INFO

Oarsoaldeko Eskola Kiroleko mugikortasun jasangarriaren sariak banatu dituzte

Bizirain Ikastolan, Errenterian, egindako ekitaldi batean ikasturtean zehar eskola kirolera joateko mugikortasun jasangarriko bitartekoak erabili dituzten ikastetxeak zein ikasleak saritu zituzten pasa den ostiralean.

Oarsoaldeko Eskola Kiroleko mugikortasun jasangarriaren irabazleak (Errenteriako Udala)

Oarsoaldeko eskola kirolaren parte diren eragileek, duela urte batzuk, arreta jarri zioten honi: haurrek larunbatetako jarduetara joateko gehien erabiltzen zuten desplazamendu modua bakoitza beren autoan joatea zen

Kirola egitera joateko haur bakoitzak auto bat hartu behar izatea inkoherentzia hutsa zela ikusita, ingurumenarekiko ardura eta desplazamendu jasangarrien aldeko apustua egin zuten. Hori horrela, 2013/2014 denboraldian desplazamendu jasangarriak erabiltzeko plana jarri zuten martxan.

Plan honen jomuga, bakarkako autoaren erabilera murriztea eta bizikletaz, oinez, garraio publikoan zein auto partekatuan gehiago mugitzea zen. Horretarako, hainbat ekimen jarri zituzten martxan: gurasoak desplazamendu jasangarriak egitera animatzea, bizikletaz higitzen diren haurrak saritzea, etab.

Proiektu hau martxan jarri zenetik, haurren desplazatzeko modua aldatu egin da, hauetan, bizikletaren erabileraren hazkundea nabarmenduz. Aurtengo denboraldian, denen ahaleginari esker, haurrak larunbatero eskola kirolera txirrindulaz joatea normaldu egin da. Aipatzekoa da gainera, aurtengo ikasturtean 6.500 mugimendu berde izan dituztela eta higialdi guztien %46,18a suposatzen duela honek.

Ikasturte honetan, datu onenak lortu dituzten ikastetetxeak eta ikasleak eta ondorioz sariak jaso dituztenak hauek izan dira: Bizikletan desplazamendu gehien egin dituena Bizarain Ikastetxea izanik, bi bizikleta jaso ditu sari moduan; desplazamendu jasangarri gehien egin dituen ikastetxea Koldo Mitxelena izanik, sari gisa bizikleta bat jaso du: eta azkenik, Pasaia Lezo Lizeoako Zura Sistiaga izan da aurtengo ikasle irabazlea, eta patinete bat oparitu diote, 20 jardunalditara joan baita bizikletaz.

Eskualdeko 11 ikastetxeetako 442 ikasle izan dira urtean zehar gutxienez desplazamendu bat bizikletaz egin dutenak. Guztien artean bizikleta bat zozkatu dute eta sariduna Lezo Herri Eskolako Danel Martin izan da. Amaitzeko, gutxienez behin txirringaz desplazatutako 442 haur horietako bakoitzak opari bana jasoko du.