INFO

Geopolitika aztergai: «Arautu gabeko munduko botere borroka batean gaude»

Mundu botere eskema unipolarretik multipolarrerako trantsizioan gaude, eta horren isla dira azken urteetan izaten ari diren gatazka ugariak. Egoera geopolitiko honetaz mintzatu ziren Pernando Barrena, Asier Blas eta Elena Beloki asteazkenean Iratzar fundazioak antolatutako solasaldian.

Elena Beloki, Pernando Barrena eta Asier Blas geopolitikari buruzko hitzaldian. (Jon URBE | FOKU)

«Mundua ez da nahiko genukeen bezala, baizik eta den bezala». Esaldi argigarri horrekin eman zion hasiera moderatzaile gisa Elena Beloki Iratzar Fundazioko kideak mundu geopolitikari buruzko hitzaldiari. Ukrainako gerra, Palestinaren aurkako Israelen sarraskia, Txina eta Amerikako Estatu Batuen arteko tentsioak, Afrikako estatu kolpeak... Asko dira azken urteotan nazioartea astindu duten gatazkak, eta gertakizun horiek sortzen dituen marko orokorraz aritu ziren Asier Blas EHUko Zientzia Politikoetako doktorea eta Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatua asteazkenean.

Geopolitikari buruzko ‘Munduari so’ azken irakurketan, Iratzar fundazioak trantsizio geopolitikoan bizi garela nabarmentzen zuen: «Nazioarteko ordena ez da izango ezagutu dugun bezala. Munduko boterearen birbanaketa fase sakon batean sartuak gaude». Baina zer nolako tendentziek ezaugarritzen dute trantsizio fase hau?

«Estatu Batuak munduko superpotentziarik indartsuena dira, baina jada ez dute hegemonia mundiala»

Asier Blasen arabera, Bigarren Mundu gerraren ostean hasitako deskolonizazio prozesuarekin hasi zen mundua aldatzen. «Hegoalde globalean askapen nazional eta sozialeko prozesuak jarri ziren martxan, batzuk besteak baino emaitza esanguratsuekin, eta orduan abiatutako dinamika hori asko azkartu da XXI. mendean. Gaur egun ez dago munduan hegemonia bat. Estatu Batuak munduko superpotentziarik indartsuena dira, baina jada ez dute hegemonia mundiala. Dagoeneko, munduan ez da egiten beti beraiek nahi dutena».

Blasek defendatzen du mundu multipolar batean gaudela, baina oraindik ez dela gauzatu mundua arautuko duen ordena berria: «Arautu gabeko botere borroka batean gaude, eta egoera horrek beldurra sortzen du». Izan ere, munduan gertatzen ari diren gatazkak borroka horren isla dira.

Lehiakide berriak gudu-zelaian

Baina, nortzuk dira, zehazki, mundu multipolarreko eta botere borroka horretako protagonista berriak? Honi erantzuteko datu esanguratsu batzuk daude. Momentu honetan, Txina, Errusia, India, Brasil eta Hegoafrikak osatzen duten BRICS taldeak G7a (Estatu Batuak, Kanada, Japon, Erresuma Batua, Alemania, Frantzia eta Italia) baino pisu ekonomiko handiagoa du jada, munduko BPGren %32 eta biztanleriaren %40 ingururekin. Gainera, Egipto, Iran, Arabiar Emirerri Batuak, Saudi Arabia eta Etiopiako BRICSekin bat egin berri dutela nabarmendu beharra dago, baita gero eta indar gehiago irabazten ari diren beste herrialde batzuk, hala nola, Indonesia, Nigeria edo Vietnam.

Hala ere, BRICS taldeko herrialdeen artean interes oso ezberdinak daude eta ezingo genuke bi blokeren arteko borrokaz hitz egin, XX. mendearen bigarren erdian gertatu zen bezala. Baina, Blasek esan bezala, «orain arte nagusi izan den globalizazio neoliberal unipolarrarekin bukatu nahi dute dute komunean. Mundu igualitario bat bilatzen dute herrialdeen artean, baina kontuz, ez herritarren artekoa. Gainerako protagonisten baimenarekin, une honetan bi superpotentzia handi daude munduko nagusigoa lortzeko borrokan: Txina eta Estatu Batuak».

«Erosahalmena kontuan hartuta, lehenengo ekonomia Txina da, Estatu Batuekiko gero eta distantzia handiagoarekin. Munduko bost ekonomien artean ez dago herrialde europarrik. Gauzak asko aldatu dira eta aldatzen ari dira, eta ez dakigu nora goazen», azpimarratu zuen Blasek. Izan ere, Belokik esan bezala, trantsizio horretan Mendebaldeak bigarren mundu gerraren ondoren ezarritako munduko ordena eta arauak dira ahultzen ari direnak. «Nazioarteko legediak eztanda egin du», gehitu zuen Blasek.

Ideia horrekin bat egin zuen Pernando Barrenak: «Multipolaritatea dagoeneko errealitate bat da, eta momentu honetan erabakitzen ari dena da zer nolakoa izango den multipolaritate hori».

Testuinguru horretan, azterketa erraz eta azkarregiak bilatzeko arriskuaz ohartarazi zuen EH Bilduko eurodiputatuak: «Ez dago onik eta txarrik, izatekotan daude txarrak eta okerragoak, eta hori inportantea da buruan izatea». «Nazioarteko geopolitikan interesak daude. Eta interesen arteko talka eta gerra horretan, zoritxarrez, demokrazia eta gisa eskubideek duten espazioa oso mugatua da», erantsi zuen Blasek.

Europaren ahuleziak eta erronkak

Eta Euskal Herritik begiratuta, zein egoeratan gaude? Onartu beharreko lehenengo gauza geografikoki kokatuta gauden tokia da: Europan eta Ozeano Atlantikorako irteerarekin. Hori aldaezina da. Ezaugarri hori kontuan hartuta, hizlariek Europak, eta konkretuki Europar Batasunak, nazioartean bizi duen ahultzeari buruzko analisia egin zuten eta konponbideak zein izan daitezkeen aztertu zuten.

Barrenak gogoratu bezala, Europar Batasuneko buruzagiak badira gainbehera honen jabe eta azken urteetan Autonomia Estrategiko Europarraren kontzeptua zabaltzen hasi da. «Duela hamarkada bat hasi zen honi buruz hitz egiten. Ideia da Europak subirautza eta kapazitate nahikoa izan behar duela bere interesen arabera bere burua antolatzeko eta kanpo politikan jokatzeko. Autonomia horren beharra izugarri areagotu zen covid-19aren pandemia garaian ikusi zenean Europaren ahalmen produktiboaren ahultasuna», azaldu zuen Barrenak.

«Europa zentratu beharko litzateke proiektu sozial eta demokratiko bat sortzean»

Bide horretan pausuak ematen hasi da Europa, baina hainbat arazo ditu. Alde batetik Estatu Batuekiko duen mendekotasuna eta honek Europa autonomo bat eraikitzeko orduan sortzen dituen kontraesanak.

Beste alde batetik, hainbat barne arazo ditu. Blasek azaldu bezala, aurreko hamarkadetan Europar Batasunak nahiko ondo funtzionatu izan du interes nazional partikularren agregazio gisa, baina, momentu honetan, interesak askotarikoak dira. «Europar Batasunari interes komun partekatua falta zaio, eta hori zaila da sortzea, herrialde bakoitzak egoera sozioekonomiko ezberdinak dituelako. Europa zentratu beharko litzateke proiektu sozial eta demokratiko bat sortzean, non elkartasunak funtsa izan behar duen», adierazi zuen Blasek.