INFO

Emakumeen eta LGTBIen kontrako erasoen aurrean Europan ere tinko arituko dela dio EH Bilduk

Eskuin muturraren eraginez, bai Europan bai Euskal Herrian emakume eta LGTBI komunitatearen kontrako gorroto mezuak eta erasoak handituz doaz. Horren aurrean, tinko arituko dela nabarmendu du EH Bilduk Iruñean egin duen agerraldian.

Zaloa Basabe eta Oihana Etxebarrieta emakumez inguraturik izan dira Iruñeko agerraldian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Eskuin muturraren eraginez emakume eta LGTBI komunitatearen kontra ematen diren erasoei Europan ere aurre egingo diela nabarmendu du EH Bilduk Iruñean egin duen agerraldian.

«Mugimendu feministaren eskutik, indarkeria matxistaren borroka gure jardunaldiaren erdigunean kokatuko dugu. Gaur egun indarkeria matxistaren negazionistak dauden momentu honetan guk argi diogu: lehen mailako arazo politikoa da eta guk hala tratatuko dugu, indarkeria matxistaren negazionisten aurrean eztabaida politikoaren erdigunera eramango dugu, indarkeria honen biktimak aitortu eta erreparatzeko bideak jorratzeko eskatuz», adierazi du Oihana Etxebarrieta EH Bilduren hautagaiak.

LGTBI komunitateko kideek ere eskuin muturraren gorroto mezuak jasotzen dituztela nabarmendu du Etxebarrietak. «Herri batzuetan atzera egin dute pertsona hauen eskubideen aitortzan eta gora egin du indarkeria LGTBIfobikoak», salatu du, Euskal Herrian ere azkenaldian erasoak izan direla nabarmenduz. Horrela, Iruñean eta Amurrion ortzadarraren bankuen kontrako erasoak, LGTBI pina izateagatik lagun bati Iruñeko taberna batean sarrera ukatzea, Indautxun izandako eraso LGTBIfobikoa eta Atharratzeko Le Trinquet-en kontrako pintaketak egin direla gogoratu ditu.

«Hau ultraeskuinak jarrera horiek hauspotzen dituen bitartean gertatzen ari da. EH Bilduk LGTBI pertsonak ikusgarri eta eskubidedun egiten dituzten politikak sustatzen jarraituko dugula ozen diogu», aldarrikatu du Etxebarrietak.

Abortoa bermatzea

Ekitaldi berean Iruñeko Udaleko Berdintasun arloko zinegotzi Zaloa Basabe ere izan da. Eskuin muturraren aurrean EH Bildu harresi izango dela nabarmendu du, bai Euskal Herrian bai Europan. «Hauteskunde hauetan ultraeskuina arrisku erreala da. Urtetako borrokei esker lortutako eskubide asko eta asko, emakumeen eskubideak ere, arriskuan daude. Eta ezin dugu horrelakorik onartu», esan du.

Aukera izan du guztietan, gobernuetara heltzerakoan eskuin muturrak emakumeen eskubideen kontra egin dutela gogoratu du Basabek. Horren adibidetzat Polonia aipatu du, non abortua debekatu zuten. Horren ondorioz, emakume ugari hil egin da abortu praktika desegokiengatik edo osasun arreta faltagatik.

«Horren aurrean, gure konpromisoa argia bezain irmoa da: abortatzeko eskubidea eta emakumeok gure gorputzaren gainean erabakitzeko dugun gaitasuna bermatuko dugu Europan ere. Europa mailako elkartasun sare bat eta mugimendu feministaren babesa eta aitortza sustatuko ditugu, emakume orok haurdunaldia doan eta modu seguruan eteteko aukera izan dezan hala erabakitzen badu», azaldu du.