Vidarte: «Nire ordezkoari tokiarekiko lotura izatea eskatuko zaio»
Hiru hamarkadetan hainbat ekitaldi egin diren aretoan, komunikabideekin izan duen hitzorduan hunkituta azaldu da Juan Ignacio Vidarte, Bilboko Guggenheim Museoko zuzendaria. Badoa, ziklo bat bete duelako; bere ordezkoari «tokiaren nolabaiteko senidetasuna izatea eskatuko zaiola» argitu du.
Aspaldidanik zuen erreleboa emateko asmoa Juan Ignacio Vidartek. Behin baino gehiagotan aipatu izan zuen azken urteotan, baina pandemiak, batez ere, erabakia hartzeko unea atzeratu zion. Azkenean, bere zikloa bukatutzat ikusi duenean –museoak bisitarien errekor guztiak hautsi ditu (1.300.000 bisitari azken urtean), New Yorkeko Guggenheim museoko zuzendaritzaren buruan ere erreleboa egin da...– erabakia hartu eta urte amaieran museoko zuzendari izateari utziko diola iragarri zion ofizialki Guggenheimeko Patronatoari astelehen arratsaldean.
Astearte goizean komunikabideekin hitzordua egin du, behar ziren argitasunak emateko. Orain trantsizio garai batean sartu baita museoa, zuzendari berria hautatu bitartean. «Nirea lehenengo etapa izan da, museoa sortu eta hedatu; orain hurrengo baterako unea da», aipatu du Vidartek.
Belaunaldi berri bati bidea eman behar zaiola argi du eta hautaketa-prozesua ekainaren 3tik aurrera zabalduko da. Hortik aurrera, Vidartek museoari lotuta jarraituko du zuzendari emeritu gisa.
Bere ordezkoak zein motako profila izan beharko duen galdetu zionean, aipatutako ezaugarrien artean bat azpimarratu du: «Epe luzerako ibilbidea izango duen profesional bat nahi da, 10 edo 15 urte hemen lan egin zezakeena. Eta lehen mailako profil profesional garrantzitsua izateaz gain, proiektu honen balioekin bat datorrena bilatu nahi dugu, hori garrantzitsua da. Gainera, instituzioek ere sustatutako museoa izanik, harremana izan beharko du edo behintzat ez zaio arrotz egin behar ingurua; hau da, tokiarekin nolabaiteko senidetasuna izatea eskatuko zaio. Euskarari dagokionez –galdetu baitzaio honi buruz ere–, euskara jakitea ez da baztertzailea izango, baina bai garrantzitsua».
Aldez aurretik, aitorpen bat: Egun historikoaren sentipena izan dugu prentsaurreko honetan, Vidarte baitago museo honen historia eta ibilbideari lotuta erabat. «Ni outsider bat izan naiz, hasi nintzenean ez nuelako loturarik artearen munduarekin, eta, urteen buruan, Estatu espainiarreko museo zuzendaririk beteranoena izatera iritsi naiz», aitortu du beti erakutsi duen umore finez.
Juan Ignacio Vidarte (Bilbo, 1956) Guggenheim Museoari lotuta egon da lehen harria jarri baino lehenagotik. Bizkaiko Aldundiko Zerga eta Finantza Politikako zuzendari nagusia zen –aurretik Lakuako Lurralde Politikako Departamentuko teknikaria ere izan zen– 1992an Bilboko Guggenheim Proiektuaren Partzuergoko zuzendari izendatu zutenean. «Nik inoiz ez dut artearen munduan aditu bat izan nahi. Nire funtzioa ez zen nire gustuen araberako museoa sortzea, orkestra martxan jarriko zuen orkestra-zuzendari izatea baizik», argitu du.
«Urdaibaikoa oraindik ez da segurua»
Hunkituta –«burua alde batetik doa, bihotza beste aldetik eta talka egiten dute»–, 33 urte hauen balorazioa eskatu zaio. «Nire bizitzaren erdia baino gehiago museoari lotuta egon da –aitortu du–. Pertsona eta profesional legez hazi egin nau, eta inoiz ez nuen pentsatuko hau egitera iritsiko nintzenik. Oso eskertuta nago».
Urdaibairako proiektuari buruzko galdera anitz egin zaizkio, noski. Berak bultzatu baitzuen 2000 urtearen hasieran Sukarrietako udalekuetan kokatutako proiektu hura, PSEko Gobernuak atzera bota zuena, eta egun eskualdean polemika bizia sortzen duen Murueta-Gernikako proiektu berria. «Urdaibaiko museorako proiektua estrategikoa da Guggenheimentzat eta indarrean jarraitzen du, baina oraingoz ez dago argi berderik erakundeen adostasun ezagatik. Proiektua posiblea da, baina ez da segurua», aipatu du.
Une erabakigarriak
Eskatu zaio ere mugarria izan den une bat aukera zezala. Hau hautatu du: Richard Serra (San Francisco, AEB, 1939) eskultoreari eskatu zitzaion instalazioa, ‘Denboraren materia’ izenburua duena. «Erabaki anbiziotsua izan zen, eta jauzi kualitatibo bat suposatu zuen museoarentzat. Maisulan honek historiarako bi jeinu bildu zituelako bere baitan: Serra bera eta Frank Gehry».
Iltzatuta gelditu zaion asmo bat? «Iltzatuta geratu zaidan arantzatxoa Picassoren ‘Guernica’ museoaren inaugurazioan erakusteko ideia ez ematea izan zen. Galdutako aukera historikoa izan zen».
Bizi izan duen unerik gogorrena? «Ez dut asko pentsatu behar: Jose Mari Aguirre ertzainaren hilketa (1997ko urriaren 13an), museoko plazan, inaugurazioaren egunean».
Unerik politena? «Asko bizi izan ditut, baina agian politena izan da aukera izan dudala proiektu hau bere hastapenetik hasi eta errealitate bihurtzeraino ikusten».
Vidarteren kudeaketa txarra salatu zuen Legebiltzarrak
Azkenik, puntu beltz ahaztezina: 2008an, ikerketa batzorde batean, Gasteizko Legebiltzarrak gogor salatu zuen Vidarteren kudeaketa txarra. Izan ere, 6 milioi euro galdu zituen dolarren salerosketa espekulatibo batean. Aldi berean, Roberto Cearsolo finantza-zuzendariak 557.000 euroko iruzurra egin zuen. Orduan, EAJ bakarrik geratu zen Vidarteren defentsan.