Kanariarrek salbatu dute EAJ eta EH Bilduk bere kabuz lortuko luke aulkia
EH Bildu bakarka aurkeztu balitz hauteskunde europarretara, eserleku bat lortuko luke Legebiltzarrean; EAJk, berriz, zero. Are, CC Kanariar uharteetako koalizioaren 68.000 botoei esker lortu du CEUSek Oihane Agirregoitia (EAJ) zerrendaburuaren ordezkaritzari.
Euskal Herriko alderdien siglak daramatzaten koalizioek, Orain Errepublikak (EH Bildu) eta CEUSek (EAJ), igandeko bozetan izan zituzten emaitzen irakurketa neurritsuak lehen kolpeko ondorioak berresten ditu: ezker subiranista indartuta ateratzen ari da azken hauteskundeetan, edozein dela ere bozen norabidea, eta jeltzaleak gero eta ahulagoak dira eszenatoki instituzional orotan. Bada datu esanguratsu bat irakurketa hau azpimarratzen duena: EH Bildu bakarka aurkeztu balitz hauteskunde europarretara, eserleku bat lortuko luke Legebiltzarrean; EAJk, berriz, zero. Are, CC Kanariar uharteetako koalizioaren botoei esker lortu du CEUSek Oihane Agirregoitia (EAJ) zerrendaburuaren ordezkaritzari eustea, gutxigatik.
EH Bilduk Euskal Herrian lortu dituen emaitzak koherenteak izan dira parte hartzearen jaitsiera handiarekin: 2019an baino 12,46 puntu altuagoa izan da oraingoan abstentzioa, baina botoen %8,16 galdu ditu soilik Pernando Barrenaren taldeak. Emaitza horiekin, 276.828 boto eskuratuta, bere kabuz lor zezakeen aulki bat Europako Parlamentuan; izan ere, Estatu espainiarrean eurodiputatu bat lortzeko langa 263.065 bototan ezarri zuen igandean esleitu zen azken eserlekuak (PSOErentzat izan zen).
Bestalde, Orain Errepublikak koalizioak ordezkaritza duen lurraldeetara fokua zabalduz, eta abstentzio altua kontuan hartuta, soilik Katalunian egin du behera talde subiranistak; hori bai, nabarmen: ERCk, koalizioan herritar kopuru altuena ordezkatzen duen taldeak, maiatzaren 12ko Kataluniako hauteskundeetan hasi zuen erorialdian ez du paraxutik zabaldu, eta botoen erdiak galdu ditu 2019ko bozetatik. Gainontzeko indarren emaitza onek lortu dute galera horrek ekar zezakeen odolustea geldiaraztea.
BNGrena da, EH Bildurekin batera, koalizioaren barneko beste garaipen esanguratsua. 179.905 babes lortuta, abstentzioa apenas nabaritu du alderdi subiranista galiziarrak –8.000 boto eskas galarazi dizkio– eta indarrez egin du gora bere herrialdean boto portzentajean, 2019ko Europako hauteskundeetako %11,8tik igande honetako %16,13ra.
Orain Errepublikak sinadurara batu den azken taldeak, Ara Mes balearrak, txikia izanagatik, halako ekarpena egin dio koalizioari (16.457 boto lortu ditu irletan), baina ez dira emaitza txarrak, kontuan izanda Sumar eta Podemosen aurretik geratu dela, botoen %5,17rekin.
Ordezkaritzarik ez duen Estatuko lurraldeetan, Orain Errepublikak taldeak 29.156 babes lortu ditu, bere botoen %3,4. Madrilgo Erkidegoan, 7.485 lagunek eman diote botoa koalizio subiranistari
Gainontzean, Orain Errepublikak-en ezein alderdik ordezkaritzarik ez duen Estatuko lurretan, ia 30.000 paper jaso ditu Diana Riba (ERC), Pernando Barrena (EH Bildu) eta Ana Miranda (BNG) Europan eseriko dituen koalizioak. Ultraeskuina ahal beste galgatu eta naziorik gabeko estatuen ahotsa ozentzeko ardura izango dute hiru ordezkariok, kanpainan nabarmendu dutenez.
CEUS, justuan
Euro honen ifrentzuak bestelako aurpegi bat erakusten du, eta ezin abstentzioari errua bota. Aurrez esan bezala, igandeko parte hartzea %12,46 puntu jaitsi da Hego Euskal Herrian 2019koaren aldean, baina dezente handiagoa izan da EAJren galera: babesen erdiak galdu ditu, 202.862 botora husteraino, eta, emaitza horiekin, Oihane Agirregoitia ez litzateke Europako aulkira iritsiko, koalizioko gainontzeko kideengatik ez balitz. Eta, hala ere, aulkiaren ‘prezioa’ 260.000 boto ingurukoa izan zela kontuan izanda, gutxigatik lortu du ordezkaritza atxikitzea.
Zehazki, CCk jaurti dio salbagailua, nahiz eta talde kanariarraren erorikoa izugarria izan den (2019an baino 118.220 boto gutxiago jaso ditu): haiek jaso dituzten 68.152 botoengatik ez balitz, Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioak ez luke ahotsik eramango Estrasburgora, Balearretako PI (Proposta per les Illes) taldea ezdeusa izan baita igandeko hauteskundeetan, apenas 3.058 babes lortuta.
Ez da 7.000 botora iritsi ordezkaritza politikorik ez duen Estatu espainiarreko erkidegoetan lortutako babesa eta, beraz, CEUS koalizioa 281.064 botoraino ahuldu da Europar Parlamenturako hauteskundeetan. Bruselako ganberan ordezkaritza berbera mantentzea lortu duen arren, Agirregoitiak, aulki bakarrarekin (Izaskun Bilbao jeltzalearena izan da aulkia orain arte), irabazi duena baino askoz gehiago galdu du, 2019tik hona 352.026 pertsona gutxiagok eman baitiote botoa.