Euskal mitologiako zazpi ipuin berri sortu ditu Aritza Bergarak Adimen Artifiziala baliatuta
Euskal mitologia lantzen du Aritza Bergarak, gaur egungo errealitate bezala, bizirik dagoena, gazteengana iristeko. ‘Euskal Herriko ipuin mitologikoak’ (Eguzkilore Liburuak) kaleratu du, primizian NAIZekin eskuratzen ahalko dena, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan, maiatzaren 26ra arte.
Teknologiarik aurreratuena eta antzinako pertsonaia mitologikoak batzearen emaitza dira ‘Euskal Herriko ipuin mitologikoak’ liburuko testu eta irudiak. Istorioak berriak dira, Aritz Bergara Alustizak asmatuak. Pertsonaiei bertze betebehar batzuk eman dizkie, basoa zaintzea adibidez, gazteengana ailegatzeko. NAIZekin primizian eta eskaintza berezian zabalduko da obra, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan, internet bidez.
Azaroan, ‘Izena duen guztia omen da’ liburua plazaratu zuen Sestaon 1972an sortutako idazleak. Eta bertako lauzpabost ilustrazio egin zituen Adimen Artifizialarekin. «Ze ederrak!». Azaldu duenez, beti entzuten dugu AAren alde txarra, beldur gara, baina teknologia guztiekin bezala erabileraren arabera aurrerapausoak lor daitezke edo kaltegarria izan daiteke. Sortzaile moduan lan tresna izugarria da berarentzat, eta ‘Euskal Herriko ipuin mitologikoak’ teknologia honekin egin du osorik.
«Basajaunen ipuina izan zen lehena egin nuena; harrituta geratu nintzen. AArekin sortutako liburua dela esanda, norbaitek pentsa dezake ez dudala ezer egin, baina ia urte eta erdi daramat irudiak sortzen, eta ikonografia berri bat lortuko dugu».
Zazpi ipuinek osatzen dute liburua. Mari jainkosa nagusia, jentilak, Basajaun, galtzagorriak, Inguma eta Gauargi agertzen dira, baita Eguzkilore eta akelarrea ere.
Eguzkilore
Lehenengo istorio gisa Eguzkilore jarri du, Eguzkilore Liburuak argitaletxe edo kultur elkarte txikia sortu zutelako bi kidek eta beren marka delako. Liburuaren proiektu honi zorte ona emateko asmoa ere badu. Amuleto pila daude munduan, eta euskaldunok ere badugu gurea, Eguzkilore. Hori bilatzen du Bergarak gure mitologiarekin, arbasoek mundua nola ulertzen zuten eta nondik gatozen jakitea.
«Naturara bueltan gatoz, behartuta, klima aldaketaren ondorioz. Eredu kapitalistari buelta eman eta zerbait sortu beharko dugu bizirauteko. Antzina naturarekin zuten lotura askoz berezi, hurbil eta errespetuzkoagoa zen».
Emaitzarekin gustura gelditu den galdetuta, bere lanekin beti hagitz kritikoa dela eta benetan lan polita egin dutela iruditzen zaiola erantzun du.
Gai honetaz dakiten eta beretzat erreferente diren pertsona batzuei aurkeztu die liburua, Toti Martinez de Lezeari eta Juan Manuel Etxeberriari. «Toti oihuka hasi zen, harrituta. Hori niretzat ohore izugarria da».
Gazteei zuzendua
Obra gazteei zuzendua dago bereziki, 7-8 urtetik gorakoei. «Halere, mitologia gustuko baduzu, edozein adin izanda ere hurbilduko zara, begietatik sartzen baita».
AArekin sortzeko prozesuan gehiago sakondu nahi izan dugu. Esplikatu digunez, programa ezberdinak erabili ditu. «Egun batetik bestera berriak agertzen dira, eta moldatzen joan behar duzu. Hasieran programa bat erabiltzen nuen, eta azaldu behar nion zer sortu behar nuen. Adibidez, galtzagorriak. Tamaina txikikoak, irribarre batekin... Nahi dituzun datu guztiak sartzen dituzu, eta erantzun bat ematen dizu. Informazio guztia ingelesez eman behar zitzaion. Gero, gaztelaniaz ere idatzi ahal zen, eta hemendik gutxira euskaraz lan egiteko aukera izango dugu».
Metodo zientifikoa da, entsegu-errorearena. «Esate baterako, basajaunaren irudiak lortzeko erraldoia, iletsua, basoan bizi zena... jartzen nion, eta tximino modukoak marrazten zituen. Ez dakit nola bururatu zitzaidan neanderthal jartzea, eta orduan dena aldatu zen, nik nahi nuen bidetik».
Batzuetan emaitzek ez daukate zerikusirik egileak bilatzen duenarekin, bertzeetan bai. «Egunero jartzen nintzen irudiak sortzen, eta egun osoan irudi on bat lortzen banuen pozik joaten nintzen ohera».
Testuak ere AArekin idatzita daude, olerkiak barne. Gaztelaniaz sortu, eta gero euskaratu egin ditu.
‘Euskal Herriko ipuin mitologikoak’ Bilboko Liburu Azokan plazaratuko du ekainaren 9an, 13.00etan. Baina dagoeneko eskuragarri dago NAIZen, 18,95 euroan, maiatzaren 26ra arte, eta aurrerago, liburudendetan eta eguzkiloreliburuak.com webgunean ere bai, 20 euroan.
Gauza politak egiten, ‘El señor de los anillos’ gogoan
Aritza Bergarak Soziologia ikasi zuen. Juan Manuel Etxeberria izan zuen irakasle institutuan, eta Unibertsitatean, Jesus Altuna, Barandiaranekin ibilitakoa. Hala hurbildu zen euskal mitologiara. «Orain, badirudi dena egina dagoela. Euskal mitologia desagertu zen, jendeak ez ditu erreferente modura. Barojak, Satrustegik eta beste hainbat egilek informazio guztia jaso zuten. Baina moldatu egin behar dugu gure gazteengana heltzeko, bestela apaletan geratuko da. Gauza politak egin behar dira. Denok ezagutzen dugu ‘El Señor de los Anillos’ oso polita delako, eta hori lortu behar dugu gure mitologiarekin».
Idazle independentea dela erran ohi du, inongo dirulaguntzarik gabe aritzen baita. «Idazteaz aparte badut nire enplegua, eta Eguzkilore proiektuaren asmoa mitologia bultzatzea da. Lortzen dugun dirua hurrengo proiektuan inbertitzen dugu. Euskal kultur elkarte bat da Eguzkilore. Ez da ohiko argitaletxe bat. Beste modu batera funtzionatzen dugu, Euskal Herriko kultura sustatzeko helburuarekin».
Beti idatzi nahi izan duen liburua
Bertze liburu bat sukaldatzen ari da udazkenean ateratzeko, mitologiari buruz hau ere. «Nire libururik konpletoena izango da, irakurle guztiei zuzendua». Aurreratu digu bere azken ekarpena izan daitekeela literatura mitologikoan, baina argi utzi du ez duela mitologia utziko. «Hitzaldiak ere ematen ditut, eta horretan jarraituko dut. Gazteei mitoak kontatzen dizkiezunean beren aurpegiak ikustea magikoa da. Hori gasolina da niretzat lanean jarraitzeko».
Berriki Santurtziko Euskara Astean eman du hitzaldia, Euskal Idazleen Elkartearen bidez ikastetxeetara joaten da, edota kultur ekintzak antolatzean udaletatik deitzen diote. «Mundu hau magikoa da, eta zer edo zer mugitzen zaizu barrutik», baieztatu du.
Elkarrizketan, nahi gabe idazten ari den liburu berriari buruz mintzatzen hasten da behin eta berriz, irribarre batekin. «Bertan, AA baliatzen ari naiz irudietarako, baina testuak nireak dira. Hauxe da mitologiari buruz beti idatzi nahi izan dudan liburua. Hiru astetan idatzi nuen %90a. Barruan neukan guztia atera nuen, lehenengo pertsonan kontatua».
Biak irakurtzeko gogoz utzi gaitu.