INFO

Hutsuneak CT zirkuituan: Stephanie Gilmore, Carissa Moore eta Filipe Toledo

Hutsune nabarmenekin hasi zen 2024ko Championship Tour zirkuitua. Azken urteetan lehen postuetan izan diren Stephanie Gimore, Carissa Moore eta Filipe Toledok azken unean adierazi zuten ez zirela lehiatuko aurtengo lehen mailako denboraldian.

Carissa Moore hawaiiarra, tubo bat egiten. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Hutsune nabarmenekin hasi zen 2024ko CT zirkuitua, azken urteetan lehen postuetan izan diren zenbait surflarik lehiaketatik aldentzeko erabakia hartu baitzuten. Horrela, Stephanie Gilmore, Carissa Moore eta Filipe Toledo egun ez dira lehen mailan lehiatzen ari, arrazoi desberdinengatik lehen lerroa uztea erabaki baitzuten. Edonola ere, bada hiru surflariek bat egin duten arrazoietako bat: nekea.

Moore aspalditik esaten ari zen erretiratzeko gogoa zuela. Jada 2021eko Trestleseko Final Handia amaitu ostean deskantsu bat hartzeko asmoa zuela iragarri zuen, baina ez zuen atsedenik hartu, eta urtebete geroago berriz ere lehen mailan jarraitu zuen eta baita 2023an ere.

Gilmoren kasua desberdina da, 36 urte baititu, alegia surflari askok erretiratzeko hautatzen duten adina; beraz, albisteak ez zituen ezustean harrapatu jarraitzaileak. Bai, ordea, Filipe Toledoren erretiroak, inoiz baino indartsuago zegoela zirudienean urtebeteko atsedena hartu behar zuela iragarri baitzuen. Edonola ere, Toledo eta Gilmore CT zirkuituan izan daitezke 2025ean, lehen mailan lehiatzeko gonbidapen wildcarda eskaini baitie WSL erakundeak.

Kelly Slater Gold Coasten egin zen 2024ko CS mailako lehen txapelketan. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Beste hutsune esanguratsua Kelly Slaterrek utziko du, baina ez azken aldian emaitza onak lortu dituelako, azken 40 urteetan lehen mailan izan delako baizik. Emaitza on batekin erretiratu nahi zuen, baina ez zuen lortzen nahi bezalako emaitzarik, eta azkenean sasoi erdiko mozketa ez gainditzeagatik kaleratua izandakoan jakinarazi zuen bazihoala, 52 urterekin.
 
Stephanie Gilmore

Titulu mundial gehien irabazi dituen australiarra. Azken txapela, zortzigarrena, 2022an irabazi zuen Trestlesen, Carissa Moore garaitu ostean, eta nesken kategorian lehen mailako txapel gehien irabazi dituen surflaria bilakatu zen, berekin batera munduko zazpi titulu zituen Layne Beachley australiarra gainditu baitzuen.

Murwillumah izeneko herrian jaio zen Gilmore, duela 36 urte, Hegoaldeko Gales Berrian, eta oso gazte zela hasi zen surf egiten. Australia mailako lehiaketetan aritu ostean, mundu mailan lehiatzen hasi zen eta ordutik ez zuen etenik egin, lesioengatik lehorreratu behar izan zuenean salbu. Adibidez, 2010ean gizon batek burdinazko barra batez kolpatu eta eskumuturra hautsi zionean, edo berriki belauneko lesio bat izan zuenean.

Stephanie Gilmore australiarra, bira bat egiten. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Kontuan hartu behar da Gilmore garaia dela ( 1,78 metro), hortaz, olatu handietan ongi moldatzen da, baina olatu txikiak menderatzeko zailtasun gehiago du; horregatik, inork gutxik espero zuen garaipena izan zen 2022an Trestlesen eskuratu zuena. Esperientziak duen garrantzia agerian utzi zuen bere aurkaria lur jota utzi zuen.

Carissa Moore

Gilmoren kontra 2022an galdu zuen Final Handiak lur jota utzi zuen Moore, bosgarren titulu mundiala irabazteko zorian izan baitzen. Abuztuan 32 urte egingo dituen surflari hawaiiarra orain artean joko olinpiarretan urrezko domina irabazi duen surflari bakarra da nesken kategorian eta, horrez gain, inoiz izan den lehiakide eraginkorrenetako bat izan da. Belaunaldi berrientzat inspirazio iturria izan da eta da, baina, forma onean dagoen arren, aspaldi ohartarazi zuen nekatua zegoela.

Hain zuzen ere, belaunaldi berrien etorrerak ere eragin du Moorengan, azken bi urteetan lehen mailara igo diren lehiakideek sekulako maila erakutsi baitute. Adibidez, iazko munduko txapeldunak, Caroline Marksek, 21 urte ditu, eta egun WCT rankingean lehen postuan dagoen Caitlin Simmersek 18 urte ditu.

Moorek sekulako emaitzak lortu ditu bere ibilbide profesionalean, baina gorabehera handiak ere izan ditu. 2015ean, hirugarren titulu mundiala irabazi ostean, krisi existentziala izan zuen eta maila psikologikoan zein emozionalean indartzeko entrenamendu berezia abiatu zuen. 2017an ezkondu egin zen; oreka berreskuratu zuela zirudien, baina 2018ko Jeffreys Bayko txapelketaren ostean lur jota zegoela aitortu zuen. Hortaz, bost urte geroago hartu duen erabakiak ez du inor harritu.

Filipe Toledo

Bi bider izan da munduko txapelduna, 2022an eta 2023an. Brasildarrak Trestlesen lortu zituen bi garaipenak, 2021etik urautsi kaliforniarrean egiten den Final Handi erabakigarrian. Sistema berria ezarri eta lehen aldiz iraileko Final Handia egin zenean ere finalera iritsi zen, baina orduko hartan bigarren geratu zen. Izan ere, Toledok ongi ezagutzen du Trestles, 2014. urtean bere aberria utzi eta familia osoarekin Trestlesetik gertu dagoen San Clemente hirira bizitzera joan baitzen.

Filipe Toledo brasildarra, aireko bat egiten, iazko El Salvadorreko txapelketan. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Toledo 2014an igo zen lehen mailara eta ordutik emaitza oso onak lortu izan ditu CT zirkuituan. Hirugarren postuan amaitu zuen 2018ko CT itzulia, urtebete geroago laugarren tokian amaitu zuen, eta 2021ean bigarren geratu zen. Horrez gain, hainbat CT txapelketa irabazi ditu eta sarritan bigarren postuan geratu izan da.

Harridura gehien eragin zuen erretiroa izan Toledorena zen, inoiz baino indartsuago zegoela ematen baitzuen. «Osasun mentaleko arazoak» zituela argudiatu zuen etenaldia iragartzeko.