INFO

Eskola publiko, euskaldun eta plurala aldarrikatzeko hitzordua

Euskal Eskola Publikoaren defentsaren eta aldarrikapenaren erdigune bilakatuko da Ordizia igande honetan ospatuko den jaiarekin. Aurtengoa 31. ekitaldia izango da eta haren xedea, euskal hezkuntza sistemaren ardatz egituratzailea den eskola publikoaren garrantzia eta balioa azpimarratzea.

Asteazkenero azoka egiten den Ordiziako plaza nagusia izango da igandeko jaiaren guneetako bat. Argazkian, bideokliparen grabaketa saioa. (URDANETA ESKOLA)

Urdaneta eskola eta Oianguren institutua arduratu dira oraingoan festa prestatzeaz. Horrekin batera, jaialdiaren atarian, datozen urteetako erronka eta helburuak ere zehaztu nahi izan dituzte antolatzaileek; besteak beste, kultura aniztasuna eta inklusioa uztartzea, euskalduntzeari bultzada ematea eta publikotasuna bermatzea.

Aipaturiko helburu horiekin bat datorren leloa aukeratu dute oraingoan: «Ai do»; hain zuzen ere, Ordizian eta Goierriko beste leku batzuetan euskara batuko «ari du» horrela esaten da, eta horren bidez «publikoa ari du» mezua transmititu nahi izan dute eguraldiarekin lotutako metafora sortuz. Modu horretan, Eskola Publikoaren balioak eta indarguneak zabaltzeko ahalegin betea egiten ari direla aldarrikatu nahi izan dute.

Ekitaldiko logoa, bestetik, Urdaneta eskolarekin lotura estua duen Eukene Lekuona diseinatzaileak sortu du. Irudi horren bitartez guztia bustitzen duen euria, eta haren eraginez sortutako bizitza irudikatu nahi izan ditu egileak. Irudian kolore ezberdinetako euri tantak ikus daitezke, baita koloretako hostoen moduan marraztutako kimuak ere. Horien bidez, arestian aipatutako Euskal Eskola Publikoaren izaera eta helburuak transmititu nahi izan dituzte.

Aniztasunari keinu
Esan bezala, eta metafora meteorologikoari zentzua emanez, Jon Maia bertsolari zumaiarrak sortutako letrak ere Euskal Eskola Publikoaren balioak islatu nahi izan ditu.  Kantuaren sorkuntzan, gainera, Kau Kori Kura Ordiziako musika taldeak eta herri horretako Eskola Publikoko komunitateko kideek osatutako taldeak ere hartu du parte, eta kutsu umoretsu, absurdo eta psikodelikoa eman diote konposizioari. Bideoklipa Bira produkzioak taldeko kideek egin dute, eta Urdaneta eta Oianguren eskola publikoetako ikasle, irakasle eta gurasoek ere kolaboratu dute.

Abestiaren egileek adierazi dutenez, zenbait hilabete behar izan dituzte azken emaitza lortu arte. Antolatzaileek aitortu dute, era berean, abestia bera oso hunkigarria dela eta lehen letratik hasita amaieraraino modu ederrean islatzen duela Euskal Herriaren aniztasuna, bai eta euskalduntasuna eta publikotasuna ere.

Egitarau oparoa
Gauzak horrela, mundu guztia gonbidatu nahi izan dute igandean Ordiziako kaleetan ospatuko duten jaialdi mundialera. Bertan, adin guztietara egokitutako ekintza eta ekitaldi andana prestatu dute, egun osoan zehar lagunekin edota familian gozatu ahal izateko. Horretarako, Ordiziako kale eta plazetan bost gune atondu dituzte eta bertan ospatuko dira ekitaldiko jarduera, tailer eta ikuskizunak.

Gune horiek ondorengoak izango dira: asteazkenero azoka egiten den Ordiziako plaza nagusia, Garagartza plaza, herriko frontoia eta Zuhaiztia, Jose Migel Barandiaran plaza eta Barrena parkea. Horiez gainera, antolatzaileek aditzera eman dutenez, egun osoan zehar Ordiziako kaleetan barrena kale jarduera eta ikuskizunak egongo dira, bertaratzen diren guztien gozamenerako.
Dena prest, beraz, beste behin ere Euskal Eskola Publikoaren jaiaz disfrutatzeko, eta bide batez, publikotasuna, euskalduntzea eta inklusioa aldarrikatzeko.