INFO
Entrevista
Ainhoa Escobal
Kaikuko arraunlaria

«Aukera gehiago izango ditugu igotzeko, iaz argi geratu zen»

Iaz ETE liga irabazi zuen Kaikuk, klubaren mendeurrenean. Euskotren Ligara igotzeko kanporaketak jokatu, eta hirugarren egin zuten. Escobalek uste du aurten banderen lehian traineru gehiago egongo direla. Bizkaiko Txapelketa irabazi berri dute, eta Euskadikoa jokatuko dute igande honetan Donostian.

Ainhoa Escobal Kaikuko arraunlaria, Sestaoko klubean. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Denboraldi gogoangarria egin zuen iaz ‘Bizkaitarrak’, ETE liga irabazita. 2018an uretaratu zuten estreinakoz andreen ontzia, baina, bi sasoi egin ostean, berriz ere lehorren geratu zen, iaz arte. «Liga irabaztea ez zuen, ez guk, ez inork espero», esan du Ainhoa Escobal (Sesato, 2003) Kaikuko arraunlariak. Aurtengoari begira, uste du liga «politagoa» izango dela, banderen lehia handiagoa edukiko dutelako. ETE ligako lehen jardunaldia ekainaren 22an hasiko dute.

Datorrena Euskadiko Txapelketa da. Sestaotarrek ohorezko txandan egingo dute arraun Arraun Lagunakekin –Gipuzkoako txapelduna–, Tolosaldearekin eta Ondarroarekin batera, eta lehenengoan Oriok, Donostiarrak, Deustuk eta Zumaiak egingo dute.

Iaz bezala, aurten ere Bizkaiko Txapelketa irabazi duzue.

Ez genekien besteekin zelan arituko ginen, denboraldiaurre eskasa egon delako. Jaitsiera asko kendu dira, eta duela hilabete asko ez genuela elkar ikusten. Konturatu gara, behintzat, maila badugula. Moldatu gara itsasoan.

Lekeition jokatu zenuten estropada. Ondarroa bigarren geratu zen, eta Deustu hirugarren. Nola joan zen?

Estropada zaila izan zen. Lekeition itsaso zakarra zegoen, olatu zailak zeuden hartzeko. Guk errioan entrenatzen dugu, eta agian hobeto moldatzen gara bertan. Baina itsasoan ondo aritu ginen, defendatu ginen.

Nolako sasoiaurrea egin du Kaikuk?

Denboraldiaurrean beti pentsatzen dugu oraindik goiz dela traineruan ondo ikusteko. Askotan jaitsieretan ez dugu emaitza onik izaten, urtarrilean eta otsailean egiten direlako, eta oraindik hilabete asko falta direlako liga hasteko. Orain ikusiko dugu hilabete hautako lan saioek zertarako balio izan duten.

Jaitsiera gutxi egin dituzue.

Bai, aurten eguraldia dela-eta, jaitsiera batzuk bertan behera geratu dira, eta negua apur bat luze joan da zenbaitentzat. Guk hiru egin ditugu. Ez dakit besteren bat egon den, uste dut baietz, bat edo bi gehiago, baina ez beste urteetan bezainbeste. Ikusi dugu astiro-astiro erritmoa hartu dugula, eta orain ikusiko dugu zer egiteko gai garen.

«Gazteak izanda asko zailtzen du ikasketen kontuak [...] Taldea egitea eta mantentzea garrantzitsua izango da, eta hori lantzen ari gara»

Gutxi lehiatzeak asko baldintzatzen du zuen jarduna?

Guk esaten dugu lehia kalitatezko entrenamenduak direla. Lan saioak agian zailagoak dira fisikoki, eta gero estropadan islatu behar duzu zer egiten duzun entrenamenduetan. Orduan, bai, agian jaitsierak edo estropadak ez egiteak zailtzen du pixka bat gure jarduna, baina beharbada gehiago mentalki, entrenamendu asko astean zehar egiten baititugu. Hortik mentalki deskonektatzea gehiago kostatzen zaigu.

Bederatzi arraunlari joan, eta 11 etorri dira. Hainbeste aldaketekin zaila izango da ontziari jarraikortasuna ematea, ezta?

Apur bat zaildu zaigu denboraldia, etorri eta joan diren arraunlariekin. Negua luzea da, eta ondo entrenatu dugula uste dut. Joan den igandean ikusi genuen pixkanaka-pixkanaka, guk ere geure burua konbentzitzeko, entrenamenduak ateratzen direla, eta traineruak aurrerapauso bat emateko aukera duela.

Etorri direnetatik, bizpahiru edo Kantauritik etorri dira, ezta?

Bai, Kantauritik etorri dira. Beraiekin lehiatzen gara trainerilletan eta bateletan, elkar ezagutzen dugu. Gu bezala, gazteak dira; baina espero dugu, gazteak izanda ere, beraiek ere eustea eta gurekin pixkanaka-pixkanaka geratzea, eta taldea osatzen joatea.

Multzo gaztea izanda, garrantzitsua izango da arraunlariak taldean jarraitzea, ezta?

Bai, gazteak izanda, uste dut ere askotan zailtzen duela ikasketen kontuak. Gazteak gara, eta garrantzia handiagoa ematen diegu ikasketei, normala denez. Horrek zaildu egiten du entrenamendua eta diziplina mantentzea. Jendeak utzi behar izaten du. Taldea egitea eta mantentzea garrantzitsua izango da, eta hori lantzen ari gara.

Liga irabazteaz gain, Kontxarako sailkapena ere lortu zenuten. Ikusita eskarmentu handirik ez zenutela, balorazio ona egiten duzue iazkoaz?

Bai, oso-oso ona. Uste dut ETE liga irabaztea ez genuela ez guk ez inork espero, lehen urtea zelako. Euskotren Ligara igotzeko kanporaketak jokatzea sari bat baino gehiago izan zen, egin genuen denboraldirako. Balorazioa oso ona izan da, eta aurten ikusiko dugu zein izango den. Ezin dugu espero urtero berdina aterako denik, gainerako traineruak ere entrenatzen direlako, eta gu bezainbeste saiatzen direlako. Haiek ere saiatuko dira, iaz Zumaiarekin egin bezala, Euskotren Ligako kanporaketak jokatzen, baita Kontxarako sailkatzea ere. Beste sei gehiago gara, eta beraiek ere haien jarduna egingo dute.

Aurtengoari begira, zeri erreparatuko dio Kaikuk?

Taldea berriro ikustea zer moduz moldatzen den estropadetan, bai itsasoan, bai errioan. Eta ikustea eta konfiantza hartzea guregan. Helburua? Estropadaz estropada joango gara, eta ikustea besteen aldean zer moduz gauden.

Beharbada zuentzat erronkarik handiena itsasoan hobeto aritzea da, ezta?

Bai, itsasora joateko beti mugitu behar gara, hemen ez daukagu. Baina bai, itsasoan ondo aritzea, guk ikustea ondo moldatzen garela ere, konfiantza hori igotzen da, eta agian lasaitasuna ematen du estropada bat pixka bat zatarra jartzen baldin bada, ikustea eta esatea, egin ahal dugu, eta atera ahal da estropada on bat.

Aurten beharbada gorengo mailara igotzea errazagoa izango da? Kontuan izanda iaz seigarrenaren aurka jokatu zenutela, eta aurten azkenaren aurka egingo duzuela.

Bai, aukera gehiago izango dira. Iaz uste dut argi geratu zela. Hibaikak jokatu zuen kanporaketa, baina berez ez zuen jokatu behar, seigarrenak baitziren Euskotren Ligan. Zazpigarren geratu zen traineruarekin lehiatu ahal izango bagenu, ez dakit nik ba. Bermeon eta Portugaleten, bai Zumaiak, baita guk ere, estropada onak egin genituen, maila on bat eman genuen, eta ikusi zen beraiekin egon ahal ginela. Ez dakit zer moduz joango litzaiekeen beste batek jokatuko balitu kanporaketak. Aurten Galiziakoek ez dute tokia bermatuta izango Euskotren Ligan. Beraz, beharbada kanporaketen estropada hori... ondo egongo da [barrez].

«Aurten uste dut politagoa izango dela. Traineru gehiago egongo dira banderen lehian»

Nola ikusten duzu ETE liga?

Aurten uste dut politagoa egongo dela. Iaz, hasieran, Zumaia eta gu egon ginen hor goian, eta gero apurka-paurka adibidez Zarautz, hor egon zen banderen lehian, eta besteren bat ere maila on samarra ematen. Baina agian beti ziren berdinak, eta aurten uste dut traineru gehiago egongo direla lehian. Ez dakit nik banderak beti traineru berberak eramango dituen. Eta hori, kanpokoentzat polita izango da, eta estropada onak egingo ditugu.

Goiko postuetan baliteke aldaketak egotea, beraz. 

Nik uste dut baietz. Iaz traineru batzuentzat ere lehen urtea zen, edo bigarrena, baina talde berria egiten, eta horrek denboraldia moteltzen du. Ikusi genuen ere abuztuan traineru gehiago zeudela ekainean baino, eta horrek esan nahi du zenbat eta estropada gehiago jokatu, orduan eta maila handiago dutela ontziek. Urte bat pasatu da, eta estropada gehiago ditugu, entrenamendu gehiago egin ditugu. Bigarren urte honetan traineru horiek ere maila handiagoa izango dute, eta lehia politagoa izango da.

Datorrena Euskadiko Txapelketa da. Arraun Lagunaken eta Tolosaldearen txanda berean arraun egingo duzue.

Guk gure estropada egingo dugu, ikusteko beste eremu batean zer moduz moldatzen garen. Besteekin? Badakigu zer-nolako maila duten. Baina, lehen esan bezala, kalitatezko entrenamendu bat egingo dugu. Gu gurera, eta aztertuko dugu zer-nolako emaitzak ateratzen ditugun.