INFO

Iker Muniain, azken dantzarako prest

Kapitaina deialditik kanpo geratu zen Celtari asteazkenean egindako bisitan kolpe baten ondorioz. Dena den, azken entrenamenduetan taldekideekin batera aritu da, Nico Williams eta Sancet moduan; eta, badirudi, igandean zelaitik agur esateko aukera izango duela.

Iker Muniain hamaikakoan izan zen Osasunaren aurkako derbian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Athleticek Sevilla hartuko du igandean San Mamesen. Denboraldiko azken partida izango da etxean, eta zuri-gorriek Ligako bosgarren postua ziurtatu nahiko dute. Garaipena lortuz gero, eginda egongo da. Berdinketa batek ere balio lezake, Betisek eta Realak elkarren arteko neurketan berdintzen badute.

Emaitzaz haratago, partida berezia izango da. Ikasturte historiko bat ixteko eguna. 40 urteren ostean, Kopa altxatu zuen kapitainak ere agur esango du. Oraindik nora joango den zehaztu ez duen arren, badoa. 15 denboraldi egin ditu Athleticen lehen taldean, eta partida gehien jokatu dituen bigarren jokalaria da Iribarren ondoren. 559 neurketa daramatza, hain zuzen ere. Asko esatea da, eta ziklo baten bukaera irudikatuko da.

Joan den astelehenean omenaldia egin zitzaion San Mamesen, baina benetako agurra igandean izango da. Iker Muniain hamaikakoan sartu zen Osasunaren aurka, eta gola ere egin zuen. Hala ere, epaileek baliogabe utzi zuten Berenguer jokoz kanpo zegoelako jokaldiaren hasieran.

Muniainek gola egin zuen Osasunaren aurka, baina epaileak baliorik gabe utzi zuen. (@AthleticClub)
Muniainek gola egin zuen Osasunaren aurka, baina epaileak baliorik gabe utzi zuen. (@AthleticClub)

Aurten, kapitainak lekua galdu du hasierako taldean, eta bi gol bakarrik egin ditu: bat Mallorcaren aurka San Mamesen, eta bestea Ipuruan, Kopan. Athleticek jarraitzeko aukera eskaini zion, baina atzerrian jokatzeko hautua egin du. Ez da «one club» bat izango, nahiz eta horrela sentitzen dela esan.

Behintzat, elaitik agur esateko aukera izango du. Txantrearra deialditik kanpo geratu zen Celtaren aurka kolpe baten ondorioz, baina azken entrenamenduetan taldekideekin batera aritu da. Sancet eta Nico Williams ere prest egongo direla dirudi. Guruzea, berriz, ez da iritsiko.

Raul Garciaren azkena, eta besteren bat gehiago?

Iker Muniainez gain, Raul Garciak ere agur esango die zale zuri-gorriei. Nafarrak erretiroa hartzea erabaki du 37 urterekin. Osasunaren kontrako derbian omenaldia egin zioten Athleticen bederatzi denboraldi jokatu ostean.

Bi jokalariek argi utzi dute ez dutela Bilbon jarraituko hurrengo denboraldian. Dena den, badaude beste hainbat taldekide etorkizuna erabakitzeko daukatenak. Hasteko, Ernesto Valverde entrenatzailea. Azaldu duenez, kontratua berritzea da bere lehentasuna, eta klubetik ere iritzi berdina adierazi dute.

Raul Garciari Osasunaren aurka egindako omenaldia. (@AthleticClub)
Raul Garciari Osasunaren aurka egindako omenaldia. (@AthleticClub)

De Marcosek ere jarraituko duen erabaki behar du. Klubetik berritzea proposatu diote, eta zer esaten duen itxaroten daude. Berenguer, aldiz, negoziatzen ari da. Athleticek berritzeko eskaintza helarazi dio, eta nafarraren erantzunaren zain dago.

Bestalde, Herrera eta Dani Garciak kontratua amaitzen dute. Jokalari beteranoak dira, 35 urte egingo ditu Herrerak udan, eta 34 Dani Garciak maiatzaren 24an. Lesioek baldintzaturik gutxi jokatu dute azken denboraldian, baina hurrengo urtean taldeak lau txapelketatan parte hartuko duenez baliteke plantillan tokiren bat izatea.

Batez ere, ez bada fitxaketa gehiagorik egiten. Djalo etorriko dela ziurtatuta dago. Dirudienez, Gorosabelek ere toki bat dauka defentsaren eskuin hegala indartzeko helburuarekin. Gironako erdilaria Ivan Martinen izena agertu da komunikabideetan, baina Vila-realek ere berreskuratzeko aukera dauka. Horrez gain, Laportek Saudi Arabia utzi eta Bilbora itzultzea aztertzen ari dela zabaldu da.