INFO

Industria produkzioa %1,4 murriztu da apirilean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan iazkoaren aldean

EAEko industriaren produkzioa %4,9 murriztu da apirilean aurreko hilabetearekin alderatuta, Eustat estatistika institutuak jakinarazi duenez. Iazko epe berarekin alderatuta, %1,4 gutxitu da.

Makina-erremintaren Biurteko Azoka Barakaldon. Makineriaren sektoreak gorakada izan du. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industriaren produkzioa %1,4 gutxitu da apirilean aurreko urteko hilabete beraren aldean, lan egutegiko «baldintza homogeneoetan». Aurreko hilaren aldean, berriz, EAEko industriaren jarduera %4,9 murriztu da, dagozkion urtaroen ondorioak zuzendu ondoren, Eustat estatistika erakundeak emandako datuen arabera.

Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, kontsumo ondasunek urte arteko portaera negatiboa izan dute apirilean, produkzioa %7,3 murriztu baita, kontsumo ondasun ez-iraunkorren %5,3ko eta kontsumo ondasun iraunkorren %16,5eko jaitsieren ondoren.

Halaber, energiaren produkzioa %3,2 jaitsi da apirilean aurreko urteko hile beraren aldean, eta bitarteko ondasunena, %2,4. Ekipo ondasunen produkzioa, aldiz, %5,8 igo da aurreko urteko apirilaren aldean.

EAEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, energia elektriko, gas eta lurrunak (-%8,6), kautxu eta plastikoek (-%7,0) eta elikagaien, edarien eta tabakoaren industriek (-%6,6) izan dituzte beherakadarik handienak, eta makineria eta ekipoa (%7,0) eta garraio materiala (%3,7) sektoreek, aldiz, gorakadarik handienak.

Industriaren produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera negatiboa izan da apirilean Araban eta Bizkaian, %5,6 eta %3,8 jaitsi baita, hurrenez hurren; Gipuzkoan, aldiz, produkzioa %3,8 igo da.

Bestalde, industriaren jarduera %0,1 jaitsi da EAEn 2024ko lehen lau hilabeteetako metatuan. Kontsumo ondasunetan, apirilera arte metatutako produkzioa %1,2 jaitsi da, eta bitarteko ondasunetan %1,7; aitzitik, ekipo ondasunak eta energia gehitu egin ziren, %4,0 eta %2,4, hurrenez hurren.

Lurraldeka, 2024ko lehenengo lau hilabeteetako metatua balantze positiboarekin itxi da Gipuzkoan, produkzioaren %1,7ko igoerarekin; Araban, produkzioa %2,8 jaitsi da, eta Bizkaian %0,4, aurreko urteko aldi metatu beraren aldean.