INFO

‘Girgileria’, Maider Ramirezek euskarara itzulitako Juana Dolores katalanaren poema bilduma

Maider Ramirez itzultzailea eta Hedoi Etxarte, Katakrakeko editorea, izan dira ostegun honetan Donostiako Liburutegiko Mandasko Dukearen aretoan, Juana Dolores poeta katalanaren ‘Girgileria’, katalanez idatzitako ‘Bijuteria’ bildumaren euskarazko itzulpena aurkezten.

Maider Ramirez, ‘Girgileria’ bilduma eskuetan duela (Gorka Rubio | FOKU)

‘Girgileria’ du izenburu Juana Dolores poeta katalanaren ‘Bijuteria’ lanaren itzulpenak, Katakrak-ek argitaratua. Aurkezpenean Hedoi Etxartek aipatu duenez, poema-bilduma liburu bat da, baina ez poesia bakarrik: «Honekin esan nahi dut kontzeptu bat dagoela hau guztiaren atzetik. Katakrakek ez zuenez poesiazko liburuak egiteko esperientziarik, honen lanketan egilea oso gainean egon da. Horrek ere liburuarengana hurbiltzeko orduan beste panorama batean jarri gaitu. Prozesu honetan, guztiok pozik utziko gintuen zerbait egin nahi genuen, azaletik hasita», nabarmendu du.

Ramirezek erantsi du ‘Bijuteria’ euskarara ekartzea, ‘Girgileria’ osatzea alegia, egin duen «lehenengo itzulpen lan argitaratua» izan dela. «Proposamena jaso nuenean, hasiera batean beldurrez eta intseguritatez hartu nuen, baina gero beldur eta intseguritate hori ilusio bihurtu zen. Niretzat lan hau egitea sekulakoa izan da, izan ere, horrela hasi da nire ibilbide profesionala, justu gradua amaitu eta ia berehala itzulpen bat argitaratzeko aukera izan dut».

Poema-bilduma honen egilea, Juana Dolores, 1992an jaiotako poeta eta antzezle katalana da. Bere ikasketak L’Escola Superior d’Art Dramàtic de l’Institut del Teatre-n egin zituen eta, ondoren, Universitat de Barcelona-n literatur ikasketak burutu ditu ere. @HYBRIS.VIRAL proiektu zibernetikoaren sortzaile eta koordinatzaile da. 2020. urtean ‘Bijuteria’ izeneko bere lehenengo poema-bilduma argitaratu zuen Gelarada argitaletxearen eskutik eta honekin 2020ko 56. edizioko Amadeu Oller saria irabazi zuen, gainera.

Bilduma hau, poemaz betetako liburu bat baino gehiago da. Liburua, lehen orrian, izenburuaren definizioarekin hasten da. Etxartek garrantzia eman dio honi, pasartea irakurriz: «‘Girgileria’, femeninoa. 1. Eskuzko lanbideak. Material ez-nobleekin egindako fantasiazko bitxien fabrikazioa eta salerosketa. 2. Bitxi horien multzoa». Berak adierazi duenez, «bokaziozko bitxien bilduma bat da eta badu nolabait ere material ez-nobleekin eginiko bitxiak diren ideiak».

Ramirezek poemen itzulpegintza lana nolakoa izan zen azaldu du: «Egilea oso gainean egon da poemak itzultzerako momentuan, baina nik asko eskertzen dut hori. Niretzat oso lagungarria izan da, ez bakarrik zalantzak galdetzeko orduan, nigan konfiantza jarri duelako baizik, eta asko eskertu dut hau. Oso ondo egin dugu lan elkarrekin».

Aurkezpenari amaiera emateko, irudien nondik norakoak azaldu ditu Etxartek. Punk klasikoan oinarritutakoak dira. Izan ere, klasikotasun hori gordez eta gaur egungo xarma emanez sortutako irudiak direla erran du: «Alde batetik, baditugu klasikotzat dauzkagun elementu onak, salbatu behar ditugunak, eta, beste aldetik, guztiz apurtu behar ditugunak».