INFO

Guggenheimek bere bildumako artistak ‘lotzen’ dituen tresna digital bat sortu du

Bilboko Guggenheim Museoak tresna digital berritzaile bat aurkeztu du bere bildumako artistak modu interaktiboan ezagutu ahal izateko. Tresna ‘Kosmo’ deitzen da eta bitxia da oso.

Konstelazio itxura du bildumak eta, klik eginez, haien arteko loturak ikertu daitezke. (NAIZ)

Bilboko Guggenheim museoak tresna birtual berri bat aurkeztu du, bere bilduman ordezkatutako artistak modu dinamiko eta bisualean lotzen dituena. ‘Kosmo’ izeneko esperientzia digital honek kontsultarako aukera zabala eskaintzen du interfaze intuitibo baten bidez, baita esplorazio-eta aurkikuntza-ibilbide desberdinak sortzekoa ere, eta, museotik nabarmendu dutenez, «esperientzia birtual paregabea eraikitzea ahalbidetzen du». Erreminta dagoeneko dago eskuragarri museoaren webgunean.

Esperientzia honen abiapuntua artistekin osatutako konstelazio bat da, eta bertan ageri diren elkarguneek haien arteko loturak erakusten dituzte

Artisten irudien gainean klik eginez hainbat baliabide zabaltzen dira eta aukera ematen dute haien biografiak, artelanak eta museoan ikusgai egon diren erakusketak ezagutzeko, baita bibliografiak, haiekin zerikusia duten bildumako gainerako artistak, bideoak eta dokumentalak ere, haien sorkuntza-lengoaiak are gehiago hurbiltzen dizkigutenak.

Hortik aurrera, eta iragazki batzuen bidez, korronte edo mugimendu artistiko zehatzen arabera, lantzen dituzten adierazpideen arabera edo beren jaiotza-hamarkaden arabera taldekatu daitezke. Gainera, artista horietatik bertokoak edo estatukoak zeintzuk diren jakiteko aukera ematen du, baita iraunkorki ikusgai dauden obrak zeintzuk diren jakitekoa ere.