INFO

Ricardo Echepareren omenezko konferentziak izango dira EHUren Udako Ikastaroak ixteko

EHUren Udako Ikastaroak hogei urtez baino gehiagoz zuzendari izan zen Ricardo Echepareren izena eramango duten konferentziekin itxiko dira aurrerantzean, hark egindako lana aitortzeko helburuarekin. Horrekin batera, hezkuntzako profesionalei zuzendutako 17 ikastaro aurkeztu dituzte.

Ricardo Echepareren omenezko konferentzia aurkeztu dute EHUren Udako Ikastaroek. (UPV/EHU)

EHUren Udako Ikastaroak (UIK) bi hamarkada baino gehiagoz zuzendari izandako Ricardo Echepareri eskainitako amaierako konferentziekin bukatuko dira uda honetatik aurrera, gonbidatutako «pertsona ospetsu» baten eskutik.

Udako Ikastaroen bultzatzaile gisa eta ezagutzaren dibulgazioaren alde egindako ekarpena aitortzea da urtero, irailaren amaieran, Donostiako Miramar Jauregiko ‘Errege Jangela’ aretoan egingo diren hitzaldi sorta berri hauen helburua. Arreto horrek egungo Udako Ikastaroak abiatzeko funtsezko pieza izan zenaren izena ere hartuko du.

Eva Ferreira EHUko errektoreak eta Itziar Alkorta Udako Ikastaroen zuzendari akademikoak Donostian egin duten agerraldian eman dute ekimenaren berri. Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak ere parte hartu dute.

Data zehatza eta hizlaria laster iragarriko diren arren, ikastaroen antolatzaileek jakinarazi dute Juan Gonzalo Muga EHUko irakasleak emango duela hasierako konferentzia, ekainaren 24an, ‘Fisika kuantikoa: Txigorgailutik ordenagailura’ izenburuarekin.

Errektoreak nabarmendu du Ricardo Echepare (Irun, 1942-2021) euskal unibertsitate publikoaren Udako Ikastaroen proiektua sortu zuen «intelektualen taldeko» kide izan zela. Gogorarazi duenez, 1981ean hasi ziren ikastaro horiek, «bederatzi ikastaro besterik ez», eta, aurtengoan, ia berrehun jarduera egingo dituzte.

Echeparek «soberan irabazi du aitortza hau», esan du Bildarratzek. Azaldu duenez, itxierako hitzaldi sorta berria «ezagutzaren transferentzia eta ikerketa zientifiko eta teknologikoaren eragin soziala», goi mailako hezkuntza, ingeniaritzetako prestakuntza duala edo «kalitatezko unibertsitate kudeaketa» bezalako gaiei buruzkoa izango da.

Hezkuntzako profesionalentzako programak

Sailburuak hezkuntzako profesionalei eskainitako programa bereziak aurkeztu ditu astelehen honetan, ‘Irakasteko ikasi’ eta ‘Prest Gara’ izenekoak. Prestakuntza katalogo hori ikastetxeen errealitatearekin lotuta dago eta irakasleek ikasgeletan dituzten zalantzak argitzeko pentsatuta dago.

Zehaztu duenez, guztira 17 ikastaro emango dira hainbat arlotan «ezagutzak eguneratzeko», hala nola «STEAM irakaskuntza», «kultura digitalak gazteengan duen eragina», sexu hezkuntza, «heriotzaren pedagogia» eta dislexia edo beste hizkuntza nahasmendu batzuk.

Alkortak gogorarazi du Udako Ikastaroen 43. edizio honetako «gaurkotasuneko» ardatzak, eta dagoeneko ireki dute egitarau zabalean parte hartzeko izena emateko epea, ekainaren 6tik irailaren 30era.