Donostiako 1.456 establezimenduk egin dute bat ‘Euskaraz barra-barra’ egitasmoarekin
‘e//’ marka duten pegatina gorriak dituzte sarreran itsatsita ‘Euskaraz barra-barra’ egitasmoarekin jada bat egin duten Donostiako 1.456 establezimenduek. Helburua da bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela establezimendu edo gune horietan.
Donostian ‘Euskaraz barra-barra’ egitasmoak izan duen harrera onaren berri emateko prentsaurrekoa eman du Donostiako Udaleko Turismoko, Euskarako eta Kulturako zinegotzi Jon Insausti Maisterrenak, hiriko merkataritzako eta ostalaritzako elkarte eta erakundeetako (Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea, San Sebastian Shops eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioa) ordezkariek lagunduta.
Merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzen dituen Euskal Herri mailako marka da ’Euskaraz barra-barra’, establezimenduetako langileen euskara gaitasuna identifikatu eta aitortzen duen marka bateratua. 2022. urtean jarri zuten martxan egitasmoa EAEko eta Nafarroako gobernuek eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak eta une honetan 150 bat herritan ari dira egitasmoa bultzatzen lekuan lekuko udalak.
Donostiako Udalak hasieratik hartu du parte egitasmoan eta, gaur egun, bertako 1.456 establezimendu daude atxikita. Insausti zinegotziak jakinarazi duenez, lehenengoz 2022ko udazkenean aurkeztu zien Udalak ‘Euskaraz barra-barra’ egitasmoa aurretik ‘Hemen ere euskaraz’ ekimenarekin bat eginda zeuden saltokiei, eta horietatik 1.060k egin zuten bat egitasmoarekin. Ordutik hona beste 396 establezimendu batu dira egitasmora.
Auzoka, egitasmora atxikitako establezimendu gehien Grosen (233, guztizkoaren %16) eta Amara Berrin (218, %14,9) daude; eta sektoreka, berriz, merkataritza sektorean (% 3).
‘e//’ ikurra duten establezimenduetan 5.916 langile ari dira jendaurrean, eta horietatik 10etik 9k du euskaraz ulertzeko gaitasuna: 3.885ek (%65,7) euskaraz hitz egiten dute eta 1.325ek (%22,4) euskaraz ongi ulertzen dute, nahiz eta ez hitz egin. Hortaz, egitasmoan parte hartzeko ulermenaren baldintza ondo betetzen dute.
Euskara zinegotziaren arabera, «datu horiek erakusten digute Donostian kontsumitzaileok uste duguna baino establezimendu gehiagotan egin dezakegula euskaraz».
Egitasmoari ikusgarritasun gehiago emateko asmoz ‘e//’ ikurra duten telazko 5.000 poltsa banatuko ditu Udalak atxikitako saltoki eta ostalaritza lokalen artean, bezero euskaldunei opari edo sari gisa emateko. Ekainaren bigarren hamabostaldian egingo da banaketa aldez aurretik eskaera egin duten establezimenduetan. Eskaera egiteko hiru asteko epea izango dute: maiatzaren 27tik ekainaren 14ra.