Hondarribia eta Arraun Lagunak Gipuzkoan, eta Bermeo eta Kaiku Bizkaian, 2024ko txapeldunak
Traineruen denboraldiari hasiera ofiziala eman zaio igande honetan Hondarribiko eta Lekeitioko uretan. Gipuzkoan, Hondarribia –gizonetan– eta Arraun Lagunak –emakumezkoetan– izan dira txapeldunak; eta Bizkaian, adliz, Bermeo –gizonetan– eta Kaiku –emakumezkoetan–.
Hondarribiko eta Lekeitioko urek traineruen denboraldi ofizialaren hasiera jaso dute igande honetan. Bertan, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketak ospatu dira eta, hala, urteko lehen txapeldunak ditugu: Hondarribia –gizonetan– eta Arraun Lagunak –emakumezkoetan–, alde batetik; eta Bermeo –gizonetan– eta Kaiku –emakumezkoetan–, bestetik, lehen banderak astindu dituzte.
Bi txapelketak aldi berean jokatu dira, baina Gipuzkoakoa beranduxeago amaitu da, traineru gehiago aritu baitira lehian. Beteranoen txapelketa izan da lehena ospatzen, eta bertan Badok 13 izan da txapelduna. Atzetik, Fortuna, Illunbe eta Zumaia geratu dira.
Emakumezkoen estropadan (2.778 metrotakoa), hamar ontzik hartu dute parte eta Arraun Lagunakek iazko denboraldiko maila bera erakutsi du gaurkoan ere. Ohorezko txandan lehiatu dira donostiarrak eta emozioz beteriko txanda izan da.
Egia da Andrea Astudillok gidaturiko ontzia lehen paladatik oso nagusi izan dela, baina atzetik, Tolosaldeak, gauzak bizitu ditu bigarren luzean. Amondarain lemazainaren Tolosaldea Arraun Lagunaken atzean jarri da, alde batetik bestera trainerua ezin kontrolatu. Pentsa, ia talka egin dute laugarren kaletik zetorren Donostiarrarekin, Arraun Lagunakeko lemazainaren arraunarekin ere...
Zorionez, ez da ezer gertatu eta Arraun Lagunakek lidertza mantendu du helmugara arte. Estropada amaitu eta segituan epaileak eztabaidatzen jarri dira, baina ez dute Tolosaldea zigortu eta hauek bigarrenak izan dira, Donostiarraren aurretik. Orio laugarren izan da.
Aurreko txandaren hasiera minutu batzuk atzeratu behar izan dira, Hibaikak arazoa izan baitu estatxarekin. Behin irteera emanda, Zumaiak segituan hartu du aurrea, Hondarribia atzean zuela. Zarautz pixka bat atzerago geratu da eta errenteriarrak are atzerago.
Zumaiarrak izan dira lehenak ziabogan, baina Hondarribiak olatu ona hartu du beraien pare jarri da. 0 kalera joan dira "etxekoak", baina Zumaiak oso ondo eutsi eta txanda irabazi du bi segundogatik.
Lehen txandan, ez da kolorerik egon. San Juanek 19 segundo atera dizkio Hernaniri.
Gizonetan, Hondarribiak, etxean, bandera bereganatu du 15. titulua eskuratzeko, bosgarrena jarraian. Estu-estua izan da bere txanda, eta bigarren luzean bazirudien atzean geratuko zela besteek olatu onak hartu dituztenean. Baina ez, aurrera egin dute berdeek berriro ere Ioseba Amunarrizen gidaritzapean.
Azken luzean Donostiarra bere itzalean jarri da. "Ama Guadalupekoa" bigarren kalean sartu, baina bere kalera bueltatu da ondoren, eta lehia atzean egon da azken unera arte. Getariak pasa egin dio Donostiarrari, bigarren postua eskuratzeko, eta Orio atzerago iritsi da.
Zentzu honetan, aipatu behar da bigarren txandan aritu den San Juanen laugarren postua bereganatu duela eta, beraz, hurrengo asteko Euskadiko Txapelketan lehenengo lauak arituko dira: Hondarribia, Getaria, Donostiarra eta San Juan.
Bizkaiko Txapelketa
Getxok beteranoen txapelketa irabazi ostean –Bilbo eta Plentziari irabazi die–, hurrengoa Kaiku izan da, emakumezkoetan. "Bizkaittarra" ontziak beste bi traineru izan ditu aurkari, Ondarroa eta Deustu.
Oreka nabarmena izan da lehen luzean eta, hala, segundo bakarreko aldearekin egin du maniobra. Ondarroa bigarren izan da ea Deustu, pixka bat atzerago, hirugarren.
Bigarren luzean Ondarroa Kaikuri gerturatu zaio, estropada borrokatua bihurtuz, baina Sestaokoek ondo eutsi diote lehen postuari eta txapeldun suertatu dira.
Ondoren gizonezkoen lehia iritsi da. Bertan hamar traineruk hartu dute parte, eta ez da ezustekorik egon. Bermeo Urdaibaik bere nagusitasuna berriro ere agerian utzi du eta txapelketa eskuratu du.
Bermeotarrak ohorezko txandan lehiatu dira, Zierbena, Lekittarra eta Kaikurekin batera. Lehen luzean Aitor Lazkano lemazainaren ontziak ondo eutsi dio Gorka Aranberriren traineruari, lau segundoko aldea besterik izanda. Atzetik, Lekittarrak oso estropada ona egiten zetorren eta, atzerago, Kaiku atzerago geratu da segituan.
Bigarren ziabogan aldeak handitu ditu Urdaibaik eta esfortzu handiegirik egin gabe, denboraldiko lehen bandera irabazi du.