INFO

Iruñeko auzo guztietan haur eskolak euskaraz izatea aldarrikatu dute

Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak izatea aldarrikatu dute ostegun arratsaldean egindako mobilizazioan. Udalari helburu hori agintaldi honetan betetzea exijitu diote.

Haur eskolak euskaraz auzo guztietan izatea exijitu zioten Iruñeko Udalari. (Iñigo URIZ)

Iruñean haur eskolak euskaraz izateko mobilizazioa egin dute ostegun honetan. Elkarretaratzean ostean adierazi zutenez «gure txikiei hezkuntzarik onena eskaini nahi dieten» gurasoak ziren bildutakoak. «Horrexegatik nahi ditugu gure haurrak euskaraz eskolatu, hasiera hasieratik euskaraz hezi nahi ditugu, haur eskolatik bertatik», nabarmendu zuten.

Auzo guztietan haur eskolak euskaraz izatea helburutzat jo zuten eta norabide horretan lanean jarraitzeko asmoa azaldu zuten. Euskaraz hezkuntza jasotzeko «Iruñea erdia» zeharkatzea euren bizi kalitatearen kontra doala gaineratu zuten.

Hori dela eta, Iruñeko Udaleko EH Bildu, Geroa Bai, PSN, UPN, Contigo-Zurekin eta PP taldeei auzo guztietan euskarazko haur eskolak izateko zein oztopo dituzten galdetu zieten.

Are gehiago, zentsura mozioa sinatu zuten lau alderdiei gai honetan agintaldi honetan aurrerapausorik emango dituzten galdetu zieten.

Euskalgintzaren izenean, berriz, Udaleko Euskara Ordenantzak gurasoen hautatzeko eskubidea errespetatuz euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak aintzat hartuko direla jasotzen duela gogoratu zuten. «Zertarako balio du arauak aplikatu behar dutenek hala egin nahi ez badute?», galdetu zuten.

«Iruñeak beste zerbait merezi du. Udalak euskaraz bizi nahi dugun iruindarron eskubideak bermatu behar ditu. Gu ere bagara! Ezin da legegintzaldia joan, berriro ere, urteetako aldarrikapenari irtenbiderik eman gabe. Udalari eskatzen diogu gaia agendan txertatzeko, lehentasunez, eta gaurtik has dadila lanean, 2025-2026 ikasturteko matrikulazioari begira. Familiek haurrak euskarazko murgiltze ereduan beraien auzoan matrikulatzeko aukera eman behar da», gaineratu zuten.