INFO

Kanakiar herriaren eskubideak eta borondatea errespetarazteko deia luzatu dute Baionatik

Euskal Herria Bai alderdiak eta LAB sindikatuak deituta, kanakiar herriaren sostenguz elkarretaratzea egin dute, gaur iluntzean, Baionan. Aipaturiko eragileek «indar kolpetzat» jo dute Parisek aitzineraturiko hautesle-erreforma. Elkarrizketa berriz abian emateko premia aldarrikatu dute.

Suprefeturaren egoitzaren aitzinean, kanakiar herriari elkartasuna adierazteko astearte arratsaldean eginiko elkarretaratzea. (Patxi BELTZAIZ)

Joan zen maiatzaren 14an frantziar Asanblea Nazionalak Kaledonia Berriko hautesle errolda emendatzeko erabakia hartu zuen. Ebazpen horren arabera, 25.000 herritarrek uhartedian iraganen diren probintzia edo lurralde bozetan parte hartzeko aukera lukete.

Erreformak hautsak harrotu ditu uhartedian, non gutxienez bost lagun hil dira istiluetan.

Astearte iluntze honetan Baionan eginiko elkarretaratzearen bidez, Euskal Herria Bai alderdiak eta LAB sindikatuak oroitarazi dute lege aldaketa horren bidez Kaledonia Berrian 10 urtez bizi izan den pertsona orori bozkatzeko eskubidea ematen diola, horrek «kanakiarrak gutxiengo bilakatzeko arriskua handitzen duela» nabarmendu dutela.

Kanakiar independentistek errolda berezian uhartedian sorturiko herritarrak soilik sartzeko proposamena luzatu zuten. Alta, Parisek aukera hori errefusatu zuen, kontsentsurik gabe konstituzioaren erreforma martxan emateko erabakia hartuz.

Jakin behar da Kaledonia Berrian bizi diren herritar guztiek berdin udal agintariak hautatzeko zein frantziar Legebiltzarreko ordezkariak edota Errepublikaren presidentea hautatzeko botoa emateko eskubidea badutela.

Alta, Noumeako Akordioek finkatu zuten bezala, lurralde edo probintziako erakundeak hautatzeko orduan hautesle-errolda berezia baliatzen da.

Zehazki 1998. urtean itxi zen errolda eta handik aurrera Ozeano Bareko lurraldean plantatu diren herritarrek ezin dute hauteskunde zehatz horietan parte hartu.

Adostasunik gabe aitzineraturiko erreforma

Kanakiar ordezkarien adostasunik gabe hautesle errolda berezia zabaltzeko Emmanuel Macronek hartu duen erabakiak gatazka bizia sortu du.

Baionan bildu diren eragileek Kaledonia Berrian azken egunetan nagusitu den indarkeria giroaren erantzule egin dute gaur, preseski, Bare Ozeanoko uhartedirat joateko bere asmoa iragarri duen frantziar estatu burua.

«Emmanuel Macron eta haren Gobernuaren jarrera» irmo salatu dute mobilizazioaren deitzaileek, era berean kanakiar herriari «babes osoa» helarazi diotela.

Agiri baten bidez adierazi dutenez, Kanakyko auzia politikoa da eta «ezin da indarrez konpondu».

Deskolonizazio prozesu batean murgilduta dagoela frantziar menpeko lurraldea oroitarazi ostean prozesu hori bururaino eramatea aldarrikatu dute EH Baik eta LABek.

Horrendako, deskolonizazio prozesuaren aurkako edozein erabakiak ondoko urratsak baldintzatu ditzakeela eta «tentsio iturri larria» bilakatu ohartarazi dute.

Horretarako, «hautesle-zerrendaren erreformaren berehalako deuseztapena eman eta
Matignon eta Noumeako akordioen izpirituan elkarrizketari berriro abian ematea» defendatu dute.