INFO

Erramun Baxok ohorezko euskaltzaina eta EKEko lehendakari ohia zendu da

Erramun Baxok ohorezko euskaltzaina eta Euskal Kultur Erakundeko (EKE) lehendakari ohia hil da, 95 urte zituela. Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu duenez Baxok «beti euskararen geroaz kezkatuta zebilen euskaltzalea» zen, baita «soziolinguistikan goren mailako aditua» ere.

Erramun Baxok. (@euskaltzaindia)

Erramun Baxok irakaslea, ohorezko euskaltzaina eta Euskal Kultur Erakundeko (EKE) lehendakari ohia ekainaren 3an hil zen, 95 urte zituela.

Nafarroa Behereko Suhuskun herrian sortu zen zen Baxok, 1928ko abenduaren 26an.

Mintzoak.eus atariak orain zendutakoari eskainitako biografian irakurri daitekenez, herriko eskolan ibili ondotik, bigarren mailako ikasketak hainbat ikastetxe eta seminariotan (Afrikako misioak) egin zituen Erramu Baxokek.

Munduko II. Gerlaren gorabeheren arabera, Tarnosen (Baudonne), Champtoceauxen (Maine et Loire), edo Nantesen ibili den. 1947an bi aldiz lizentziatu zen.

Unibertsitateko ikasketak Lyon-eko Institutu Katolikoan egin zituen, eta han, filosofiako lizentzia erdietsi zuen 1953an.

1953tik 1967ra, apaiza eta filosofia irakaslea izan zen hasieran frantses Estatuan eta ondoren Boli Kostan.

Hamar urte Quebecen egin ondoren, 1978an itzuli zen Ipar Euskal Herrira.

EKEren dolumin mezua

Euskal Kultur Erakundearen buru izan ondoren erretreta hartuta zegoen Baxok.

Aipaturiko erakundeal dolumin mezua helarazi die bere senideei. X sare sozialaren bidez plazaratu duen mezuan nabarmendu duenez, hizkuntzalaria EKEko administratzaile egon zen sorreratik eta ondoren lehendakari gisa jardun zuen 1994tik 2003ra.

«Langile porrokatua, anitz inplikatua izan da pedagogiaren munduan, soziolinguistikan eta kultura arloan», nabarmendu du EKEk.

Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen 1996ko martxoaren 29an, eta ohorezko 2010eko urtarrilaren 29an. Euskaltzaindian batzorde hauetan egin zuen lan: Jagon saila (1995-1999) eta Sustapena (1999-2021).

Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu duenez, Baxok «beti euskararen geroaz kezkatuta zebilen euskaltzalea» zen baita «soziolinguistikan goren mailako aditua» ere.

Erakundeak bere webgunean azaldu duenez, Baxokek zenbait idazlan argitaratu zituen: ‘Euskaraz bizi’ (zuz.) (1984-1990); ‘Helduen euskalduntzea eta etorkinak Ipar Euskal Herrian’ (elkarlanean) (2010); eta ‘Gazteak, aisialdia eta euskara Ipar Euskal Herrian’ (elkarlanean] (2011).

Soziolinguistika ikerketa euskararen normalizazioaren akuilu

Soziolinguistikan euskararen normalizaziorako helburuari eginiko ekarpena ageria jartzen du Erramun Baxoken ibilbideak.

Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk bultzatutako Jendaurrean Erabili proiektuaren harira Gaur8 astekarian idatzitako artikuluan aspalditik hasi zen ekarpen hori aipagai izan zuen Xabier Izaga kazetariak.

Bere artikuku horretan jaso zuenez, 1990ean, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik ‘Bat Soziolinguistika Aldizkaria’ bultzatu zuen, «beste herrietako saioak, arrakastak eta porrotak aztertu» beharra zegoela uste baitzuen.

2000. urtean, aldizkariko erredakzio batzordeak Erramun Baxok EHUko irakasle eta Euskal Kultur Erakundeko lehendakari ohiak aspaldi egina zuen proposamen baten gaineko hausnarketa berreskuratu eta bi lan ildo antolatu zituen: bata SEI Elkartea sortzeko, Soziolinguistika Institutuaren ideia sustatu eta garatzeko erakunde dinamizatzaile izan behar zen elkartea, alegia; bigarrena, arlo akademiko, instituzional zein pribatuko eta gizarte arloko zenbait erakunderekin harremanetan jartzeko, garatutako ideia horrek norainoko adostasun maila bil zezakeen sumatze aldera.