde horretan eragile sozialei dagokien ordezkaritzaz gain, CAF taldean presentzia duten gainerako sindikatuen parte-hartzea bideratzeko formulak bilatu daitezen nahi dute.

Era berean, ELAk eta LABek azpimarratu dute langileen ordezkaritzaren askotarikotasuna bermatuko ez duten ordezkaritza sindikal murriztuko foroak sortzearen aurka daudela. Hori dela eta, ez dute onartzen «inolako batzorde murrizturik enpresarekin interlokutore izatea CAFen etorkizuneko enpresa batzordean». Horrez gain, azaldu dute ez dutela aurreikusten Europako enpresa batzordetik eratorritako eta dedikazio esklusiboko lanpostuak sortzea.

LAB, UGT, ELA, CGT, OSTA, ESK eta GTI sindikatuetako ordezkariek proposamen hau berretsi dute eta, ondorioz, beharrezko gehiengoa lortu dute. Horrela, negoziaketa mahaia espainiar Estatuko sei sindikatu nagusiek osatuko dute, bakoitzak ordezkari bakarra izendatuko duelarik. Akordio honen garrantzia «azpimarragarria da Euskal Herriak subjektu gisa parte hartzeko duen eskubidea estatuko sindikatuen gehiengo oso zabal batek berresten duelako», LABek ohar batean nabarmendu duenez.