INFO

Kriminologiaren Euskal Institutuaren indarkeria politikoari buruzko lana saritu dute Estonian

Kriminologiaren Euskal Institutuak ‘Justizia Errestauratiboaren Europako Saria’ jaso du, indarkeria politikoari buruzko Topaketen Topaketa Errestauratiboko nazioarteko sareagatik. Besteak beste, torturaren gaineko ikerketak egin ditu, Lakuako zein Nafarroako gobernuen enkarguz.

Kriminologiaren Euskal Institutuak saria jaso du Estonian. ( IVAC/KREI)

Indarkeria politikoari buruzko Topaketa Errestauratiboko nazioarteko sareak Justizia Errestauratiboaren 7. Saria jaso du Tallinen (Estonia). EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak bultzatu zuen aipatutako sarea 2019an, beste herrialde batzuetako unibertsitate eta erakundeekin batera. Zeharka bada ere, beraz, IVAC-KREIren lanaren balioa nabarmendua izan da, indarkeria politikoari dagokionez. Besteak beste, Paco Etxeberriaren gidaritzapean torturaren gaineko ikerketak burutu ditu erakunde honek azken hamarkadan, Lakuako Gobernuak zein Nafarroakoak onetsiak.

Gema Verona Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendariak nabarmendu duenez, «zoritxarrez dagoeneko gure artean ez daudenak ohoratzen ditu sari honek (hildakoen aulki hutsa, presentziaz betea) eta, aldi berean, datozen belaunaldientzat (seme-alabak, bilobak...) da. Nahiago genuke sari hau ez jaso (horrek esan nahi luke ez dutela inor erail eta ez duela inork erail), baina, gerraz betetako mundu honetan salbuespenik egin gabe, pertsona guztiak konprometitzen gaitu zeregin errealista batera: bakean emandako eta bakera zuzendutako pauso txikiak eta mugatuak imajinatzea eta horiek elkarrekin eraikitzea».

Azaldu dutenez, Euskal Herrian, Ipar Irlandan, Palestinan, Israelen, Ukrainan, Belgikan, Frantzian, Italian eta Alemanian zuzeneko edo zeharkako indarkeria politikoa jasan duten biktimak biltzen ditu Topaketen Topaketa Errestauratiboen nazioarteko sareak (EofEs), baita haren batzordean parte hartu duten pertsonak, topaketa errestauratiboetako parte-hartzaile guztiak, bideratzaileak eta kaltetutako komunitateko ordezkariak ere; bereziki, belaunaldi gazteak.

Sarea duela bi urte elkartu zen lehen aldiz, Kriminologiaren Euskal Institutuan, eta iaz bosgarren aldiz elkartu zen, EHUko hiru campusetan —online egindako bilera baten eta Italian egindako bi bileraren ondoren—.

Testuinguru ezberdinak izanik, «bakea lortzeko pausoak ematean hainbat herrialdek elkarrekin ikastea» da ideia nagusia, «indarkeriaren ondarearen aurrean ikuspegi berreraikitzailea izanik, are indarkeriak jarraitzen duenean ere».

Justizia Errestauratiboari buruzko Europako Foroaren (EFRJ) 10. urteurrenean jarri zuten martxan Justizia Errestauratiboaren Saria. Justizia errestauratiboaren garapenari egindako ekarpen garrantzitsuenak aitortzen eta saritzen ditu. Ekarpen horiek teorikoak, praktikoak, enpirikoak edo politikoak izan daitezke.

Sariak pertsonei, taldeei edo erakundeei ematen zaizkie. Foro horren bi urtez behingo Nazioarteko Konferentzian egiten da sari banaketa. Erakundeko Zuzendaritza Batzordeak izendatzen ditu sarituak, kideek egindako proposamenetan oinarrituta.