INFO

Gipuzkoako trafikoan izandako «kaosa» Lakuaren kudeaketari egotzi dio Estatuko ordezkariak

Nekazarien protesten ondorioz Irundik Villabonara sortutako auto-ilaren «kaosa» Lakuako aurreikuspen falta dela eta gertatu zen, Gobernu espainolaren arabera. Lakuako Segurtasun sailburuordeak, Rodrigo Gartziak, aldiz, Ertzaintzaren dispositiboa «positibotzat» jo du.

Asteartean Gipuzkoan Lapurdirantz izandako auto-pilaketak. (@trafikoaEJGV)

Marisol Garmendia Gobernu espainolak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariak Gipuzkoako errepideetan asteartean mugatik gertu izandako «kaosaren» atzean Lakuako Segurtasun Sailaren aurreikuspen falta dagoela esan du eta protokoloak berrikusteko eskatu dio.

Horren aurrean, Rodrigo Gartzia Lakuako Segurtasun sailburuordeak «positibotzat» jo du Ertzaintzak nekazariek muga mozten ari ziren bitartean zirkulazioa arautzeko abiatutako dispositiboa, naiz eta asteartean ia 40 kilometroko auto-ilarak izan ziren.

Astelehenetik asteartera 24 orduz blokeatu zuten nekazariek muga Irunen eta protestak trafikoaren kolapsoa eragin zuen Gipuzkoako ekialdeko errepide nagusietan, ia 40 kilometroko aldizkako pilaketekin. Blokeoa amaituta, Estatu frantsesetik zetorren trafikoa aregotu zen, geldirik egon ondoren.

Asteazken honetan kazetarien galderei erantzunez Marisol Garmendiak honakoa adierazi du: «Atzokoa erabateko kaosa izan zen Espainiako aldean, Frantziakoan ez zelako arazorik izan». «Hor utziko dut», gaineratu du. Protokoloak «berrikusi» ditzan eskatu dio Lakuako Gobernuari, ezin delako «besoak gurutzatuta geratu».

Segurtasun Sailetik gidariei «pazientzia eskatzea ondo dago», esan du, baina argi utzi du administrazio publikoak «arazoak konpontzeko» daudela, «ez arazoak eragiteko».

Halaber, protestarako muga ixtea «ezin da berriro bertatu», Garmendiaren ustez, besteak beste, ondorio ekonomikoak «oso garrantzitsuak direlako, ez garraiolarientzat bakarrik, baita sektore batzuetan ere».

Rodrigo Gartzia sailburuordeak Euskadi Irratian adierazi duenez, Ertzaintzak protestan istilurik ez gertatzea lortu zuen, eta nekazariek protesta egiteko eta bide-segurtasunari eusteko duten eskubidea bermatzeko helburua bete zuen.