INFO

Nafarroako Erdialdearen barneko bideo zirraragarria, Tafallako jaia iragartzeko

Erdialdeko Euskal Jaia Tafallan ospatuko da datorren maiatzaren 25ean. Jakitera emateko, eskualdeko herrietako irudiekin egindako bideo bat zabaldu dute, jaian kontzertua eskainiko duen Rotten XIII taldearen ‘Noain’ abestiarekin. Dantzariak, erraldoiak edo zanpantzarrak ere ez dira jaian faltako.


Zirrara eragin du sare sozialetan Erdialdeko Euskal Jaia delakoa iragartzeko Agerraldia ekimenak zabaldutako bideoak. Eskualde horietako irudi ikusgarriak bildu ditu, drone baten laguntzaz ere: Tafallakoak (bertan ospatuko da, maiatzaren 25ean), Obanosekoak, Untzuekoak, Artaxoakoak, Berbintzanakoak...

Honako mezu hau dakar Aitor Zabalzak sinatutako lanak: «Biloba maiteak, heldu zaizue ordua. Gu jada ez gaude, baina hemen duzue gure ondarea. Adarraren soinuan, txalapartaren kolpe bakoitzean, hitz bakoitzean, lanabesetan, janzkeran, soinu bakoitzean, irrintzi bakoitzean... gure zati bat egongo da. Erdialdean ez da beti erraza izan, baina horregatik harrotzen nau nire hitzak zure ahoan entzuteak. Xuxurlatu genituen hitzak eta denbora luzean isildu genituenak ere, gaur lau haizetara oihukatu dezakezue. Harro sentitu gure lurraz, harro Erdialdeaz. Hemen duzue lekukoa: zaindu, babestu eta ez ahaztu, heldu zaizue ordua».

Mezua ‘Noain’  kantuarekin lotzen da segidan, Tafallan eta Larragan sortutako Rotten XIII taldearen abestiarekin alegia.

Erdialdeko Euskal Jaia hurrengo igandean ospatuko da, hilaren 25ean. Eguneko plater nagusia gaueko kontzertuak izango badira ere, Rotten XIII, Zea Mays eta Trikidantz taldeen emanaldi banarekin, egitaraua goizeko 11.00tan hasiko da, irekiera ekitaldiarekin, plazan.

Jarraian Tafalla zeharkatuko duen ‘kalejira erraldoia’ prestatu dute Nafarroa osotik etorritako zanpantzarrekin, dantzariekin, erraldoiekin, gaitariekin, kiliki eta zaldikoekin, nafar laiariekin, landa inauteriekin, txistulariekin eta bandekin.

13.30ean erakustaldien txanda izango da. Plazan herri kirolak eta dantzak ikusi ahalko dira, Pasadizon Faltzeseko txalapartariek tailerra eskainiko dute eta Las Pulgas plazatxoan erraldoien dantzak eta Tafalla kantuz izango dira. Bazkaria 15.00etan izango da, plazan bertan, eta dagoeneko izena eman daiteke.

Bazkaria amaitu bitartean, 16.30etatik aurrera, haurrentzako Dindaia Fundazioak antolatutako Dindaikale jolasak egongo dira plazan. 18.00etan, bi aukera egongo dira. Batetik, Patxi eta Konpainiak eskainitako kulturen arteko ekitaldia, plazan bertan eta, bestetik, Garratz Arrasateko punk-rock taldearen kontzertua, Pasadizon.

Gauerako berotzeko, Jarauta 69 txaranga (20.00etan) eta zezensuzkoa (21.30ean) izango dira plazan. 21.00etan hasiko dira Rotten XIII-ren, Zea Maysen eta Trikidantzen kontzertuak.