INFO

Apezetxea: «Baikokoak dira faborito baina Jokin Altuna Real Madril bezalakoa da»

Aspeko intendenteak Unai Laso eta Iñaki Artola ikusten ditu finalean sartzeko hautagai nagusi, baina badu konfiantzarik amezketarrarengan.

Jon Apezetxea Javi Zabalari laguntzen, astearteko aukeraketan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Asperentzat bikain hasi zen Buruz Burukoa zailtzen joan da Eibarko enpresarentzat eta orain arte, Baikoko bi pilotari, Unai Laso eta Iñaki Artola izan dira jokatutako partida guztiak irabazi dituzten bakarrak. Asteburuko finalerdien aurretik, Jon Apezetxea, Astelenakoen intendenteak, aho bizarrik gabe onartu du beste enpresako pilotariak ikusten dituela finalera sartzeko faborito nagusi gisa, baina ohartarazi du eurek ez dutela oraindik azken hitza esan.

«Beno, larunbatekoan garbi dago Unai dela faborito. Zabala aurtengo ezustekoa da, nik uste pilotan ongi ari dela, baina oso partida zaila daukagu, nik esango nuke %80a eta %20a ikusten dudala, Baina beti esaten dena, partida guztiak jokatu egin behar dira», adierazi zuen. «Igandekoa, badakigu, Jokin Jokin dela baina Artola ere faborito. Bi partida zailak, oso zailak dira, jendeak hiltzat jotzen gaitu baina oraindik bi bizitza baditugu».

Alde horretatik, Logroñokoak eta amezketarrak aurkariek baino presio gutxiagorekin kantxaratuko direla uste du, eta horrek mesede egin diezaiekela. «Zabalak eta Jokinek aurkariek baino lasaiago jokatuko dute, eurak dira finalen beharrean daudenak, aspaldi ez dute finalik jokatu ez txapelik irabazi eta beharrean daude. Alde horretatik, nik esango nuke eurek presio handiagoa dutela. Jokin ohitua dago partida mota hauek jokatzen eta besteak ez».

Bizirik utzi

Altuna III.ak, kolpe handia jaso zuen, Lasoren aurka, lehen jardunaldian, 22-7 galduta, baina finalerdietara sartzea lortu du eta orain oso arriskutsua da edonorentzat. «Nik beti esaten dut Real Madril bezala dela Jokin, azken tantora arte berea ematen du eta irabazi egin behar zaio. Egia da Iñaki egokiago dagoela, baina hemen igandean arratsaldeko seietan egon behar da ongi», gaineratu zuen.

Hori bai, alegiarrra, «ikusgarri ari da, txapelketako onena izan da eta berdin dit Baikokoa izatea, zoragarri ari da. Badarama urte eta erdi asko jokatzen, ahalmen izugarria duela erakutsi du eta horrela jokatzen badu, txapeletik gertu ikusten dut».