INFO

Letra arrazista jarrita bertsionatutako abesti famatua debekatu dute Oktoberfesten

Ultra batzuek letra arrazista eta xeonofoboa jarrita bertsionatutako ‘L'amour tojours’ abesti aski ezaguna debekatu dute hurrengo Oktoberfesten. Nazismoari erreferentzia egiten diote sare sozialetan zabaldu duten bideoan eta delitua ote den ikertzen ari dira.

Utraeskuinaren hazkundearen kontrako protesta Alemanian. (Ronny HARTMANN | AFP)

Oktoberfest jaialdiaren antolatzaileek iragarri dutenez, Gigi D'Agostino DJ italiarraren ‘L'amour tojours’ abesti aski ezaguna debekatu dute, joan den astean Alemaniako ultra gazte talde batek kantu horren bertsio xenofobo eta arrazista bideo batean zabaldu ostean. ‘L'amour tojours’ oso erabilia da azken boladan kirol lehiaketetan batez ere, Euskal Herriko estadioak barne.

«Debekatu nahi dugu eta debekatu egingo dut. Hemen ez dago eskuindar zabor guzti horrentzako tokirik», adierazi dio Clemens Baumgärtner Municheko Garagardo Festako arduradunak DPA albiste agentzia alemaniarrari. Baumgärtnerrek onartu du abestia ezin dela eskuin muturrekotzat jo, baina Oktoberfesteko antolatzaileak nabarmendu du «ultraeskuindarren konnotazio argia» jaso duela azken aldian.

Hori dela eta, jaialdia «apolitikoa» eta milaka gonbidatu hartzen dituen ospakizun «ederra eta alaia» dela azpimarratu du. Oktoberfestek kontsigna eta eduki ultraeskuindarrak debekatzeko eskubidea gordetzen du, eta eskubide horri heldu dio oraingoan.

Joan den astean piztu zen polemika, sare sozialetan bideo bat zabaldu eta gero. Bideo horretan, gazte talde bat Sylt uharteko taberna baten irteeran korrika ari zen, ‘Atzerritarrak kanpora!’ eta ‘Alemania alemaniarrentzako!’ ohikatuz, besteak beste, aipatutako doinuaren erritmoan. Segundu gutxiko bideoa da, sare sozialetan zabaldu dutena, eta bertan agertzen den gazteetako batek Adolf Hitlerrena bezalako bibotea imitatzen du atzamarrekin.

Alemaniako zenbait buruzagik, tartean Olaf Scholz kantzilerrak, «onartezintzat» jo zuen eta aurreratu zuen gidatzen duen gobernua horrelako jokabideak gizartean «zabaltzea» saihesteko lanean ari dela aurreratu du. Polizia bideo hori delitua izan daitekeen ikertzen ari da, Alemanian debekatuta baitago gorrotoa bultzatzea eta nazien leloak zein sinboloak erabiltzea.

Taberna batean grabatu zuten bideoa eta bertako arduradunek edukiaren aurkako jarrera agertu dute. Ziurtatu dute egiten ari zirenaren berri izan balute bezeroak kanporatuko lituzketela: «Ez dago arrazakeriarako lekurik».