Etchegaray eta Etxeleku, bi ikuspuntu Errobiko poloa asaldatu duen krisiari buruz
Errobiko lurralde eremuaren erreferente gisa aritu den Peio Etxeleku kargugabetu zuten iragan astean. Eskualdeko «hamabi auzapezetik seik» eginiko eskaerari bide eman ziola azaldu dio, gaur, ‘Mediabask’-i Jean-Rene Etchegarayk. Alta, hautetsi jeltzaleak gobernantza paktuaren urraketa deitoratu du.
Euskal Hirigune Elkargoan eta, bereziki, Errobiko polo edota lurralde eremuan, ez da giro.
Joan zen asteazkenean, Jean-Rene Etchegarayk Lapurdi barnealdeko eskualdea ordezkatzen duen Errobiko poloaren erreferente gisa jardun duen Peio Etxelekuri kargua kendu zion.
‘Mediabask’ hedabideak krisi horren karietara bai Etchegarayk bai Etxelekuk dituzten ikuspuntu kontrajarriak jaso ditu astearte honetan.
Euskal Hirigune Elkargoko buruak bere erabakia defendatu du. Buruzagi zentristak azaldu duenez, lurralde eremuko «hamaika auzapezetik seik» eskutitza igorri zioten Etxelekuren izendapena bertan behera uztea galdetzeko.
Sei auzapez horiek soilik ez, aldez aurretik beste hainbat hautetsik ere haien ezinegona telefonoz helarazi ziotela gaineratu du Etchegarayk.
Bere esanetan, joan zen apirilaren 10ean Kanboko udal batzarrean gertatu ziren istiluak daude Errobiko poloa «lan giroa asaldatu duen» krisiaren jatorrian.
Joan zen ostiralean hainbat hedabidetan azaldu zen albistea baieztatu du Etchegarayk.
Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak azaldu duenez, Arrangoitze, Kanbo, Ezpeleta, Jatsu, Luhuso eta Zuraideko auzapezek aipaturiko eskutitzaren bidez Kanboko herriko kontseiluaren bilkuran izan ziren «istilu larrien aitzinean» Etxelekuk hartu zuen «jarrera neutroak» sortu zien kezka azaldu zioten.
Hain zuzen, ehun bat lagunek bilkura bi orenez oztopatu ondoren jendarmeak udal aretoan sartu eta tirabirak gertatu ziren. Testuinguru horretan, Kanboko auzapeza lurrera erori eta arinki zauritu zen.
Gertakariak adierazpen soka luzea ekarri zuen. Hala, Baionako prokuradoreak, Jerome Bourrierek ikerketa agindu zuen.
Gertakari horien ondoren ere «gaitzespena agertzeko aukerak ez bazaizkio falta ere», jokabide argia ez hartzea egotzi zioten Etxelekuri gutunaren izenpetzaileek.
Maiatzaren 4an antolaturiko bilera batean kritika hori egin zioten auzapezek Etxelekuri.
Horrendako berarekiko «konfiantza hautsia» zela jakinarazi zioten Etchegarayi.
Hori azalduta, Euskal Hirigune Elkargoaren barne funtzionamendua gidatzen duen gobernantza paktua eskutan presidente gisa dagokion agindua eman zuela, jeltzalea kargutik kenduz, defendatu du gaur Jean-Rene Etchegarayk.
Barne demokraziaren falta
Oso bestelako iritzia du Ipar Buru Batzarreko buruak. Peio Etxelekuk ‘Mediabask’ hedabideari azaldu dioenez, «gizarte zibiletik, zehazki enpresa mundutik, nator eta, agian nolabaiteko inozentziaz, pentsatu dut ibilbide profesionalean garatu ditudan baloreetan oinarrituta ahal niola ekarpena egin Euskal Elkargoari».
Ahalegin kolektiboa eta iritzi aniztasunari errespetua aldarrikatu ditu lanabes bezala.
Etchegarayk gezurtatu du auziaren gibelean «bulkada politikoa» izan denik.
Kanboarraren ustez, «izpiritu libreen aurka presio handiak daudela argi dago».
Ildo beretik, lurralde batzordeari «mespretxua agertuz», bera kargutik kentzeko Etchegarayk baliatu duen urgentziazko prozedurak barne demokraziari dagokion arazoa azaleratzen duela gehitu du.
«Lehen aldia da horrelako zerbait gertatzen dela», salatu du Kanboko udal gobernuaren kide gisa aritu ostean Deveze buru duen taldea uzteko erabakia hartu zuen agintari jeltzaleak.
Kanboko hautetsia Euskal Elkargoan kontseilari gisa jarraitu dezake. Gauzak horrela, krisi honen hurrengo kapitulua Ipar Euskal Herriko erakundearen kontseiluan bizi daiteke.