INFO

Jokin Altuna: «Atsedena behar dut, baina laster izango dut pilotarako gogoa»

Gorputzak eta buruak atseden hartzeko eskatzen diote eta, hirugarren Buruz Buruzko txapela patrikan, gustura hartuko du Jokin Altunak astebete inguruko oporraldia, baina pilotarako grina eta pasioa ditu bere bizitzako ardatz, eta harra laster itzuliko zaio.

Jokin Altuna Amezketako plazan, bezperan Bilbon lortutako txapelarekin. (Maialen ANDRES/FOKU)

Gaitasuna, gogoa, ingurua... denak ditu primerakoak eta beharrezkoak Jokin Altunak historiako pilotaririk handienetako bat bihurtzeko, baina ezinbesteko dohain bat badu, amezketarrak pilotarako duen grina edo pasioa da hori, Buruz Buruko bere hirugarren txapela jantzi eta ordu gutxira herrian bertan emandako prentsaurrekoan argi utzi duen bezala. Lagunekin oporretara joan aurretik hitz egin du Altuna III.ak, eta «pilak kargatzeko» etenaldi hau, eta beste luzeago bat ere bai, gustura hartuko lituzkeela aitortu eta gutxira, pilota laster faltan botako duela onartu baitu.

«Nik uste asko laguntzen didala pilotan aritzeak, eta ez profesionaletan nabilenetik, txiki-txikitatik gustatzen zait, pilotan nabilen bitartean beti oso gustura nabil. Hobetu nahi dut, baina ez dut fokua jartzen bederatzigarren txapela lortzean. Txapelketa bakoitza ilusio berriarekin hartzen dut. Deskonektatu nahi dudala esan dut, baina badakit hamar egun pasatzen direnean gogo handia izango dudala berriro takoak jarri eta frontoira joateko. Txapel bat gehiago edo gutxiago lortu, zoriontsua naiz pilotan nabilenean, eta gerora egunerokotasun hori izango da faltan botako dudana», azaldu du Aspeko aurrelariak.

Baina etenaldiak eta atsedenaldiak beharrezkoak ditu, azken urteetan daraman erritmoari eusteak ezinezkoa dirudielako. Azken urteari erreparatuta soilik, igandekoa laugarren final handia zuen jarraian, eta horri gehitu udako Sanferminetako kaiolako zein binakako, San Mateo, Bizkaia eta Udako Masters-eko finalak ere jokatu izana, horrek dakarren neke metaketarekin.

Egia da Buruz Burukoa bezalako garaipenekin gauzak errazago egiten direla, baina emaitzez harago, bideaz gozatzearen gozoak betetzen du palmaresak baino gehiago. Hori bai, Buruz Buruko hirugarren txapela janztea «hitz handiak» direla onartu du, eta ez duela berehalakoan usteko Patxi Eugi eta Migel Gallastegi bezalako pilotarien txapel kopurua berdinduko zukeenik. «Baina horrek ez du esan nahi horrekin konformatuko naizenik».

Patxadaz

«Txapelek eskaintzen didaten poza ez da aldatu urteetan zehar, baina orain helduagoa naiz pertsona eta kirolari gisa, eta lasaitasunetik gozatzen ditut garaipenak, emozio gehiegirik gabe». Horregatik, Bilbotik Amezketara bueltan, lagunekin garagardo bat hartu eta gero, etxekoekin afaldu nahi izan zuen, beste urteetako ongietorri bero eta zaratatsurik gabe. Gero bai, kalean ospatu zuen txapela merezi bezala, eta lo gutxi eginda, baina aurpegi onarekin, agertu da komunikabideekin jarritako zitara.

Gainera, fisikoki exijentzia gutxieneko finala izan zen Lasoren aurkakoa, eta gorputzak ere igarri zuen astelehen honetan ez zuela beste batzuetako kexarik. Finala hasterako nabaritu omen zuen, Lasoren oinek zuten pisuaren aldean, arin zebiltzala bereak kantxan, eta uste baino final errazagoa suertatu zitzaion. Hainbeste, non Altunaren muga non egon daitekeen galdetzen dioten pilotazale askok euren buruari. Denbora gutxi kentzen omen dio galdera horrek amezketarrari. Bere erronka «beste hamar urtez pilotaz gozatzea» litzateke, nahiz eta erritmoari eustea ez duen erraza izango.