INFO
Entrevista
Ximun Fusch
Axut! kolektiboko kidea

«Itogarria, tristea eta kezkagarria da gizarte bezala zer egiten dugun gure laborantzarekin»

Axut! kolektiboa lan berriarekin dator, ‘Lurrez estali’, Ximun Fusch-ek idatzi eta zuzendua. Protestek eztanda egin aurretik sumatu zuen konpainiak lehen sektoreari erreparatzeko  –ez ohikoa eszenan– beharra, duela urtebete inguru. Nekazaritzaren lotsei zein harrotasunei jarri diete fokua.

Ximun Fusch antzerkigilea eta aktorea. (AXUT!)

Bide emankorra egina da Axut! antzerki taldea, beti ere jendarteari pultsua hartuz, pil-pilean dauden gaiak jorratuz. ‘Lurrez estali’ da azken emaitza. «Saiatzen gara fokua jartzen guri inportantea iruditzen zaigun lekuan. Gure ofizioa da sentitzea haizeak nondik joko duen, zertan den euskal gizartea, sorginak bagina bezala. Duela urtebete eta gehiago aukeratu genuen gaia. Une hartan susmorik ez genuen laborarien kezkak pizturik sutan jarriko zela Europa. Bagenuen zerbait gaizki zihoan susmoa. Covid garaian oso argi geratu zen bazirela ezinbestekoak ziren sektore batzuk, laborantza tarteko, eta beti bezala beste norabait begiratzen da. Itogarria, tristea eta biziki kezkagarria da guk gizarte bezala zer egiten dugun gure laborantzarekin. Jakinda euskal gizartean gure kulturaren ohantzea dela laborantza. Bada faszinazio-mespretxu harreman bitxia. Gure kulturarekiko zein gure laborantzarekiko. Eta ‘Lurrez estali’ lanean bi gaiak landu ditugu», kontatu du Ximun Fusch-ek.

Goldeak lurra nola, egoera sozioekonomikoa eta politikoa iraultzeko nahia islatzen dute baserritarren protestek. «Bai, noski, baina uste dut azalean bakarrik tratatua izan dela arazoa. Ez gara gai gure paisaia jateko –%4 edo %8, ez dut gogoan kopuru zehatza, jaten dugu bertako janaria, ehuneko oso txikia da–. Gero eta gehiago konkistatua da artisautza, industria edo turismoa egiteko eremu bezala. Gure lurrak ez digu jateko ematen. Eta aldi berean ofizio zaila eta gordina bezain zoragarria da. Baina ez diogu behar duen arreta ematen. Absurdoa da, egunero hiruzpalau aldiz jaten dugu eta ematen du zerutik heldu dela. Horren aurrean nola jokatu nahi dugu euskaldun gisa? Galdera pausatu nahi diegu euskaldunei, ez gara Europara edo mundura zuzentzen. Zer egingo dugu gure laborantzarekin eta kulturarekin?», adierazi du Fuchsek.

Antzerkigilea arduratu da obra berria idazteaz eta zuzentzeaz. Alboan bidelagun izan ditu, nola ez, gainerako taldekideak: Manex Fuchs anaia, Arantza Hirigoien eta Argi Perurena. «Nire intuizio intimotik idazten dut eta ondoren partekatu egiten dut. Kooperazioan lan egiten dugu beti», esan du.

Badu berezitasunik antzezlanak. Batetik, Izura-Azmen soilik eskainiko dituzte emanaldiak. «Gure hausnarketa izan da: hortaz mintzatzen bagara non egingo dugu? Ez ote dugu justuki herri txiki batean, gure guraso-etxe ondoko herri batean eman behar, etxalde batean publikoa gonbidatuta? Landa eremuko baserriak ezinbestekoak direla badiogu, goazen harat, ez bakarrik kontsumitzeko, baita partaide izateko eta bizitza puska bat partekatzeko. Lekuan lekuko, bertatik bertarako ikuskizuna da», azaldu du.

Eta Izuran, ez edonon. Latsaga eszena bihurtu eta jauregiak hartuko ditu aktoreak. «Baserriaren gainbeherak Nafarroaren gainbehera irudikatzen du. Eta pronostiko guztien kontra bizirik dirauen aztarna da Latsagako jauregia. Bertan gertatuko da, ez beste inon, normalean, egundoko muntaketa eskatzen du-eta. Denok batera ea lortzen dugun fokua beste molde batean ezartzea. Ezinbestekoa zaio ez bakarrik ofizioari, izaera bati ere bai, Izura bilakatzea Euskal Herriko epizentroa. Ez Bilbo, Donostia edo Baiona, baizik herri txiki bat, zergatik ez?», esan du antzerkigileak.

Etxaldea eszenara eraman ordez gaztelua bera bihurtu dute agertoki. Zalditokia da egun Latsaga gaztelua. «Gure ideia zen baserria zegoen bezala erabiltzea. Baserriko tresneria guztia antzezle da. Zaldiekin batera bertan bizi den laboraria ere agertzen da funtzioan», aurreratu du.

Musikak ere badu pisurik. «Lekuari eta istorioari hobekien zetorkion musikaren bila aritu gara. Mirespenez begiratu izan ditut betidanik laborariak –magia da hazitik landarea ateratzea, epikoa da–, eta opera musika entzungo da antzezlanean», argitu du.

Nekazarien testigantzak

Antzerkiaren nondik norakoa sortzean intuizioa izan ohi dute abiapuntu, eta inguratzen dituenaren behaketa eta dokumentazioa datoz ondoren. «Obra idazteko hainbat laborarirekin mintzatu gara. Bagenuen intuizioa, baina proiektua sinesgarria izateko dokumentatu egin behar da. Gure proiektu denak dira oso dokumentatuak. Gure antzezlanak ez dira panfletoak. Antzerkitik mintzo dira, hots, intimitatetik. Eta oraingoan baserriko intimitatea jorratu nahi genuen. Eta galdekatu. Zer da emakumea izatea baserri batean gaur egun? Landa eremuan oso aktibitate garaikideak egiten dira –yoga esaterako, aurreiritzi askoren kontra– eta era berean herentzian jasotzen da aspaldi-aspaldiko umiliazioa. Izarren artean edo hedabideetan agertzen diren pertsona ezagunen artean oso gutxi dira laborariak. Eta gaia bera ere oso gutxi lantzen da», ohartarazi du.

Antzezlanaren eszena bat. (Eñaut Castagnet )

«Egungo etxaldea kontatu, erran eta taularatu. Lur bat ukaitearen zailtasun erran (etxebizitzen prezioek laborantza-lurrak erosezin bihurtu baitituzte). Lana, lotsa, umiliazioa erran, eta jatorriaren harrotasuna, kabalak erran, eta lurraren kultura erran». Hauxe Axut! kolektiboaren nahia.

«Europan bi egunetik behin nekazari batek bere buruaz beste egiten du. Edozein laborarik ezagutzen du bere buruaz beste egin duenik Iparraldean», nabarmendu du.

«Orain izan dira hauteskundeak, eta laborantza gai bezala ez da asko atera. Kultura ere berdin. Eta biak oso lotuta daude, elkarri begira, gure herrian. Biak izan direlako lotsaren eta harrotasunaren iturburu. Badakigu nondik gatozen. Gure gorputza zizelkatzen eta moldatzen du gure ofizioak. Eta une oro oroitarazten digu nondik gatozen. Usainean, izateko moldean, agurtzeko moldean, animaliak begiratzeko moldean, gauzak hartzeko moldean, gure eskuen zimurduretan... ikusten da gure lana, gure familia, eta aldi berean sortzen dira lotsa eta harrotasuna. Gaur egun hain konplikatua ematen duena, nortasuna edo identitatea, hemen ez da dudarik, zeren gure gorputzean markatua zaigu», jarraitu du.

Erantzun aparta

Estreinaldia maiatzeko azken ostiralean egingo da, gaur. Ondoren ekaineko bost asteburuetan –ostiraletik igandera, 20.30ean– ikus ahal izango dute bertaratzen direnek. Heldu zein ikastetxeetako ikasleei zuzendutako emanaldiak izango dira. «1.500 pertsonatik gora egongo dira. Gure harridura eta sorpresarako, erantzuna itzela da. Dena betea da! Hiru asteburuz jarraian egitea pentsatu genuen. Laugarrena ireki genuen eta bete da. Ez da leku izpirik. Bada itxaron zerrenda eta guzti. Bosgarrena ireki dugu», iragarri du.

Euskal Herri osoko aktoreez osatutako taldea da. Amateurrak zein profesionalak. Amaia Arbeletche, Ramon Agirre, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Ximun Fuchs, Xumai Gorostiaga, Arantxa Hirigoyen, Maitexa Iriarte, Jean-Marie Irigoin, Miren Tirapu, Iñaki Ziarrusta eta Oier Zuñiga.

Magia

«Bildu garenerako nahiko osatuta zegoen testua, nahiz denek –teknikariak barne– egin duten euren ekarpena. Belaontzietan bezala nork bere lekua du. Ezin da bestela ulertu, baina norabidea nahiko markatuta zetorren. Irakurketak eginez hasi gara, hizkuntza amankomuna jartzeko. Euskal Herri osoko aktoreak izanik bakoitzaren aberastasuna mantendu nahi nuen, beti bezala, euskalkiekin. Eta aldi berean antzerki hizkuntza bakarra sortu behar genuen. Aktoreak ere elkar ezagutzen hasi ziren. Batzuk aski ezagunak dira publikoarentzat, Ramon Agirre kasu, eta besteak ezezagunak. Ez zuten aurrez elkar ezagutzen eta bakoitzak bere ofiziotik ikasi eta irakatsi du. Talde oso heteroklitoa da eta aldi berean bat egiten du. Magia sortzen ari da, oso ederra. Aktore gazteenak 15-16 urte ditu eta zaharrenak 70 urteak paseak ditu. Hamaika aktore taula gainean izatea luxua da», aitortu dio NAIZi.

Bakoitzaren pisu interpretatiboaz galdetu diogu. «Nahiko orekatua da. Gutxi ikusten diren pertsonaia batzuk seguru naiz asko aipatuko direla», dio.

Zorrez betetako etxalde baten jabea den familiaren gorabeheren lekukoa izango da ikuslea. Arbasoen altxorra gorde eta diruzaletasuna aurrez aurre. Borrokak.

«Bitxia da, dirua gero eta gutxiago aipatzen da antzerkian edo zineman. Shakespeare, Moliere... autore klasikoen lanetan dirua hainbatetan agertzen da. Jendeak barre egiten du edo gorrotatzen du. Orain ematen du laino batean bizi garela antzerkian eta gauza materialak ez direla aipatzen. Alta, dirua aitzakia ona da intimitatea eta gure lekurik ilun edo argitsuenak agerian uzteko. Anitz aipatzen da, zeren arazo larria baita. Ez bakarrik baserrian guztion bizitzan arazo inportantea da».

Txiste bat gogoratu zaio Fuchsi. «Bide ingeniariak, Euskal Herriko bideez liluratuta, dio: ‘Nola egiten dituzue?’. ‘Astoari galdetzen diogu, berak daki nondik joan’, erantzuna. ‘Eta astorik ez bazenute?’. ‘Zuri deituko genizuke’», kontatu du irribarre artean. «Naturak bide bat markatzen digu. Gure ingurumenak, gure paisaiak, gure erroek, ebidentziaz, bidea markatzen digute, eta badirudi itsu gaudela», gogoeta egin du.