INFO

Bake iraunkorra lortzeko akordio globala behar dela sustatu Kanakyn defendatu du EH Baik

Euskal Herria Baik prentsaurrekoa eskaini du, gaur goizean, Baionan, Mickaël Forrest Kaledonia Berriko Gobernuko ministro eta David Wanabo, Kaledoniako Batasuna (UC) alderdiaren ordezkaria eta, lehena bezala, FLNKSko batzorde exekutiboko kidea ondoan zituela.

 

EH Baiko ordezkariek haien elkartasuna adierazi diete kanakiar ordezkariei gaur Baionan eginiko agerraldian. (@Naiz)

Euskal Herria Baik prentsaurrekoa eskaini du, gaur goizean Baionan, bi ordezkari kanakiarrekin. Mickaël Forrest Kaledonia Berriko Gobernuko bigarren lehendakariorde eta ministroa eta David Wanabo Kaledoniako Batasuna (UC) alderdiaren eta, lehena bezala, FLNKSko batzorde exekutiboko kidea heldu dira Euskal Herrira bake iraunkorra lortzeko bidean akordio globala beharrezkoa dela aldarrikatzeko xedea duen biran.

Iragan maiatzaren 14an hauteskunde errolda zabaltzeko erreforma onartu zuen frantziar Asanblea Nazionalak. Geroztik istilu larriak sortu dira uhartedian. Gutxienez zazpi herritar hil dira ezohiko egoera batean murgildurik den lurraldean.

Atzo frantziar Gobernuak larrialdi egoera altxatu bazuen ere, Mickael Forrestek «testuinguru zaila izaten jarraitzen duela» baieztatu du. Poliziez gain militarrak ere eraman ditu frantziar Gobernuak Kaledonia Berrira. Tik tok sarea berriz ere martxan da uhartedian, baina oinarrizko eskubideak, hala nola elkartzeko eskubidea, oraindik ere debekatua daudela nabarmendu du ministroak.

NAIZekin mintzo, poliziek soilik ez baita lealisten bultzadapean eraturiko miliziek ere «errepresioa hedatu dutela» oroitarazi du, bere aldetik, David Wanabook.

Ikerketa galdetzeko asmoa dutela nabarmendu du Forrestek. Gaur gaurkoz hainbat heriotza susmagarri argitu nahian salaketa aurkeztuko dutela baieztatu du.

Heriotzak soilik ez, Kaledonia Berria geldirik atxikitzen duten krisiaren baitan zauritu anitz izan direla eta beste zenbait lagun «ezagutzen ez dugun baldintzetan» atxilotuta daudela baieztatu du.

«Kolonialismo berriari ere aurre eginen diogu»

Hautes errolda zabaltzeko erreforma bertan behera uzteko galdera berretsi dute FLNKSko ordezkariek. Handik aurrera, beste hainbat herrialderekin egin bezala –Palestina aipatu du Forrestek– nazioarteko bitartekaritza premiazkotzat jotzen dute.

Ildo beretik, kanakiar agintariek hartuemanak azkartu dituzte Kaledonia Berria deskolonizazio prozesuan dagoen lurralde gisara aitortzen duen NBE erakundeak begiraletza martxan eman dezan.

Noumeako akordioak zehaztu zuen bidea bururaino, hau da deskolonizazio prozesua amaiera arte eramateko engaiamendua baieztatu dute FLNKSko ordezkariek.

Era berean, krisia gainditzea ahalbideratuko duen akordio orokorra lortzeko elkarrizketarako prest direla adierazi dute.

Ildo beretik, «herri zapalduen arteko elkartasuna aldarrikaturik», EH Baik frantziar Estatuak kosta ala kosta gatazka politikoei errepresioaren bidez erantzuten jarraitzen duela salatu du.

Alta, Gaby Aresteguik oroitarazi duenez, «errepresioak ez du gatazka politiko bat konpontzen eta konponbide demokratikoa ez da aldebakartasunez arauak jartzea».

Horrendako frantziar agintari politikoei dei egin die, lehenik, «jarrera errepresibo eta hilgarri horiekin bukatzeko» eta ondoren akordio politiko globala sustatzeko baldintzak berma ditzan.