INFO

Tolosaldean osteopata baten sexu erasoak salatu dituzten emakumeei babesa agertu diete

Tolosaldean sexu erasoak egiteagatik osteopata bat salatu zuten emakumeei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea burutu dute. Tolosan egin dute mobilizazioa, sistema judizial «gogorraren» aurrean babesa eta indarra helarazi diete salaketa jartzeko pausoa eman duten emakumeei.

Tolosan egin dute elkarretaratzea. (Jon URBE | FOKU)

Elkarretaratzea egin dute Tolosan dozenaka lagunek, hainbat sexu eraso egin dituen osteopataren kasua dela eta, Tolosaldeko Mugimendu Feministak deituta. Andragunearen aurrean adierazi diete elkartasuna erasotuak izan diren emakumeei, ‘Nik sinisten dizut. Guk sinisten dizuegu’ lelopean. Aduna, Alkiza, Alegia, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkilgo Udalek ere bat egin dute mobilizazioarekin.

Osteopataren bezero izandako hainbat emakumek salatu zuten kontsultan sexu erasoak egin zizkiela eta urtarrilaren 22az geroztik espetxean dago. Orduan bi andrazkok jarri zuten salaketa, «ukituak» egin zizkiela eta, baina dagoeneko hamar dira salaketa aurkeztu dutenak.

Salaketa jartzeko pausoa eman duten emakumeei elkartasuna adieraztea zen gaurko elkarretaratzearen xedea, Tolosaldeko Mugimendu Feministak mobilizazioa deitzean esan zuenez, «bizi dugun sistema judiziala oso gogorra» baita. Halaber, txalotu zuten emakume horiek elkartu izana, «ahalduntze ariketa eredugarria» eginez, eta «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko unea dela berretsi zuten.

Salatutako gizona kartzelaratzea erabaki zuen epaileak, «ihes egiteko arriskua» hautemanda. Urtarrilaren 21an atxilotu zuten eta epailearen aurrean deklaratu ostean espetxeratu zuten. Orduan salaketa jarri zuten bi emakumeek azaldu zuten masajea hasi eta tarte batera «baimenik gabe» hasten zela osteopata «ukituak» egiten. Kasu guztietan erasotzailearekin bakar-bakarrik zeuden biktimak kontsultan eta «beldurra» sentiarazi zien gizonak sesioetan.