«Hemen da ziklo aldaketa», adierazi du Otegik EAEn lortutako garaipena nabarmenduz
Este navegador no soporta el elemento audio.
Iruñeko Alde Zaharreko Katedral hotelean bildu dira EH Bilduko ordezkari eta kideak boto zenbaketari ekiteko. Eta bertatik nabarmendu du Arnaldo Otegik aspaldi «ziklo aldaketa» aipatzen ari direla eta hori berrestera datorrela arrakasta berri hau.
Hauteskunde kanpainako azken ekitaldian «ametsa eta erronka», biak bota zituela gogoratu du Otegik. Eta biak lortu ditu EH Bilduk: emaitza handia eta Barrena soilik euskal botoen bultzadari esker Europara eramatea.
Gaurkoan bereziki EAEn eskuratutako emaitzari erreparatu dio Otegik, «itsas aldeko Nafarroa» aipatuz, bertan EH Bildu lehen indarra bilakatu delako. «Ondo entzun dezatela!», eskatu du.
Testinguru horretan, «Historian lehen aldiz nire herrian irabazi dugu, Elgoibarren!», esan du umoretsu koordinatzaile nagusiak. «Gora San Fermin!» ozen batekin amaitu du hitzaldia, bi asteotan ekitaldi askotan egin duen bezalaxe. Balorazio sakonagoa egingo du EH Bilduk astelehenean.
Emaitzak ofizialki zabalduak izan aurretik jada baikor mintzo da Miren Zabaleta, Lehenengo balorazioan, ikastetxeetako jasotako zenbait datu eskutan, «oso emaitza onak izan ditugula» aurreratu du, txalo zaparrada askatuz. Egindako lanarengatik eskerrak eman ditu Zabaletak eta Pernando Barrena Europar Legebiltzarrean berriz «enbaxadorea» izango delako pozik ageri da.
Barrena, etorkizunari begira
Ospakizun giroa ilundu gabe, Europar Legebiltzarraren osaketa kezkagarria badela onartu du Pernando Barrenak bere hitzaldian. «Austerizidioa» eta «belizismoa» neurri batean garaile atera direla esan ondoren, EH Bilduk horren kontra gogor egingo duela berretsi du karguari eutsi dion eurolegebiltzarkideak.
«Herri proposamena emango dugu Europara, zazpi herrialdeak biltzen dituena –erantsi du–. Euskal herritarrek honela erabaki ezkero, Estatu izateko eskubidea dugula aldarrikatuko dugu han, Estaturik gabeko beste nazioekin batera».
Otegi NAIZ Irratian
Igandeko zitak utzitako emaitzak sakonago aztertzeko EH Bilduren Mahai Politikoaren bileraren aurretik, NAIZ Irratiko mikrofonoetatik pasa da Arnaldo Otegi, eta nabarmendu du pasa berri diren bozek hausnartzeko hainbat faktore utzi dituela ere. Ipar Euskal Herriko emaitzez oso garbi adierazi nahi izan du Lapurdi, Nafarroa Behereko eta Zuberoako jendea ez dela «faxismoarekin» lerratu.
Arnaldo Otegiren ustez, Estatu frantseseko emaitzen atzean bi arrazoi nagusi daude: Emmanuel Macronen Gobernuak gerraren alde eginiko «abangoardia» lana zigortzeko nahia, «jendeak ez duelako gerrarik nahi», eta immigrazioaren aferak sortzen duen kezka. Bigarren honetan eskuinak eta eskuin muturrak beren markoa oso erraz kokatzen duten bitartean, ezkerraren planteamenduak garbiagoak behar luketela azpimarratu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
Testuinguru horretan, Europaren proiektua ahultzen duten erabakien aurrean –AEBen mende egotea, «abentura militaristak» edota «austerizidioa»–, Batasunaren sorrerako printzipio eta oinarrietara itzultzea defendatu du Otegik.
Ebrotik beherako emaitzez adierazi du PPk, Voxek eta «Torrente politiko» gisa definitu duen Alvise Perezen Se Acabó La Fiesta hautagaitzak batutako botoek argi adierazten dutela zein den «Estatuko soziologia». «Horregatik, galdetzen digutenean zergatik garen independentistak, ez dugu argudio gehiegirik eman behar». Gainera, ezkerraren borroka «fratrizida eta kainitak» ere izan ditu hizpide, Euskal Herrian EH Bildu bezalako «fronte zabal eta plural» batek izan duen bilakaera eta emaitzekin kontrajarriz.
Ildo horretan, Otegik uste du jendeak saritu egiten duela koalizio subiranistaren jokabidea: beraietaz bakarrik hitz egitea kanpainan, ez besteetaz, «etsaiz ez tronpatzea» eta esaten dutenaren eta egiten dutenaren arteko koherentzia.
Ziklo politikoaren kontsolidazio horren aurrean EH Bilduk heldu den urte hasieran egingo duen kongresuarekin koalizioa beste batean sartuko dela azaldu du Otegik.
Hori iritsi aurretik, Gasteizko Parlamentuan lehendakaria hautatzeko prozesuaz ere mintzatu da, eta nabarmendu nahi izan du momentuz ez dakitela zein den EAJk eta PSEk aurkeztuko duten gobernu programa, ez baitaude ados etxebizitza alorrean, hezkuntzan edota Osakidetzan.
Koalizioak Pello Otxandianoren hautagaitza aurkeztuko ote duen galdetuta, esan du ez dutela oraindik ezer erabaki eta lehenik gobernu programa hori ezagutu behar dutela, «irrikitan» daudela. EAJ eta PSEren proposamena «ni-ni programa» bat baldin bada, Otegik azpimarratu du «herri honek merezi duela» alternatiba bat aurkeztea eta haren proposamenak entzutea.