INFO

Plentziako Udalak «Euskal Errepublikaren parte» dela aldarrikatu du, Ehunen ekimenez

Plentziako Udalak Ehunek proposatutako mozio bat onartu zuen ostegun honetan, kolektiboak berak jakinarazi duenez. Bertan herria bere burua «Euskal Errepublikaren parte» dela deklaratzen du, «herritar guztion ongizaterako derrigorrezko erreminta» gisa.

Aitor Garagarza, Plentziako alkatea, artxiboko irudian. (@EHBilduPlentzia)

Ostegun arratsaldean, Plentziako Udalak Ehunek aurkeztutako mozioa onartu zuen osoko bilkuran, kolektiboak jakinarazi duenez. Bertan, Udalak bere burua «Euskal Errepublikaren parte» dela deklaratzen du. EH Bilduk gehiengo osoa du Udalean, sei zinegotzirekin. EAJk hiru ditu eta AEIk, bi.

Ehunen ustez, «Plentziako Euskal Errepublikaren aldebakarreko adierazpena historikoa da, lehen aldiz Euskal Herriko erakunde batek lurraldearen zati bat euskal errepublikaren zati izendatu duelako».

Kolektiboak azpimarratu duenez, «historian zehar aurrekariak izan dira Euskal Herriko hainbat udaletan, baina aurrekari horiek, bidea ireki duten arren, euskal errepublika eman diezaguten eskatzera mugatu dira, ez independentzia aldarrikatzera».

Testuak, era berean, «espainiar Estatuaren parte garen bitartean ezin izango dela herritar guztien aldeko legedirik aurrera atera» ere adierazten du. «Euskal Errepublika herritar guztion ongizaterako derrigorrezko erreminta dugula diogu».

Haien hitzetan, «errepublika hau eskubide parekideak dituzten herritar parte-hartzaileek osatzen dute eta Plentziako herritarrak bere parte gara».

«Udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak. Udalek inork baino hobeto ezagutzen dituzte herritarron taupada eta beharrak. Hala ere, askotan, herritar guztion interesak babesteko erremintarik gabe daudela uste dugu», adierazten du onartutako testuak. «Gehiegitan, legediak, denon interesei beharrean, gutxi batzuen interesak babesteko eginak daude. Udalen beharretatik urrun sortzen da legedia, zer esanik ez Euskal Herriko udaletatik», gehitzen du.

«Mugarik gabe, herritar guztion alde»

Zentzu horretan kokatu zituzten, besteak beste, etxebizitzaren inguruko legediak eta kosta eremuen ingurukoak. «Bi esparru hauek eragin handia daukate Plentziako egunerokoan eta Udalak aurrera atera nahi dituen hainbat asmorentzat traba dira».

Ehunen iritziz, «udalek herritar guztion zerbitzura dagoen legedia behar dute», horrela bakarrik egin ahalko baitute «inongo mugarik gabe herritar guztien alde». «Baina Ehunetik uste dugu ere legedi herritar hori espainiar Estatuan ezinezkoa dela lortzea», adierazi dute.

Larunbat honetan Ehunek agerraldia egingo du Plentziako Goñi Portal Kultur Etxean, 12:00etan, mozioari buruzko xehetasun gehiago emateko eta hurrengo urratsak argitzeko.